Tedejako gotorlekuak irekiko du 2024ko bisiten egutegia

Erredakzioa 2024ko api. 23a, 10:36

Antzinaro Berantiarrean eraiki zuten gotorlekua, eta Erdi Aroan zehar erabilia izan zen. Argazkia: AAI

Trespadernen (Burgos) dagoen gaztelua ezagutzeko bisita prestatu du Arkeologiarako Arabar Institutuak. 

Maiatzaren 11n Tedejako gotorlekua (Trespaderne, Burgos) ezagutzeko bisitarekin hasiera emango dio Arkeologiarako Arabar Institutuak 2024rako prestatu duen bisita gidatuen programazioari.

Erakundeak ohar batean iragarri duenez, aurtengo bisiten programa Arabako eta inguruko gazteluak ezagutaraztera bideratuko dute. Defentsarako arkitektura: Arabako lehen gazteluen arkeologia izena eman diote programazioari.

Antolatzaileek azaldu dutenez, gazteluak duela hainbat hamarkadatatik baino ez dira ikertu modu sistematikoan arkeologiaren ikuspuntutik, eta, horri esker, idazkietan baino oinarritzen ez ziren diskurtsoetatik harago joan ahal izan dute ikertzaileek, informazio berria eskuratuz.  

Urte osoan sei bisitaldi egingo dituzte, ahal den gehienetan aztarnategi bakoitzeko lan arkeologikoak zuzendu dituzten adituen eskutik.

Lehen bisitaldiari dagokionez, inguruko gaztelu zaharrenetako batera egingo dute. Izan ere, egin diren datazioen arabera, gotorlekua V. mendean eraiki zuten, Inperio Erromatarraren azken uneetan; ondoren, denbora luzean erabili izan zen Erdi Aroan zehar, XII. menderaino. 

Jose Angel Lecanda historialariak gidatuko du bisita. Lecandak Antzinarotik Erdi Arorako trantsizioan gotorlekuak gordetzen duen La Horadada haitzarteari buruz egin zuen doktoretza tesia, eta bertako interpretazio zentroaren eraikitze lanak zuzendu zituen.

Hurrengo bisitaldiei dagokienez, maiatzaren 18an Markizko gaztelua bisitatuko dute, Ismael Garcia-Gomezen eskutik. Ondorengo bisitetan Zaitegi (Letona), Argantzon, Bilibio (Haro, Errioxa) eta Portilla ezagutzeko parada izango dute bisitariek. 

Aurreko urteetan bezala, bisita doakoa izango da AAIko edo Landazuriko kideentzat zein 16 urtetik beherakoentzat; kide ez direnentzat bisitak 5 euroko kostua izango du, bisitaren egunean bertan ordaintzekoa. Halere, aldez aurretik izena eman beharko da secretaria@iaa-aai.org posta elektronikoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago