%1,14 hondakin gutxiago iazkoan

Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 06:00

Araban hondakinen %61 errefusean jaso dira, eta %39 bereizita, aldundiak emandako datuen arabera. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Aurreko urtearekin alderatuz 1.500 tona hondakin gutxiago sortu dira Araban 2023an, Hondakinen Inbentarioko datuen arabera. Kopuruan abiatuta, beheranzko joera "sendotu" egin dela babestu du aldundiak.

2023an biztanle bakoitzeko 390 kilo hondakin sortu dira Araban, aldundiak ezagutzera eman duenez. Orotara, iazko datuei erreparatuta, Araban 131.395 tona hondakin sortu dira, aurreko urtean baino 1.500 tona gutxiago, Arabako Foru Aldundiak nabarmendu nahi izan duenez. Portzentajeari jarraituta, beraz, %1,14 jaitsi da Araban sortutako hondakinen kopurua. Azken hamarkadako "baliorik txikiena" dela nabarmendu du aldundiak, Hondakinen Behatokiak jaso duen Hondakinen Inbentarioko datuen arabera. Hala, aste honetan datuak aurkeztean, "azken urteotan ikusten ari den hondakinen sorreraren beheranzko joera sendotzen" ari dela babestu du Saray Zarate Ekonomia foru diputatuak. Dioenez, adierazle ekonomikoek "emaitza positiboak" izan dituzte. "Ekonomia hazi egin da eta hondakinak, aldiz, jaitsi egin dira. Horregatik, oso garrantzitsua da hazkunde ekonomikoa hondakinen sorreratik bereiztea", argudiatu du.

2025EAN JUNDIZEN KONPOSTATZE INSTALAZIOA ERAIKIKO DUTELA GOGORA EKARRI DU ALDUNDIAK

%39, bereizita

Bereizketari dagokionez, Araban hondakinen %61 errefusean jaso dira, eta %39 bereizita. Aldundiak egindako irakurketan, nabarmendu dute "hondakin mota batzuk" gutxiago sortzen eta biltzen direla. Horiek dira etxeko hondakin arriskutsuak eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak. Zarateren arabera, horrek "oso alderdi positiboa" dakar, horiek "arriskutsuak" direlako eta beren kudeaketa "konplexua" izan ohi delako. Ehunen bilketak ere "hazkunde nabarmena" izan duela azpimarratu du aldundiak, eta igoera lotu dute hondakin mota horretarako edukiontzi gehiago egon izanagatik. Paperari eta kartoiaren birziklatze tasa %73 izan da, eta %79 beirarena.

Kripan eta Eltziego, eredu

Udalerriei dagokienez, Kripan eta Eltziego dira bereizitako bilketaren ratio onena dutenak. Hurrenez hurren, %87 eta %64 berezita biltzen dute atez ateko bilketa sistema ezarrita duten bi udalerri horietan. Horri esker, bertako birziklatze tasak %84 eta %61 dira, lurralde osoko altuenak.

Besteak beste, organikoa jaso eta herrian bertan kudeatzen dituzte. Burgelun ezarri berri dute sistema berdina, eta laster abiatzekoa da Lantziegon ere. Horretarako lehen bilerak egiten hasi dira herri horretan, abuztuaren amaierarekin batera. 

KRIPANEN ETA ELTZIEGON DAUKATE TASA ONENA: BERTAN %87 ETA %64 BEREIZITA JASO DUTE

Gasteizen organikoa biltzeko edukiontzietan sarbide kontrola jarri izanagatik material ez egokiak %5,7ra murriztu direla dio txostenak; aldundiak gogora ekarri du kopurua gaiaren bueltan indarrean den 7/2022 Legeak ekonomia zirkular baterako ezarritako ez egokien %20tik behera dagoela portzentajea. Zentzu horretan, herritarrek "funtsezko zeregin garrantzitsua" dutela onartu du Zaratek, "etxeetan materia organikoa ondo bereizten delako, eta horrek aukera ematen duelako gero birziklatzeko eta kalitatezko konpost bihurtzeko". 

2025erako Jundizen KonpostAraba konpostatze instalazioa eraikitzea aurreikusten dutela gogora ekarri du foru diputatuak. Modu berean, adierazi du tamaina handiko hondakinak tratatzeko eta berrerabiltzeko prestatzeko instalazio bat diseinatzen ari direla. "Berrerabiltzearen alde hasitako bidearekin jarraitzea eta ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko bultzada bat ematea ekarriko" duelakoan dago Zarate.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago