Nefer Olaizola

"Garrantzitsua da euskarak plaza erdigunea hartzea"

Anakoz Amenabar 2024ko urr. 17a, 09:04

Nefer Olaizola, GEU elkartearen bulegoan. Argazkia: Erlantz Anda

GEU elkartea arduratu da, beste eragile batzuekin elkarlanean, larunbateko jaialdia antolatzeaz; "askotariko publikoak" batzea izango du helburu Gasteiz Euskararen Hiriak.

Hamabi orduz euskaraz jarduteko gunea izango da Andre Maria Zuriaren plaza larunbatean, hilaren 19an. Euskararen alde orain arte emandako pausoak aitortu, eta eman beharrekoak antolatzen hasteko topalekua izango da Gasteiz erdigunea. GEU elkarteak gidatuta, gozamenerako tarterik ez da faltako, Nefer Olaizola kideak azaldu moduan, kontzertu, haurrentzako jolas eta lehiaketa artean.

Euskararen Hiria al da Gasteiz?

Bai, bada bai. Hain justu, lantaldean hitz egin dugu Belarripresten hiria ere badela. Beti esaten dugu, Gasteizen egoera soziolinguistikoa dela eta, euskaldun potentzial handia duela, eta hor jarri behar dugu gure fokua eta gure indarra. Ezagutza maila oso altua da, %30 ingurukoa, eta hori nabaritu egiten da, nahiz eta erabilera baxua izan, %5 ingurukoa.

Zein asmorekin jaio da jaialdi hau?

Urteetan euskalgintzan lanean ibili diren lagunen lana aitortu nahi dugu; omenaldia edo behintzat lan horren erakusleihoa izatea nahi dugu. Euskararen alde lanean jende asko dagoela ikusarazi behar genuen, askotarikoa, eta hori jai eremura eramatea pentsatu dugu. Publiko desberdinarentzako eguna izango da, horretarako egunean antolatutako jarduerekin adin tarte guztiak hartzen saiatu gara. Batik bat, familientzako tartea izango da goiza, eta bestelako ekitaldiak prestatu ditugu arratsalderako. Era berean, euskaldunaren irudi mitiko hori alde batera utzita, aniztasuna bilatu nahi genuen. Askotariko publikoarentzako tartea izango da arratsaldea.

Lehiaketa bat ere bada.

Maila ezberdina duten euskaldunentzako lehiaketa bat antolatu dute euskaltegiek, Mintzalagun programarekin batera. Orientazio jolas moduko bat izango da, Alde Zaharrean hainbat pista jarraitzeko lehiaketa. Bien bitartea, drag queen batek girotuko du Andre Maria Zuriaren plaza, eta Pasadena eta Annekdotasen kontzertuak izango ditugu ostean. Gure ardura izan da edade guztietarako egitaraua prestatzea, eta Arabako artisten eskutik.

Mugimendu sozialetan nabaria da azken aldian parte hartzearen beheraldia. Zein da euskalgintzaren egoera?

Uste dut eutsi egin diola euskalgintzak. Joera bat ikusten dut bakoitza bere uhartetxoan lan egitekoa, baina joera orokortua dela esango nuke, ez bakarrik euskalgintzan. Elkarte, eragile eta lagun asko dago lan handia egiten euskararen inguruan Gasteizen, baina bakoitza bere aldetik doala iruditzen zait, bakoitza bere erronkei aurre eginez, eta askotan zaila da denok batera bide beretik jarraitzea. Ez dut uste ahul dagoenik euskalgintza, alderantziz, badago indarra Gasteizen, baina bakoitza bere bidetik ari da, eta bide beretik joatea falta da.

"Euskalgintzak badu indarra Gasteizen, baina bide beretik joatea falta da"

Bide horretan zer lan egiten du Geu elkarteak?

Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin jaio zen GEU elkartea, 1992an, eta horrekin batera Geu Gasteiz aldizkaria, batik bat euskaldun berriengana heltzeko helburuarekin. Eta, ibilbide horren ostean, gaur egun duen indarra eta babesa nabarmena da. Besteak beste, Mintzalaguna moduko proiektuak gidatzen ditu, Gasteizen 500 bat lagun euskaraz hitz egiteko biltzen dituen egitasmoa. Azkenaldian, gainera, beste pauso batzuk eman ditu; Oihaneder Euskararen Etxearen itxierarekin batera, beste elkarte batzuek hartu ditugu gure gain zenbait jarduera, eta horretan ari gara momentu honetan. Bestalde, GEUrekin Mendira edo Irakurle Kluba moduko jarduera finkoak ditugu, eta beste nobedaderen bat ere izango dugu. Justu aurreko urtean hasi ginen Zinez proiektuarekin, bere garaian Oihanederren egiten zen Begi-Belarri egitasmoaren jarraipen modukoa; dokumentalak eskaintzen zituzten, euskaraz, eta gero film horien inguruko solasaldia izaten zen zuzendariekin; hori bertan behera geratu zenez, Florida zinemekin elkarlanean, formatu berdina antolatzen dugu, eta, egia esan, arrakasta handiarekin, zine aretoa ia beteta.

Mintzalagunen kanpaina betean zaudete...

Hilabete amaiera arte izango da izena emateko aukera, taldeak erabat abenduan ixten ditugun arren. Mintzalagun kanpainarekin ari gara orain, bultzada behar duelako; nabaritu dugu pandemiatik hona jende asko galdu dugula bidean, 700 bat izango ziren lehen eta 500 bat gaur egun. Berriz ere zenbaki horietara lortzea gustatuko litzaiguke, helburu hori jarri diogu gure buruari. Ez dakit lortuko dugun baina horretan ari gara. Bestetik, Euskaraldia izango dugu udaberrian, eta horri begira ere bagaude; auzoetan hasi dira lanketak, eta Euskaraldiaren aurretik kultura arloko zenbait ekitaldi ere antolatu nahiko genituzke.

Gazteengana heltzen al da GEU?

Uste dut zaila dela, baina gazteek badituztelako beraien eremuak eta beraien proiektuak ere. Betiko leloa da nola erakarri gazteak, eta beharbada utzi behar zaie beraien gauzak egiten, besterik gabe. Gure kasuan, adibidez, sare sozialetan eragiten saiatzen gara, eta bada haiengana heltzeko modu bat. Instagramen, esaterako, zenbait elkarrizketa egin ditugu lagun ezagunekin, eta urte amaieran ere beste hainbat egitea da asmoa.

Izaskun Arrue Kulturgunea ere abian da. Nolako ekarpena egingo dio Gasteizi?

Gasteizek behar zuen gune hau, lehen Oihaneder behar zuen moduan. Topaleku bat behar genuen. Orain euskalgintza osoa batu eta espazio horri zer etekin atera diezaiokegun ikusi behar dugu; bultzada bat behar du, eta ikusi behar dugu nola eraiki dezakegun proiektu handiago bat jendearengana heltzeko.

Zergatik da garrantzitsua larunbateko jaia?

Euskarak kaleak hartu behar ditu, non eta erdialdean, nahiz eta beharbada gehiegi joaten garen erdialdera, baina uste dut espazio hori ere hartu behar dugula; plaza oso ezaguna da Andre Maria Zuria, han ikusten ditugu Azkena Rockeko zenbait kontzertu edo bestelako hainbat ekitaldi erdaraz; horregatik garrantzitsua da espazio hori euskarak ere hartzea. Egun polita izango dela uste dut, eta gustu guztietarako. Goizean familientzako, euskaldun berrientzako, lotsa kentzeko edo, besterik gabe, ondo pasatzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago