Jose Miguel Lopez de Lapuente

"Asteroideak desbideratzeko teknologia urria da momentuz"

Juanma Gallego 2024ko ira. 15a, 06:00

Arabako Astronomia Elkarteko kide da Lopez de Lapuente. Argazkia: LOPEZ DE LAPUENTE

Eguzki Sistemaren osaketaren ondoren geratu ziren jatorrizko adreiluak dira asteroideak, eta, hori dela eta, zientzialarien interesa pizten dute. Objektu horien arriskuez eta aukerez mintzatu da Lopez de Lapuente.

Arabako Astronomia Elkarteak hamabigarrenez Atarian antolatu duen hitzaldi sortaren barruan, hilaren 19an Cinturón de asteroides, una amenaza desde el firmamento izeneko hitzaldia emango du Jose Miguel Lopez de Lapuente (Gasteiz, 1970) elkarteko kideak.

Mapetan eta zientzia fikzioko zenbait filmetan asteroideak batera agertu ohi dira. Horrela pilatuta al daude?

Ez. Espazioa oso zabala da, eta beren arteko aldea oso handia da. Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia 380.000 kilometro direla aintzat hartuta, halako hiru izan daiteke asteroideen arteko aldea. Jupiter edo Saturnora doazen zundak jaurti izan direnean inoiz ez da arazorik izan talkekin, oso dentsitate txikia dagoelako.

Azken hamarkadetan asko aldatu da gaiaren pertzepzioa. Planeta nano bat eta guzti daukagu hor... 

Kontua da Marte eta Jupiter artean hutsune bat dagoela, eta astronomoek ez zioten azalpenik aurkitzen, matematiken arabera argi zegoelako orbita horretan zerbait egon behar zela. Gerrikoan aurkitu zen lehena Zeres izan zen, 1801ean, eta planetatzat hartu zen. Gero, XX. mendean Pluton edo Makemake bezalako objektu berriak aurkitu direnez, orduan ikusi da espazioan objektu handiak daudela, baina ez planeta izateko bezainbestekoak. Horregatik kategoria aldatu da, planeta nano kategoria sortuz.

Zer motako asteroideak daude?

Espazioan askotariko materialak daude. Adibidez, kometak arrokazkoak eta izotzezkoak dira. Asteroideak batez ere hiru multzotan sailkatzen dira: metalikoak, batez ere burdinazkoak eta nikelezkoak —agian garai batean protoplaneta izan zirenak, baina ondoren suntsitu zirenak, arrasto metalikoa utziaz—. Portzentaje txikia dira hauek. Bigarren mota ugariena da: silikatoez osatutakoak dira. Azkenik, karbonazeoak daude; horiek karbonozko konposatuak dituzte, eta, horrek eragina du kolorean; horregatik, zailagoa da azken hauek ikustea. Zeres karbonazeoa da, eta albedo txikiagoa du. Vesta, adibidez, txikiagoa izan arren, distiratsuagoa da, eta horregatik errazagoa ikusteko.

"EGUZKI SISTEMAREN JATORRIZKO MATERIALEN OSAKETA MANTENTZEN DUTE ASTEROIDEEK"

Lehen ikustearekin konformatu behar ginen, baina bertara joateko espazio misioak ditugu orain... 

Bai, lehen zundak planetetara bideratu ziren, baina geologo planetarioek badakite asteroideak garrantzitsuak direla, Eguzki Sistema osatu zuten jatorrizko materialen osaketa mantentzen dutelako. Planetetan ondoren materialak fusionatu ziren, baina asteroideetan hori ez zen gertatu. Ikertu ahal izateko, Vesta eta Zeres bisitatu ditu Dawn misioak. Asteroide txikiagoetara bidali dira beste zenbait zunda, bertan lur hartu eta materiala berreskuratzeko, Lurrean aztertu ahal izateko. Japoniarrek Hayabusa 1 eta 2 bidali dituzte. Jogailu batek krater txikia sortu zuen, eta ateratako materialak jaso zituzten ondoren. NASA eta ESAk ere programak dituzte. Antzeko helburuaz, Ilargiaren Hego Poloan ura bilatzeko proiektu bat ere badago. Izan ere, zama handiak espazioratzea oso garestia da, eta ur hori beharrezkoa izango da astronautentzat.

