Ane Lindane (Bilbo, 1988) Errekaleor auzoan izan da bakarrizketa egiten. Umore politiko eta feminista egiten du nabarmen, eta bidea egiten dabil euskal komediaren panoraman, izan oholtza gainean zein sare sozialetan.
Nola sartu zinen umorearen mundu honetan?
Okupazioaren mundutik sartu nintzen. Bilboko okupazio bulegoan nenbilen, eta noizbehinka deitzen ziguten gaztetxe edo asanbladetatik hitzaldiak emateko. Abokatuek legeari buruzko kontu teknikoez hitz egiten zuten, eta nik hortaz ez dakidanez, okupatzean gertatu izan diren pasadizoak kontatzen nituen. Konturatu nintzen mundu guztiak barre egiten zuela, oso dibertigarriak direlako horrelako istorioak. Apurka-apurka ikusi nuen nire hitz egiteko eta azaltzeko modua dibertigarriak izan zitezkeela. Okupazioari buruzko umorezko bakarrizketa bat hasi zen sortzen hortik, eta gaztetxe eta halakoetan emanaldiak egiten hasi nintzen. Hor hasi zen dena.
Zure umoreak politikarekin lotura handia dauka. Nahita bilatzen duzu?
Normaltasun osoz irteten zait horrela. Oso pertsona politizatua naiz, hamahiru urte nituenetik militatzen nabil, IAn, Segin, Irola irratian ere hainbat urtez aritu naiz. Ezin ditut bereizi umorea eta politika. Bat datoz, nire bizitza osoa politikaz bustia dagoelako, eta beraz umorea ere bai. Guztiz naturala da.
Faxistei buruz hitz egiten duzu asko.
Bai, fatxek ikaragarri maite nautelako. Nik faxistekin daukadan harremana beti birtuala da, niretzat ez dira existitzen, mobilean agertzen zaizkidan letra batzuk dira, normalean gaizki idatzita gainera, kristoren akats ortografikoak egiten dituztelako. Niretzat fatxa klasiko horiek, interneten agertzen zaizkigunak, oso arrotzak eta exotikoak dira. Beste leku batzuetan elkarbizitza daukate halakoekin, baina hemen Euskal Herrian ez, oso arraroa da.
Sentitzen duzu hain politikoa izateak publikoa mugatzen dizula? Sektore konkretu batentzat egiten duzu umorea, edo publiko orokorrarentzako balio du?
Okupazio bulegotik hasi nintzen bakarrizketak egiten, eta gero Raquel Torresekin topatu nintzen, nirekin batera Despotorre ikuskizuna egiten duen beste bakarrizketalaria, lagun mina. Beragaz antolatu dugu Bilbon Despotorropen izeneko mikro irekia, gure espazioa sortu dugu, ez zegoelako ezer lehenago, hau dena zelaia zen lehen. Eta gauzak ondo egin ditugunez, burbuila batean bizi gara, feminista, politizatua, eta mundu guztiak onartzen du egiten duguna. Hasi gara emanaldiak egiten Euskal Herritik kanpo ere, burbuilatik irtenda, Madrilen adibidez, baina hain umore zehatza denez gurea, gugana datorren publikoa ere oso zehatza da. Mugatzen nauela? Imajinatzen dut baietz, baina ez dakit mugatu hitz egokia den. Ez zait inporta, ez dut fatxarik nahi nire publikoaren artean.
"Euskal Herrian emakume bat umorea egiten egotea ez da hain arraroa"
Zer harreman daukazu sare sozialekin? Asko erabiltzen dituzu.
Halabeharrezko harremana daukat. Berandu hasi nintzen, pertsona prekarioa naizelako eta ez neukalako Internetera konektatzeko modurik. Gainera, ezkerreko mugimendu politizatuetan askori gertatzen zaigu sare sozialak ikusten ditugula toki fribolo gisa, etsaiaren etxea bezala. Nik ere baneukan jarrera hori. Baina behin lagun batek esan zidan, pertsona prekarioa izanda eta umorea egin nahi banuen, sare sozialak behar nituela. Gaur egun sare sozialak ez izatea pribilegio bat da. Antonio Resinesek harro esango du ez daukala whatsappik, baina noski, Antonio Resines da, guztiz egonkortua dauka lana. Horregatik pentsatu nuen sareak behar nituela, erabili behar dudan tresna bat dira. Ez zait gehiegi gustatzen, baina gauza positibo asko ere eman dizkidate. Adierazteko espazio bat daukat, eta lan tresna ikaragarri ona da, nahiz eta zentsuratu izan nauten eta erasoak jasaten ditudan. Gainera, eskertzen dut 30 urterekin hasi izana, heldutasun gehiagorekin, bestela oso ezberdina izango zen esperientzia.
Duela gutxi izan duzu jazarpen istorio gogor bat sare sozialetan.
Azken hau ezaguna egin da, baina eraso eta mehatxuak egunero jasotzen ditut, batez ere sare sozialetan hasi nintzenetik. Jarraitzaileak igo ahala, haterrak ere igotzen dira. Beste batzuen artean, tipo hau hasi zitzaidan mehatxuak botatzen Twitterren. Nik beti bertxiotzen ditut haien erasoak, baina burla eginez, bestela gu garelako sortu nahi duten beldur horren bozgorailu. Orduan, burla egin nionez, berotzen hasi zen, eta audioak bidaltzen hasi zitzaidan, oso gauza gogorrak esaten. Nik guztia dokumentatu eta salatzea erabaki nuen, oso mehatxu larriak zirelako, baina zalantza eginez ea zenbateraino salatzen nuen jendeak ni sinisteko, askotan zaila izaten baita. Komisarian tratua oso txarra izan zen. Hasieratik esan zidaten ez zutela erasotzailea aurkituko. Nik gauzak mugitu nituen, eta 48 ordutan banituen tipoaren datu pila bat, izena, nongoa zen etab. Publiko egin nuen, eta elkarrizketa batean esan nuen zipayoak inutil hutsak eta mozkortiak zirela. Orain haiek salatu naute ni, eta Mozal legea jarri nahi didate. Horretaz aparte, oso polita izan da jaso dudan babesa. Ez dut nik erdigunean egon nahi, ez baita niri bakarrik gertatzen zaidan gauza bat, emakume guztiei gertatzen zaigu, sistematikoa da. Egiten dute, badakitelako zigorgabeak direla, Polizia eta estamentu guztietan aliatuak dituztelako.
Orain gutxi Bingen Zupiriak adierazpen batzuk egin ditu zuri buruz.
Bai, esan du ikertuko dutela ea nik irainak egin dizkiodan ertzainen "izen onari". Ez dut uste aurrera egingo duenik, eskandalua delako hau. Ertzainek biktima bat salatzea, esan duelako ez dutela bere erasotzailea ikertu? Burutik jota daude. Ez zaie komeni, erdi ezaguna naizelako eta gaitasuna daukadalako hau ezagutarazteko.
Antton Telleria komikoari galdera bat eskatu genion zuretzat: Hainbeste kolpe jasota, nondik ateratzen duzu aurrera jarraitzeko indarra?
Speedetik! Ez ez. Ba batzuetan ez daukat indarrik, ez pentsa. Kontua da erantzuten ditudanak bakarrik ikusten direla. Asko erantzuten ditut, baina beste asko besterik gabe blokeatu egiten ditut, gehienak. Hala ere, nik badakit egiten dudana zuzena dela, lubakiaren alde egokian nago. Agian egiteko moduak ez dira egokienak izango batzuetan, erratu naiteke, baina zuzen nago, egon behar den lekuan. Haiek dira etsaiak, eta oker daude, eta tontoak dira. Nondik ateratzen duzu odola emateko indarra? Ba egin behar delako, eta gero bokata bat ematen dizute gainera. Militantzia ere bada.
Zure ibilbidean erresistentzia asko topatu dituzu?
Euskal Herrian bi gauza gertatzen dira. Batetik, ez zegoela egindako biderik, gu ari gara stand-up munduan bidea zabaltzen. Ibilbiderik ez zegoenez, aurreiritzi askorik ere ez zegoen, eta ondo dago hori. Bestalde, Euskal Herria nahiko gizarte politizatu eta feminista da, "nahiko", beste batzuen aldean. Orduan, emakume bat umorea egiten egotea ez da hain arraroa, hemen emakumeek denetarik egiten dute. Kontatzen dute Madrilen areto bateko programatzaileek ez dutela emakumerik sartzen uzten, publikorik mugitzen ez dutelakoan. Hemen ez da halakorik gertatzen, orain arte ez zegoelako ezer. Bai gertatu izan zait batzuetan jendeak ez duela formatua ulertzen. Publiko izaten ere ikasten ari gara, txalo egin behar dela eta horrelakoak. Euskaraz egiten dudanean, gainera, askotan ez ditugu txisteak identifikatzen.
"Niretzat fatxa klasiko horiek oso arrotzak eta exotikoak dira"
Zuk euskaraz eta gazteleraz egiten duzu. Zein alde nabaritzen dituzu bien artean?
Agian gazteleraz erreferente gehiago ditut, baina euskarazkoak ere entzuten ditut. Ni elebiduna naiz, errealitate horretan bizi naiz, eta hori eskatzen didate. Badaude bloke batzuk euskaraz funtzionatzen dutenak eta gazteleraz ez, eta alderantziz. Beste batzuk itzuli daitezke, eta bietara egin. Elebiduna izatearen bitxikeriak.
Gertatu zaizu inoiz porrot egitea, jendeak ez erantzutea?
Bai, bai, bai. Beti esaten da hasierak txarrak izaten direla, eta askotan gertatu izan zait. Kontua da bizirauten duten umoregileak soilik ikusten ditugula, arrakasta izan dutenak. Besteak ez dituzu ikusten esanez hasieran porrot egiten zutela, oraindik ere porrot egiten dabiltzalako. Ez dut esango ni arrakasta izaten ari naizenik, baina gauzak ez doazkit hain gaizki. Hala ere, oraindik baditut egun txarrak. Denborarekin trebatzen zoaz, gogortzen eta ikasten, baina oraindik ere gertatzen da.
Nola hartzen du ezberdin publikoak umorea, gizon batek edo emakume batek egin?
Gaur entzun diot emakume umoregile bati, gizon inutilak bezainbeste emakume inutil dagoela, baina barkaberagoak garela gizonekin. David Broncanori onartzen diogu elkarrizketak batere prestatu gabe egitea, eta saio erdi inprobisatua egitea. Emakume batek gauzak horrela egingo balitu, gogorragoak izango ginateke. Gertatu izan zait ez oso fin ibiltzea, porrot egitea, eta nabaritzea jendea oso zorrotza dela nirekin. Baina askotan ikusi ditut gizonak gauzak txarto egiten, nahi gabe txarto, eta jendeak onartzea, barrez. Asko izorratzen dit horrek, gurekin ez direlako hain permisiboak.
Umorearen mugei buruz. Pentsatzen duzu zertaz egin behar den barre, zertaz ez?
Nire liburuan aipatzen dut hori (Hasta la potxola me tenéis, 2023). Askotan hitz egiten da umorearen mugei buruz, eta inoiz ez dramaren mugei buruz. Sare sozialetan orain hainbeste sufrimendu ikusten da, Gaza eta beste. Bizi garen gizarte judeokristauan sufrimendua goraipatzen da, eta plazera zigortu. Fikziozko drama egiteko ez dago mugarik, edozer gauzari buruz egin daiteke, eta askotan pasa egiten dira gainera. Baina fikzio komikoa egiteko badaude mugak? Badakit non dauden umorearen mugak: Auzitegi Nazionalean. Ez dakit umoreak mugak izan behar dituen ala ez. Uste dut umorea hor dagoela dramaren mugak non dauden seinalatzeko. Drama honaino, eta barregarria izaten hasten denean, ba ja ez dago drama gehiagorik. Norbait barrez hasten denean, akabo drama.
"Badakite zigorgabeak direla, aliatuak dituzte Polizian eta estamentu guztietan"
Zure erreferenteak zein dira komedian?
Lotsa ematen dit, handiustekoa ematen duelako, baina botako dut. Nire erreferenteak Les Luthiers izan dira. Txikitan jartzen zizkidaten VHSan bideoak, eta flipatu egiten nuen. Nik egiten dudan umoreak ez dauka haienarekin inolako zerikusirik, nik ez dut abesten, ez musika jotzen, ezta umore inteligentea egiten ere, baina nire erreferenteak dira. Txikitan ikusten nituenean komunera joan behar izaten nuen, pixa egiten nuelako gainean. Gero inguruan ditudan lagunak ere baditut erreferente, Divina Comedia flipe bat da, Raquel Torres kidearekin ere flipatzen dut. Agian gehiegi da nire lagunak aipatzea, baina oso umoregile onak dira.
Zerbait gehiago esan nahi duzu? Zer jakin beharko luke jendeak zutaz?
Federico Jimenez Losantosen altura berbera daukat, 1.59m, eta borroka batean irabaziko nioke, herrena delako. Nire odola A+, eta zapata zenbakia 35.