Segundo Hernandez Blanco gasteiztarraren gorpuzkiak identifikatzea lortu du Nafarroako Gobernuaren DNA bankuak, hil zutenetik 86 urte igaro direnean. Altxamendu faxistaren biktima da Hernandez, Gasteiztik ihesean ari zela harrapatu zuten. Bi urtez preso egonda, Ezkabako espetxetik ihes egin ondoren hil zuten soldaduek, hogei urte bete berri zituela. 2015ean aurkitu zuten gorpua Eguesibarren, eta orain lortu dute identifikatzea.
Lander Garcia memoria historikoaren aktibistaren senidea da Segundo Hernandez, amonaren neba zehazki. Familiak esker ona adierazi die aurkikuntza ahalbidetu duten ikerlari eta erakundeei, baina gogor salatu dute "frankismoaren krimenen inguruan inposatutako inpunitate sistema".
Segundo Hernandezen arreba bat bizi da oraindik, 95 urterekin, Ezkaban preso egondako garaian bisitan joan eta berarekin egondakoa. Urrian emango dizkiote gorpuzkiak familiari. Haien aita, Joaquin Hernandez ere hil zuten frankistek, 1936ko abenduan.
Frankisten altxamendutik ihesi
1936ko uztailean bertan atxilotu zuten Segundo Hernandez, frankisten menpe geratua zen Gasteiztik ihesi zihoala. Otxandiora bidean zegoen, erresistentzia antifaxistaren menpeko lurretara heldu nahian, baina bidean atzeman zuten faxistek. Berarekin batera zihoan Aristarco Rodrigo Alvarez de Arkaia, Lander Garciaren aitona. Lagun minak ziren Aristarco eta Segundo, eta hamasei eta hemezortzi urte zituzten, hurrenez hurren, Gasteiztik ihes egin behar izan zutenean.
Biak atxilotu zituzten soldadu faxistek, beste bi pertsonarekin batera, eta Gasteizko espetxera eraman zituzten. Han banandu ziren Segundo eta Aristarcok jasandako errepresioaren ibilbideak. Aristarco Gasteiztik Burgosa eraman zuten, eta hainbat kontzentrazio esparrutan preso egon ondoren Kanariar Uharteetan amaitu zuen bortxazko lanak egiten. 1945ean libre atera zen. Gasteiza itzulita, Segundoren arrebarekin ezkondu zen Aristarco, Maria Hernandezekin, Lander Garciaren amona izango zenarekin. Inoiz ez zuten Segundo ahaztu. Hala erakusten du aitonaren etxean topatutako argazki batek. Segundoren argazkiaren atzean idatzia zuen Aristarcok, "inoiz ahaztu ez dudan nire lagunaren omenez".
Urrian ekarriko dituzte Gasteiza Hernandezen gorpuzkiak
Ezberdina izan zen Segundoren patua. Abuztuaren 8an, altxamendu faxistatik egun gutxira, hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Gasteizko espetxean izan zuten preso hasieran, eta bertan zegoen haien aita, Joaquin, hil zutenean.
Joaquin Hernandez Tabera, Segundo eta Mariaren aita, La Azucarera enpresako langilea zen, eta sindikalista aktiboa bertan, UGTrekin. 1936ko uztailean faxistak altxatu zirenean Gasteizen ez zen gerra fronterik egon, hasieratik egon zen kolpisten menpe, eta errepresioa basatia izan zen Gasteizen eta Araban. Fusilamendu eta exekuzio estrajudizial ugari eman ziren lurraldean, garaiko Gasteizko alkatea eta Arabako ahaldun nagusia barne, eta baita Joaquin Hernandez ere. Enpresatik bahitu zuten faxistek, eta Argantzunen hil zuten, TrebiÒun, 1936ko abenduaren 14an.
Aita hil zutenean kartzelan zegoen Segundo, Gasteizen. Lander Garciak kontatzen du nola, hilketa hartatik hamar egunera, eguberrietan, protesta bat izan zen Gasteizko kartzelan. Agian Segundo ere arituko zen protesta hartan, eta agian horregatik bidali zuten ondoren Ezkabara, zigor gisa, aita erail eta hilabete eskasera.
1937ko urtarrilean lekualdatu zuten Segundo Hernandez Gasteiztik Ezkaba mendiko presondegira, IruÒetik gertu. 2.500 preso inguru zeuden Ezkaban, gehienak arrazoi politikoengatik atxilotuak. Urte eta erdi eman zuen bertan espetxeratuta Segundok. Izan ere, 1938ko maiatzaren 22an, historiako ihesaldirik handienetakoa antolatu zuten presoek, eta ia 800 pertsonak egin zuten ihes. Haietako hiruk soilik lortu zuten iparraldeko muga zeharkatzea, eta 200dik gora atxilotu eta hil zituzten frankistek. Desagertuta egon dira ordutik. Ezkabako gotorlekuaren inguruetan hobi komun ugari dago, hildako iheslarien gorpuekin.
Biktimak bilatzeko lanak, baliabiderik gabe
Diktadura garaian, noski, ez zen gorpuak bilatu edo identifikatzeko lanik egin, baina azken hamarkadetan ere ez dira baliabideak jarri biktimak berreskuratzeko, familiak eta hamaika eragilek salatu izan dutenez. Hernandezen familiak ohartarazi du "zigorgabetasun eredua" dagoela indarrean, ez delako "frankismoarekin moztu".
Berandu, ziur aski, baina heldu zaio azken urteetan memoria lanari, eta hasi dira baliabide gehiagorekin biktima batzuen gorpuak aurkitu eta identifikatzen. Nafarroako DNA bankuak 43 gorpu identifikatu ditu jadanik, horietako bederatzi Ezkabako iheslarienak.
2015ean Ezkabako iheslarien hobi komunetako bat topatu zuten ikerlariek, Elia herrian, Eguesibar inguruan. Hiru iheslari zeuden bertan lurperatuta, eta bat identifikatzea lortu zuten orduan, Eguesibarko Udalaren ekimen aitzindariari esker. Bidankoze herriko Vicente Mainz Landa zen. Garai hartan Nafarroako Gobernuan oraindik ez zegoen memoria berreskuratzeko planik indarrean. Ez Nafarroako DNA bankurik, ez planik, ez baliabiderik, baina lortu zuten Mainz identifikatzea. Testigantza baten bidez jakin zuten Erronkarikoa zela hiru hildakoetako bat, eta bere familia topatzea lortu zuten. Apustua eginda, DNA frogekin saiatu eta egiaztatu zuten Bidankozeko Mainz Elian lurperatu zutela faxistek 1938an, Ezkabatik hamabost kilometrora.
Beste biak ez zituzten identifikatu orduan. Baliabiderik gabe, eta babes publikorik gabe, oso garestiak dira halako prozedurak, eta ikerketa gehiagoren zain gelditu ziren, IruÒeko hilerriko panteoi batean. Han egon dira orain gutxi arte. Garciak salatu du halako egoeretan ikus daitekeela Espainiako Estatuaren "defizit demokratikoa".
Familiaren hitzetan Espainiaren "defizit demokratikoagatik" dator hain berandu
Baliabideak jarri ziren azkenik, Nafarroako Memoria plana martxan hasi zen, eta hutsunea betetzen saiatzen dabiltza. Nafarroako Memoria Institutua Segundo Hernandezen familiarekin harremanetan jarri zen, joan den ekainean, senideen DNA lagin bat eskatuz. Azken urteetan berreskuratutako gorpuekin alderatzen hasita, abuztuan lortu dute jakitea Hernandezen gorpua dela Elian aurkitu zirenetako bat. Fusilamendu haien testigantzak entzunda, familiak ezagutu ahal izan du nolakoak izan ziren Segundoren azken egunak.
Azken hatsa, autoritatearen aurka
Ezkabako ihesaldiaren ostean, iheslari gehienak egun bat edo biren buruan harrapatu zituzten faxistek, berriro ere. Baina Segundo Hernandez, Vicente Mainz eta oraindik identifikatua izan ez den iheslariaren taldetxoak hamabost egunez lortu zuen iskin egitea haien atzetik zebiltzan soldaduei. Erronkarira bidean zihoazen, Mainz nafarraren gidaritzapean, ziur aski.
Azken egun hauetako testigantzak jasota, familiak jakin ahal izan du hogei urte bete zituela Segundok, ihesean zebiltzala, 1938ko ekainaren 5ean. Handik gutxira hil zuten faxistek.
Testigantzek aipatzen dute apaiz bat eraman zietela hiru iheslariei, harrapatu zituztenean, hil aurretik konfesatu zitezen. Hiruetako batek uko egin omen zion konfesatzeari. Gorpuak ez daude hiruak batera ehortzita, bi zatitan baizik, bi batera, eta Segundo aparte, bakarrik. Ziur aski konfesioa onartu ez zuelako. Harro kontatzen du Lander Garciak bere senideak azken hatsa arte mantendu zuela "izaera iraultzailea, duintasunez, apaiz faxistaren aurka altxatuz".
Esker ona, baina salaketa sutsua
Erreparazio instituzionalaren txanda da orain. Nafarroako Gobernuak urrian emango dizkio familiari Segundoren gorpuzkiak, errepresio frankistaren beste bi biktimaren familiarekin batera, memoria historikoari buruzko ekitaldi batean. Gasteiza ekarriko dituzte Hernandezen gorpuzkiak, familiak erabaki dezan zer egin.
Senideek esker ona adierazi diete 86 urte eta gero gorpua berreskuratzea posible egin duten ikerlari eta erakunde guztiei. Baina, maila berean, salaketa plazaratu nahi izan dute, orain arte hau posible ez izatea eragin duten erakundeen eta sistemaren aurka. "Hainbeste denbora pasa bada, izan da hamarkadaz hamarkada inposatutako inpunitate sistema dagoelako, eta estatu estrategia egon delako indarrean, frankismoaren krimen guztiak ez daitezen argitara atera". Frankismoaren osteko urteetan ere, "ustezko demokrazia urteetan", lehenago lortu ez izana ere salatu du sendiak.
"Orain posible izan da, borondate politikoa egon delako, eta memoriaren aldeko lan izugarria egin delako, zailtasun guztien aurka". Esker ona eta salaketa beraz, familiaren aldetik. "Bere askatasun ametsak darrai, faxismoaren aurkako gure borrokak darrai" idatzi du Lander Garcia senideak, aurkikuntzaren dimentsio politikoa nabarmenduz.