Martetik ere ekarri nahi dira laginak, baina logistika oso konplikatua da, ezta? 

Bai, arazoa da planetek grabitate handia dutela, eta oso zaila dela bertatik ateratzea. Asteroideen abantaila da grabitate askoz txikiagoa dutela. Horregatik, asteroide horietan meatzaritza egiteko moduak aztertzen ari diren enpresak daude, burdina, nikela, lur arraroak edota urrea eskuratzeko... Errazagoa den eta kutsadura gutxiago sortzen duen meatzaritza mota bat egiteko modu bat izango litzateke hau. Hainbat enpresa robotak diseinatzen ari dira, asteroideetan material horiek jasotzeko eta inguruan orbitatzen ari diren ontzietara bidaltzeko. Izan ere, gero eta merkeagoa da gauzak espaziora bidaltzea. Baina meatzaritzari dagokionez, momentuz, hasieran baino ez gaude. Gainera, distantzia oso handiak dira. Martera joateko hilabeteak behar dira. Horregatik ere aztertzen ari da ea aukera dagoen Lurretik gertuago dagoen orbita egonkor batera asteroide bat mugitzeko, lana erraztu aldera.

'Dawn' misioaren irudikapen artistikoa, Zeresera gerturatzen. Argazkia: NASA

Dinosauroek programa espazialik ez zutela esan ohi da. Gizakiok badugu, baina, egia esanda, oso gutxi ari da inbertitzen babes planetarioan... Zergatik?

Tira, hastapenetan baino ez gaude, eta denak prozesu bat eskatzen du. Duela bi mendetik baino ez ditugu asteroideak ezagutzen. Horregatik, egiten ari den lehen gauza da daudenak zenbatzea, eta arriskua suposatzen duten asteroideak identifikatzea. Apophis famatuak 400 metro ditu, eta hondamendia ekarriko luke. Baina ez da aurreikusten hori gertatzea. Zentzu horretan, hitzaldian ahaleginduko naiz nahiko lasaigarria izaten. Arazoa da momentuz daukagun teknologia ez dela oso egokia: asteroideen kontra arma nuklearrekin jotzea besterik ez. Arazoa da handik zati gehiago aterako liratekeela, eta objektu handi bat beharrean, beste txikiago asko izango genituzke, arazoa handituz. Horregatik aztertzen ari den beste aukera da asteroideak desbideratzea. Horren distantzia itzelak izanik, nahikoa izango litzateke segundoko zentimetro bat desbideratzea edo mantsotzea, espazioan dena etengabean mugimenduan ari delako. 

"MEATZARITZARAKO, AZTERTZEN ARI DA EA AUKERA OTE DAGOEN ASTEROIDE BAT GERTURATZEKO"

Erabaki lazgarria, beraz: gizateria akabatu ahal duen inpaktu erraldoia, ala milioika gizaki hil ahalko lituzketen inpaktu txikiagoak eragitea...

Hala da. Daukagun abantaila da planetaren hiru laurden ozeanoak direla. Beraz, lurrean erortzeko probabilitatea %25 inguru da. Aintzat hartu behar da ere tamaina, noski. Pertseidak eta horrelakoak sortzen dituzten objektuak zentimetrokoak dira. Baina metrokoak edo ehunka metrokoak izan daitezke zatiak. Beste arazo bat da zati horien ibilbideak kontrolatzea zailagoa izango dela. Asteroide handien ibilbideak ezagutzen ditugu, baina ez txikienenak. Nazioarteko Astronomia Batasunak bultzatutako babes planetariorako programa bat dago, Planeta Txikien Zentroan. Baina aurkitu ez den asteroideren bat agertuz gero, orduak edo egunak baino ez genituzke aukeran zerbait egin ahal izateko. Aukera bakarra da zonalde batzuk aterarazi ahal izatea. Probabilitatea txikia da, dena den. Duela 65 milioi urte gertatu zen dinosauroak akabatu zituen inpaktua, eta ordudanik antzekorik ez da erori gurean. Ez da probablea, beraz, baina mehatxuak hor dirau.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago