Kantabria izendapena berreskuratzeko eskatu diete Batzar Nagusiei

Erredakzioa 2024ko eka. 14a, 09:54

Saenz de Tejada, Velilla eta Abaitua, atzoko agerraldian. Argazkia: KANTABRIA MENDILERROAREN ALDEKO PLATAFORMA

Lurralde Orekaren batzordean agerraldia egin dute Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformako kideek, beren eskaeraren berri emateko. Toloño izendapenaz gain, Kantabria mantentzeko eskatu dute.

Gaur egun ofizialki Toloño gisa izendatzen den mendilerroarentzat Rivas de Teresotik (Errioxa) Lapoblacioneraino (Nafarroa) tartean Kantabria toponimoa berreskuratzeko eskaria Batzar Nagusietara eraman dute ostegunean Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformako hiru ordezkarik.

Biasteriren Adiskide Elkarteko kide Judith Saenz de Tejadak, Salvador Velilla ikertzaile eta etnografo lapueblarrak eta Joseba Abaitua euskal filologoak bere argudioak aurkeztu dituzte Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Batzordean, talde politiko guztietako ordezkarien aurrean, nork gehien landu duen arlotik. 

Hala, Saenz de Tejadak eskualdean izendapenaren inguruan dagoen sentimenduaren berri eman die alderdietako ordezkariei, bai eta udal, elkarte eta enpresa gehienen babesa ere. Kantabria izendapenaren alde dauden urteetan egindako ikerketaren laburpen bat egin du Velillak, eta azken urteotan artxiboetan aurkitutako argudio berriak mahai gainean jarri ditu ere. Abaituak testuinguru filologikoaren berri eman du, eta Euskaltzaindiak gaiaren bueltan izandako jarrera kritikatu du. Izan ere, euskararen akademiak Toloño izendapen ofiziala ebatzita du —euskal hedabide gehienak bezala, Euskaltzaindiaren arauen araberako izendapena erabiltzen du ALEAk, beste ezein instituzio, udal edo erakunderen izendapenaren gainetik—. Abaituaren arabera, ordea, Toloño izendapena Bastida inguruko mendiari baino ez dagokio. "Toponimo hori mendilerro osora zabaltzeko erabakia nahiko arbitrarioa da, eta ohiko erabileraren kontrakoa", esan du. 

2019an eratu zuten plataforma, aurreko urteetan izendapena berreskuratzearen alde Salvador Velillak egindako lanari babesa eman eta aldarrikapenari bultzada emateko. Besteak beste, mendilerroaren bi aldeetan 2.000 sinadura inguru bildu dituzte, eta eskualdeko elkarte eta udal gehienen babesa jaso dute.

"Gure ahotsa eskualdeko ia-ia udal guztien ahotsa da, bai eta kultur elkarte, upategi eta beren sinadurak eman dituzten herritarrenak ere", adierazi du plataformak talde politikoei aurkeztutako agiri batean. Horrez gain, "beren iritzia publikoki eman ezin duen edo ematen ausartzen ez den jendearen ahotsa ere" ordezkatu nahi dutela erantsi dute. 

IGN Espainiako Institutu Geografikoak 2018ko abuztuan ebatzi zuen eskala guztietan Toloño izendapen ofiziala, eta Kantabria izendapena onartu zuen  "txikiagoa edo mugatuagoa" den erabilera baterako. Ebazpen hori "historiaren, erabileraren eta jendearen borondatearen kontra" doala aldarrikatu dute plataformako kideek. Beste behin, gogora ekarri dute horiek direla UNESCOk darabiltzan irizpideak izendapenak lehenesteko. 

Alderdien aldetik egon daitezkeen ekimenen zain daude orain plataformako kideak. Momentuz, PSEk Kantabria berreskuratzeko legez besteko proposamen bat erregistratuta du Espainiako Kongresuan, eta PPk mozio bat aurkeztu du bi izendapenak mantendu daitezela eskatzeko. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago