Eskola garraioa bermatuta dagoela ziurtatu du Jaurlaritzak

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 29a

Eskolara joateko arazorik ez dela izango iragarri du Jaurlaritzak. Argazkia: Alea

Araban, guztira, 128 ibilbide izango dira prest, Hezkuntza Sailak adierazi duenez.

Sektoreko eragileekin hitz egin ondoren, ikasturte honetako hasieran eskola garraioko ibilbide guztiak martxan jarriko direla iragarri du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Guztira 128 ibilbide izango dira Araban, 194 Bizkaian, eta 91 Gipuzkoan. Pedrosak eskerrak eman dizkie garraio konpainiei "akordioa lortzeko jarreragatik" eta "Hezkuntza Sailarekin lanean jarraitzeagatik".

Neurri honekin eskola garraioak iaz eduki zituen arazoak konponduta utzi izan nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. 2023/2024 ikasturteko lehen egunean Araba eta Bizkaiko 10.000 ikasle inguru eskola garraiorik gabe gelditu ziren, garraio konpainien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko tirabiren ondorioz. Jauraritzak eskainitako ibilbide asko ez zituzten bete konpainiek, eta Arabako zerbitzuen %80 baino gehiago bertan behera geratu ziren. Aurten, aldiz, udan zehar hartutako akordioek 2024/2025 ikasturterako zerbitzua bermatuta utziko dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago