Sobrongo erreskatea, gertuago

Erredakzioa 2024ko ira. 16a, 09:11

Sobrongo Zubi Zuria. Argazkia:PHOT.OK

Ebro ibaian korridore berde bat eta pasealeku bat eraikitzea, urak eramandako Zubi Zurian begiratoki bat kokatzea, eta bainuetxearen ontziralekua berreskuratzea aurreikusi du Lantarongo Udalak.

Urteetan abandonatuta egon ondoren eta berreskuratzeko hainbat ahaleginen ostean, Lantarongo Udalak Sobrongo bainuetxe zaharra berreskuratzeko ametsa alde batera utzi, eta txoko horrek duen ahalmen naturala garatzeko plan anbiziotsua aurrera aterako du. Horren barruan dago, besteak beste, Uraren Museoa berritzea eta erabateko aldaketa ematea, ontziraleku bat eraikitzea, korridore berde bat egitea Ebro ibaiaren ertzetik, eta 2016an uholdeek eraitsi zuten Zubi Zurian begiratoki bat kokatzea.

Hil honetan astindua eman diote proiektuari; izan ere, Next Generation Europako funtsei esker, proiektua garatuko eta zuzenduko duen talde teknikoa hautatzeko kontratu publikoa argitaratu du udalak; eta 49.753 euroko inbertsioa bideratuko dute proiektu teknikoa idazteko. Guztira, Sobrongo bainuetxe zaharraren inguruak berreskuratzeko, eta Ebro ibaiaren ertzaren ingurumena hobetzeko eta balioa emateko proiektuak 497.327 euroko inbertsioa du.

Hiru espazio

Hainbat jarduera aurreikusten ditu proiektuak, hiru zonaldetan banaturik: Presa auzoa, Uraren Museoaren ingurua (bainuetxe zaharra eta iturburua), eta Hondartzaren zonaldea (hondartzaren auzoa, Sobron Aventura eta Hotel Blanco). Batetik, 1906ko Zubi Zuri enblematikoa berreskuratuko dute, Ebro gainean begiratoki bat kokatzeko; halaber, ibaian korridore berde bat eta pasealeku bat eraikiko dituzte: aparkalekuaren, iturburuaren eta Uraren Museoaren artean egokituko dute ibilbidea, eta iturburua bisitak jasotzeko prestatuko dute; gainera, A-2122 errepidearen gainean pasabide bat eraikiko dute, ibilbidea museoarekin lotzeko. Bestalde, bainuetxe zaharraren instalazioen barruan zegoen frontoia eta zalgurdiak eta autoak gordetzeko eraikuntza ere berreskuratuko dituzte. Merendero bat ere jarriko dute gaurko Hotel Blancoren hondakinak dauden tokian; eta bainuetxe zaharraren ontziralekua birgaituko dute, Burgosko urtegian dagoenarekin lotzeko.

Bainuetxe zaharraren azpiegiturak, iturburua eta ingurune naturala biziberritzeko azken saiakera 2016an hondoratu zen, Sobrongo iturburua eta Soportillakoa lotzen zituen Zubi Zuria eraitsi zuen uholdearen ondoren. Ordutik, udalak erreferente naturala eta turistikoa sortzeko helburuarekin lan egin du bertan, "herritarrak finkatu eta erakarri ahal izateko". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago