Pertsona sare bat da La Porvenir, "dena aldatu nahi duena, eromenari ematen diogun erantzuna eraldatuz". Araban ibili dira azken asteotan, haien ikuspegia azaltzeko ekintza artean. Ohikoa da psikiatriaren aurkako diskurtsoak entzutea, izan jendea giltzaperatzearen aurka, indarrez eustearen aurka edota osasun mentalaren medikalizazioa salatuz. La Porvenirrekoak, baina, pauso bat harago doaz, psikologia eta terapia mota oro arbuiatzen baitute. Haien ikuspegiaren arabera, ez dago arazo indibidualik, eta taldean lantzen dute dena.
Uko egiten diote psikiatriara jotzeari, nahiz eta egoerak zailak izan. Osasun mentaleko zerbitzuetatik emantzipatzea proposatzen dute, orokorrean. Arazo bat agertzen denean, haien tresna nagusia da bertan gelditzea, ez joatea, denen artean kudeatzea. Diotenez, bide oso interesgarriak zabaltzen dira komunitatean konpontzen saiatuz gero.
Arazo kolektiboen kanarioak
Meatzariek, meatzeetara lanera jaistean, kanario bat eramaten omen zuten barrura. Giroan gas toxiko asko zegoenean kanarioak kantatzeari uzten zion, hala konturatzen ziren meatzariak, eta kanpora irteten ziren, ez hiltzeko. Alarma sistema hori erabiltzen dute La Porvenirreko kideek eromena azaltzeko. Eztanda egiten duen pertsonak ez du arazo propiorik, gas toxikoa arnasten ari da, baina beste guztiok bezala, eta inguru guztiarentzako balio beharko luke abisuak. "Ez da kanarioa hilko dela, baizik eta denok hilko garela".
Eromenak testuinguruari buruzko informazioa dakar, beraz, sareko kideen hitzetan. Informazio horri entzunez gero, kudeatu eta aurrera eginez gero, "bizi baldintzak eraldatzen dira guztiontzat, bizitzeko modu bidezkoago baterantz". Halaxe ulertzen dute eromena, arazo kolektibo handiago baten sintoma gisa. Eta muturra sartzen hasita, jauzi handiagoak eskatzen omen ditu askotan egoerak, "agian ez da meatzerik ere egon behar, agian beste modu batera bizi behar dugu, geruza asko dituzte aldaketa posibleek".
Eromenak testuinguruaren informazioa dakar, denok entzun beharrekoa
Norbanakoaren arazo gisa ulertzen ez duten heinean, ez dute uste indibidualki tratatu behar denik. Eta, batez ere, pertsona hori zigortu gabe. "Ez dadila errepresiorik egon egoera emozional bortitzagoen aurka". La Porvenirren diote gauzak ulertuz gero, jendea lasaiago atera daitekeela dagoen egoera hartatik. Hala ere, ez da lan erraza, ez bi egunekoa. Luze jo dezakete halako prozesuek, antolaketa eta determinazioa behar da.
Argudiatzen dute gizartean, orokorrean, jada ez dakigula muturreko emozioak kudeatzen. Eztanda egitea esperientzia arraro gisa hartzen omen dugu, arrotza balitz bezala. "Laguna negarrez ari bada, ez zaitez joan, gelditu". Ezinegonak gauza asko esaten ditu, eta zer gerta ikustera geldituz gero aldaketak agertzen direla diote, asko mugiarazi dezaketenak inguru guztia. "Ez da tratamentu bat, ez dago zer tratatu" diote, eta ezinegona kolektibizatu egiten dela, batera igaro ahal izateko.
Inguruaren erantzukizuna
Psikiatrian indarkeria dagoela, gehiegi medikalizatzen dela, edo arazoak ez direla indibidualak, irakurketa ohikoagoak izan daitezke agian. La Porvenirrekoen berritasuna, haien hitzetan, "eta kostatzen ari dena", ardura hartzeko pausoa da, gauzak aldatu daitezen. Norbaitek eztanda egiten duenean, ez dute psikiatrara bidaltzen, ez terapiara ere. Elkartu egiten dira eta irtenbideak bilatzen doaz, zer gertatzen den ulertu ahala. Berrantolatzeko beharra ekartzen omen du honek askotan. "Zer harreman mota dugu gure artean, nola banatua dago dirua, zer gertatzen da etxeekin?".
Ez dute formula magikorik, baina osasun mentaleko zerbitzuei uko egitetik abiatuta, kasuan kasu aurre egiten diete egoerei. "Nik ez dakit psikiatriaz, ez psikologiaz. Egin nuen bakarra izan zen ez joatea". Determinazio hori omen da eskaintzeko dutena, ez dela arazoa beste norabait bideratu behar, han konpondu dezaten, "inork ez baitaki konpontzen".
Noski, komunitatearen beharra du ikuspegi honek, eta zalantzak sortzen dira jendea eta gizartea horretarako prest ote dauden, orokorrean. Hala ere, argudiatzen dute psikiatrizazioari uko egiteak berak bultzatzen duela komunitatea indartzea.
Nor da eroa?
Aspaldian "harrotasun eroa" mugimenduaren inguruan antolatzen aritu dira "tratamendu psikiatrikoa biziraun duten pertsonak". Haietako askok ere aldarrikatu izan dute kanario izaera, esanez pertsona batzuek sentikortasun edo gaitasun berezia dutela gizarteko zikinkeria antzemateko. Hala ere, La Porvenirreko kideek ez dute bat egiten ikuspegi "esentzialista" horrekin, eroak eta ez eroak daudenaren ideiarekin.
Aitortzen dute askotan abiapuntua izan daitekeela pertsona baten eztanda, baina ez dute pertsona horri egindako laguntza pertsonal gisa ulertzen. Aldiz, denok elkartu beharra aldarrikatzen dute, ikusteko egoerarekin zer egin. "Ez da elkartasun ekintza bat ezinegona duen pertsonarekin". Konpainia egiten dute, noski, eta pertsona lagundu, izan otorduak prestatzen, diruz edo bestelako moduetan. Baina erdigunean gas toxikoa jartzen dute, ez kanarioa.
Kritika artean lanean
Leku guztietatik jasotzen dituzte kritikak. Eroen mugimenduko kideek "profesional" deitzen diete, La Porvenirreko kide batzuk osasun mentaleko zerbitzuetan lanean aritu izan direlako. Osasun mentaleko profesionalek, berriz, arduragabekeria egozten omen diete, haien esanetan "ez dutelako jendea giltzaperatzen ezta pilulak hartzera behartzen". Ez dituzte onartzen psikiatriak definitutako patologiak, eta ezberdintasun garrantzitsurik ez dagoela diote. "Batzuek, kanporatuak izan direnez, arraroagoak dirudite, baina berdin kudeatu daiteke".
Arduragabekeria salaketa horrekin bat egiten du tratamendu psikiatrikoa jasan duen pertsona batek, ALEArekin hizketan. Berak dioenez, osasun sistema asko hobetu behar da, baina momentu askotan beharrezkotzat jotzen du ebidentzia zientifikoetan oinarritutako zaintza. Bere esperientzia partikularretik hitz egiten du, noski, baina argudiatzen du dena ezin dela "malaostia kudeatzera" murriztu. Anonimotasuna mantendu nahi duen elkarrizketatuak dioenez, nahasmendu mentalek ez dute zerikusirik batak bestearekin, eta ezin dira gutxietsi ero etiketa dutenen sintomak.
Norbaitek eztanda egitean, ez dute psikiatra bidaltzen, ez terapiara ere
ALEArekin hitz egin duen pertsonak, krisian dagoenean, joera suizidak ditu, eta "sumingarritasuna" deitzen duten bortizkeriarako joera ingurukoen aurka. Halakoetan pilulak on egiten diotela dio, eta espazio baten beharra duela lo lasai egiteko, jaten eman diezaioten eta zaindu dezaten, ez daukanean bere burua zaintzeko indarrik, edo asmorik. Osasun mentaleko sistema abolitzea gehiegi dela iruditzen zaio, "alternatiba errealik" eskaini gabe.
Izan ere, hori da La Porvenirreko kideek defendatzen dutena, ez litzatekeela osasun mentaleko zerbitzurik egon behar, finantzazioa kendu behar litzaiokeela. Ez dadila egon ez langilerik, ez pazienterik. Adituen kulturaren aurka egiten dute, zerbitzuen aurka, norbait etorri eta arazoa konponduko duela dioen logikaren aurka. Norbaitek eztanda egitean, diotenez, denon barnean daude eztanda egiteko arrazoiak, eta pertsona sareek aurre egin beharko liekete halako arazoei. "Galdera da, zer egiten dugu beste guztiok?".