Bilibioko gazteluan berrekingo diete bisita gidatuei

Erredakzioa 2024ko ira. 2a, 17:33

Harkaitzen puntan dagoen San Felicesen baseliza eta estatua dira inguruko egungo eraikuntza nabarmenenak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hilaren 14an egingo dute bisita Haron (Errioxa) dagoen gazteluaren arrastoak erakusteko.

Behin udako etenaldia pasata, bisita gidatuen egutegiari berrekingo dio Arkeologiarako Arabar Institutuak, Bilibioko (Haro, Errioxa) gazteluaren hondarrei egindako bisita batekin. Defentsarako arkitektura: Arabako lehen gazteluen arkeologia izena daraman programaren baitan egingo dute ekimena.

"Iturrien arabera, bereziki Antzinaro Berantiarrean eta Goi Erdi Aroan garrantzitsua izan zen gotorleku militarretik geratzen diren hondarrak ikusiko ditugu bisitaldi honetan", iragarri du institutuak ohar batean. 

Inguru horretan kokatzen du tradizioak San Felices eremitaren bizilekua, eta gaur egun, hain justu, gaztelutik 300 bat metrora dagoen baseliza da inguruko eraikuntzarik nabarmenena. Haron urtean behin ospatzen duten ardoaren bataila ospetsua inguruan egiten dute.

Besteak beste, gaztelua erabili izan zen garaian zerabilten komunikazio sistemaren berri emango die bisitariei Jose Maria Tejado Sebastian Errioxako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiaren irakasleak. EHUko GIPYPAC Ondare eta Kultur Paisaietan Ikerketa Taldeko ikertzailea da Tejado Sebastian, eta ingurua gertutik ezagutzen du, tartean Bilibioko Kastroaren esku hartze arkeologikoa gidatu baitu.

Hilaren 14an egingo duten bisita doakoa izango da AAI Arkeologiarako Arabar Institutuko kideentzat, eta 5 eurokoa kide ez direnentzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago