"Larrialdi zerbitzua larrialdi egoeran dago". Hala ohartarazi du, beste behin, ESK sindikatuak, gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoan. La Pau enpresa azpikontratatuak Araba eta Bizkaian ematen du zerbitzua. Hilabeteak daramatzate sindikatuek La Paurekin lotutako gertakariak salatzen, eta biztanleen osasunean "arrisku onartezina" sortzen ari direla ohartarazi du ESKk.
Abuztuan soilik 200 gorabehera baino gehiago izan dira anbulantzien txandetan. 100 kasu baino gehiagotan anbulantziak egun osoan zehar funtzionatzeari utzi dio, txandarik ez zegoelako, eta zerbitzurik gabe gelditu dira herri ugari. Langile nahikoa kontratatu ez izana da arazoa, sindikatuen esanetan. Izan ere, kasuen gehiengoa (% 72) langileen oporrak ez betetzeagatik izan da, eta beste % 15 bajak edo eszedentziak betetzeko langileak kontratatu ez izanagatik.
ESK sindikatuak gogor kritikatu du La Pau enpresaren jarrera, arazoen aurrean "plantilla kriminalizatu" duela esanez. Enpresaren esanetan arazo puntualak eta aurreikusi ezinak izan dira gertakariok, baina ESKk jakinarazi du erraz aurreikusi zitezkeela arazoak, gehiengoa langileen oporren ondoriozkoak izan direlako, aurreko urtetik jakinarazitako hutsuneak. La Pau enpresak kontrataziorako diru publikoa kobratzen duela gogorarazi dute eta, beraz, ez dela onargarria txandak ez betetzea kontratazio faltagatik.
Herritarren osasunean kalte handiak sortzen dituzte gertakari hauek, sindikatuak ohartarazi duenez. Joan den astean Laudion hildako bizilaguna horren adibide, baina adierazi dute "ohikoegiak" bilakatu direla halako egoerak, prentsan hainbeste agertzen ez badira ere.
Eusko Jaurlaritzaren zigorra, "berandu"
Anbulantziekin dagoen egoera Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzaren kontrol eta ikuskapen faltaren ondorio dela salatu du ESKk, gabezia "kronikoa" dagoela ohartarazi dute. Alabaina, La Pau enpresari milioi bat euroko zigorra ezarri dio Eusko Jaurlaritzak azken egunetan, arau-hauste ezberdinak egotzita. Zigorra "berandu" datorrela salatu du sindikatuak, hilabeteak daramatzatelako gorabeherak salatzen.
Gainera, zigor horrek langileei kalte egingo diela ohartarazi dute. Izan ere, langileek soldatak jasotzeko atzerapenak jasan izan dituzte, eta oraindik ere badaude kobratu gabeko zenbatekoak airean. Bestalde, adibide gisa, aipatu dute gaur bertan haien lankideek ezin izan dietela anbulantziei gasolina bota, enpresaren Solred txartelak ez duelako funtsik.
Inoiz ixten ez diren zerbitzuak ixten
Beste adibide esanguratsu bat ere eman dute prentsaurrekoan. Abuztu erdialdean, osasun laguntza 24 orduz bermatzen duen baseetako batean, langileak konturatu ziren haien txanda amaitzean ez zegoela erreleborik, hurrengo txanda ez zegoela betea. La Paueko arduradunari zer egin galdetuta, hark esan zien "giltzaz itxi eta etxera joateko". Langileek ez zekiten giltza non zegoen ere, base hori inoiz ez baitzen itxi, etengabeko arreta eskaini behar duelako.