'Kantabria' toponimoa berreskuratzeko eskatu dio Errioxak IGNri

Erredakzioa 2024ko ira. 18a, 11:45

Adierazpen instituzionala onartu du Errioxako Parlamentuak. Argazkia: KANTABRIA MENDILERROAREN ALDEKO PLATAFORMA

Errioxako Parlamentuak aho batez onartu du gaur Toloño Mendilerroaren izena aldatzearen aldeko adierazpen instituzionala.

Errioxako Parlamentuak IGN Espainiako Institutu Geografikoari eskatu dio Kantabria mendilerroa toponimoa berreskuratzeko. Zehazki, gaur onartutako adierazpen instituzional batean, parlamentuak galdegin du Kantabria berreskuratzea mendi katearen erdiko eremuarentzat, eta Toloño izena soilik mendabaldean dagoen eremurako uztea. 

Ekainean Arabako Batzar Nagusiek egin zuten bezala, IGNri eskari ofiziala egin dio, beraz, Errioxako Erkidegoak. "Mendilerroaren hegoaldeko zein iparraldeko udalek, kultura elkarteek, upategiek zein norbanakoek eskatu dute 200 urte inguruz mantendu izan den izena izena berreskuratzeko", irakurri daiteke adierazpenean. "UNESCOk oinarrizko hainbat printzipio proposatzen ditu toponimo bat normalizatzerakoan; adibidez, erabilerarekiko errespetua, tokiaren izenaren batasuna, eragindako herrien borondateari errespetua, bertoko izenekiko errespetua edo berezko izenak ez itzultzea", argudiatu dute.

Bilkuran izan diren Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformako kideek poza agertu dute adierazpenaren berri lehen eskutik izatean. Plataformako kideek aurreratu dutenez, toponimoa ofizialki berreskuratzeko hurrengo pausoa Espainiako Kongresuan emango dute, PSEk aurkeztuko duen proposamen bertan eztabaidatuko dutelako gaia, bertako Mugikortasun Batzordean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago