Turismo azpiegiturak modernizatzeko 246.000 euro bideratuko ditu aldundiak

Erredakzioa 2024ko urr. 22a, 16:27

Sobrongo Zubi Zuria berreskuratu eta begiratokia paratuko dute bertan. Argazkia: PHOT.OK

Santa Katalina lorategi botanikoan seinale irisgarriak jarriko dituzte, Sobronen begiratoki bat eraikiko dute, eta Guardian Katximorro eta Dantzarian oinarritutako bi erraldoi berri sortuko dituzte.

Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak 246.810 euro baino gehiagoko diru laguntza emango du Arabako hamazazpi udalen hamazortzi inbertsio proiektu gauzatzeko.

Besteak beste, Santa Katalina lorategi botanikoan eta udalerriko autokarabanen eremuan bisitariarentzako informazioa modernizatuko da, interes turistikoko informazioa, mapak, argibideak eta datuak dituzten kartel irisgarriak jarriz. Halaber, Erdoñako jolas eremuak baliabide turistiko gisa duen balioa areagotuko da, dibertsitate funtzionala duten pertsonak kontuan hartuko dituen hegaztien behatoki bat instalatuz. Hala, hegaztiak kantuaren bidez bereizteko eta ikusmenaren eta entzumenaren bidez errazago orientatzeko tresnak izango ditu.

Bestalde, Estulizko gaztelua errealitate birtualeko teknologien bidez aurkeztuko dute, ondare eta turismo baliabide horren balioa nabarmentzeko. Gainera, ekitaldiak eta bisita gidatuak egiteko mikrofono eta bozgorailu ekipo berri bat finantzatuko da, eta Gaubeako turismo intereseko beste guneen seinaleztapena hobetuko da (Valparaisoko San Martin, La Sebe egurrezko presa eta beste batzuk).

Guardiako erraldoiak

Guardian, udalerriko bi pertsonaia tipikoetan (Katximorro eta Dantzaria) oinarritutako bi erraldoi berri sortuko dituzte, emanaldiak eta kalejirak egiteko, eta ikusgai jarriko dira herriko turismo bulegoan lehendik dauden Nafarroako Antxo erregearen eta Blanca erreginaren erraldoiekin batera.

Zanbranan, berriz, informazio turistikoko gunea modernizatzea nahi dute, haren ondarea ezagutarazteko (Uraren Ibilbidea, Gazteluen Ibilbidea, Ozioko gaztelua, Zabalateko monumentu multzoa, Bergantzuko eliza-gotorlekua).

Halere, Lantaronen, Sobrongo Zubi Zuriaren zatia lehengoratu eta egokituko da, Ebro ibaiaren ertzaren eta haran osoaren gaineko begiratokia izan dadin. Lehendik dagoen errementeria konponduko da, segurtasun elementu berriak jarriko dira eta muturra beirazko gainazal batez itxiko da. Proiektu horri esker, gainera, Sobrongo oroimenari loturik dagoen zubia kontserbatzen dela bermatuko da.

Gasteizen, Villa Suso jauregiko halla egokituko da, bisitari taldeak hartzeko, irisgarritasun unibertsaleko erakusketa elementuak jarriz, pertsonek Erdi Aroko hirigune historikoari eta Zabalgunearen bilakaerari buruzko ezagutza areagotu dezaten.

Erlazionatuak

Estulizko gaztelua, 3Dn ikusgai

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute ots 27 Añana   Gaubea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago