Frankistek eraildako bi gasteiztarren gorpuak familiei itzuli dizkiete Nafarroan

Erredakzioa 2024ko urr. 8a, 08:50

Ezkabako iheslarien gorpuzkiak familiei emateko ekitaldia. Argakzia: Nafarroako Gobernua

Segundo Hernandez eta Tomas Mardones gasteiztarren gorpuzkiak eman dizkiete, eta baita Tomas Nache almeriarraren familiari ere. "Inoiz zabaldu behar ez zen zirkulua itxi" da horrela, Nafarroako lehendakariordearen esanetan.

Ezkabako kartzelatik ihes egin zuten hiru pertsonen gorpuzkiak identifikatu dituzte azken hilabeteotan, eta atzo egin zuten familiei emateko ekitaldi ofiziala. Tomas Mardones Llorente eta Tomas Nache Guzman 1936an erail zituzten, espetxetik ihes egiten saiatu ostean harrapatuta, eta Segundo Hernandez 1938ko ihesaldi handiaren ostean erail zuten, beste bi iheslarirekin batera.

Mardones eta Nacheren gorpuak 2022an aurkitu zituzten Berriozargo hilerrian, beste hemeretzi gorpurekin batera. Guzti horietatik hiru besterik ez du identifikatzea lortu Nafarroako DNA bankuak, Mardones eta Nache barne, eta gainerako biktimak identifikatzeko lanetan dihardute. Segundo Hernandezen gorpua 2015ean aurkitu zuten Elian, Eguesibarren, beste bi kiderekin batera, baina aurten lortu dute identifikatzea. Hernandezekin batera lurperatua zegoen Vicente Mainz Bidankozeko bizilaguna, eta hura aurkitu eta gutxira identifikatzea lortu zuten, testigantza batzuen laguntzaz. Hirugarren biktimak identifikatu gabe jarraitzen du oraindik, eta Ezkabako espetxetik ihes egin zuela da dakiten bakarra.

Gorpuen entrega ekitaldian hiru errepresaliatuen familiak egon ziren, Nafarroako agintari politiko eta memoria historikoko eragile ugarirekin batera. Ana Ollo Nafarroako lehendakariordeak faxistek eragindako "heriotza krudelak" gaitzetsi ditu, "1936ko altxamendu militarrarekin hasitako proiektu totalitarioa" babesten zutenek eginak. "Ekitaldi hau zor genizuen, eta honekin ixten da zuen senideen erailketekin inoiz zabaldu behar ez zen zirkulua. Urte gehiegi itxaron behar izan dituzue, baina espero dut ekitaldi honek erreparazio sozial gisa balioko duela inoiz gertatu behar ez ziren bidegabekerien aurrean.

Hiru militante anarkista

Tomas Mardones Llorente 1912ko maiatzaren 4an jaio zen Gasteizen, eta arotza zen ogibidez. CNT eta FAI antolakundeetako kidea, arabar anarkista aktiboa zen. Alaves futbol taldeko jokalaria izan zen, bere hainbat anai bezala. Alejandro Mardones ere, Tomasen anaia, Ezkaban egon zen preso, eta 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldi handian parte hartu zuen. Bertan erail zuten faxistek, baina oraindik ez da bere gorpua topatu. Tomas Mardones, berriz, bi urte lehenago saiatu zen Ezkabatik ihes egiten, eta faxistek erail zuten 36ko azaroan. Berriozarren lurperatu zuten hobi komun batean beste 20 pertsonarekin batera, eta 2022an aurkitu zituzten haien gorpuak.

Segundo Hernandez Blanco Gasteizen jaio zen 1918an, eta CNTko militantea zen, iturri batzuen arabera. 1936ko uztailean atxilotu zuten, Gasteiztik ihes egiten saiatzen ari zela, eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Bere aita, Joaquin Hernandez, faxistek hil zuten 36ko abenduan, eta handik denbora gutxira Segundo Ezkabako presondegira lekualdatu zuten. Han egon zen urte eta erdiz, 1938ko maiatzean ihes egin zuen arte beste ia 800 presorekin batera. Ihesean zegoela hogei urte bete zituen, eta faxistek harrapatu eta erail zuten Elian, Vicente Mainz eta identifikatu gabeko beste kide batekin batera. 2015ean aurkitu zituzten haien gorpuak Elian lurperatuta, eta aurten lortu dute Segundo Hernandez identifikatzea.

Tomas Nache Guzman, CNTko kidea, Almeriakoa zen, arotza ogibidez. 1936ko ekainean Ezkabako kartzelan sartu zuten, eta bertatik ihes egiten saiatu zen urte hartan bertan. Tomas Mardonesekin batera erail zuten, extrajudizialki, ihesalditik hilabete batzuetara. 22 urte zituen faxistek erail zutenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago