Haien ibilbidea eta eskaladarena aztertu ditugu, "plano bertikalari" dioten maitasuna ulertzeko.
Nondik datorkizue mendiarekin eta eskaladarekin lotura?
Borja Donnay: Txikitatik ibili izan gara mendian jolasten elkarrekin, etxetik gertu. Oporretan ere gure eremua beti mendia zen, txabolak egiten edo dena delakoa. Hori zen gure jolas lekua.
Txiki Donnay: Eskalada lotzen dugu askatasun eta abenturarekin. Gazteak ginenean ni hasi nitzen eskalatzen, eta gero Borja. Txikitatik mendian ibilita, naturala izan zen.
Anaiak eta soka-lagunak zarete. Zer moduzkoa da hori?
TD: Gauza onak eta txarrak ditu, denak bezala. Lotzen zaren momentutik, kordada bat zarete, elkarri lotuta zaudete onerako edo txarrerako. Asko ezagutzen dugu elkar, batzuetan laguntzen du horrek, baina etengabeko gatazka iturria ere bada. Pikeak, modu osasuntsuan, baina beti gaude hor, ea nork salto egingo altuen dagoen lekutik, nork igoko mendia azkarrago.
Hortik datorkizue erronkak gainditzeko gogoa?
BD: Modalitate batzutan ez zaude lehiatzen, sokakideari laguntzen baizik. Momentu lasaietan, edo jolasean, badago lehia gehiago, baina guri gehien gustatzen zaizkigun modalitateetan ez.
TD: Entrenatzean badago pike gehiago, bai. Bloke bat ez badu egiten niri irribarretxoa aterako zait, hori bilatzen dugulako entrenatzean, lehia horren bitartez hobetu eta motibatzea. Baina mendiak zure lekuan jartzen zaitu. Beldurra sartzen denean akabo. Proiektu bat elkarrekin egin nahi badugu, bata besteari laguntzen gaude, bion intereserako.
Nolakoa izan da zuen ibilbidea?
TD: Hasieran aitonaren autoa hartu eta Arabako eskalada eskolak ezagutzen hasin ginen: Egino, Atauri, Apilaiz, Baltzola. Hortik pixkanaka handitzen joan gara jolastokia, geroz eta esperientzia eta gradu handiagoa lortuz. Gerora Pirinioetan, Picos de Europan, Alpeetan, Marokora bidaiatzen hasi ginen, Jordaniara, Peru, Tailandia... mundua handia da, leku asko geratzen dira oraindik. Beti jolasteko, eta abentura bila.
Lehen eskalada bizitzeko modu bat zen, orain jendeak astearte eta ostegunetan egiten du
Abentura bila leku arriskutsuetan aritu zarete.
TD: Abenturak arriskua behar du. Hiri batean, edo etxe barruan, dena kontrolpean daukazu, leku seguruan, euritik babestuta. Baina mendian zaudenean, bakarrik, isolatuta, eta leku pixka bat arriskutsu batean, horrek eragiten du bizirik sentitzea. Denbora guztian egon behar duzu pentsatzen, non egingo dugu lo, ura aurreztu behar da, animaliak, kontuz ze hemen erortzen bagara...
Sustorik izan duzue?
TD: Handirik ez.Formakuntzetan beti esaten dugu denok izaten ditugula akatsak eta adi egon behar dugula beti, batez ere jaitsieran. Erlaxatzen zarenean gertatzen dira gehienetan istripuak. Susto handiegirik ez dugu eduki. Eskalada luzerako kirola da, eta gustatuko litzaiguke zaharrak izan eta eskalatzen jarraitzea. Azkarregi erretzen baduzu, eta mila lesio izan, agian ez zara iristen.
Eskalada mota ezberdin asko egin dituzue. Zein duzue gustukoen?
BD: Ibilbidea egiten zoaz. Hasieran agian hasten zara formakuntza gutxiago eskatzen dizun mota batekin, deportiba egiten edo rokoan. Gutxinaka aukerak zabaltzen zoaz, ikusten mendia egiteko modu asko daudela. Garai eta leku bakoitzak modu bat eskatzen dizu. Gu gehien motibatzen gaituena da ezagutza hori garatzea. Etengabe gauza berriak aurkitzen zoaz, arroka lehenengo, izotza ondoren. Agian egon daiteke mendi bat diziplina horiek guztiak eskatzen dituena, eta eskuragarriagoa ikusiko duzu.
Esan izan duzue zuen lana dela mendiaren baloreak transmititzea. Zein dira?
TD: Balore horiek oso lotuta doaz elkar zaindu eta laguntzearekin, naturarekiko eta animaliekiko errespetuarekin, eta gutxirekin bizitzeko gaitasuna izatearekin. Finean, zoriontasuna egunerokotasuneko gauza txikietan bilatzea. Guzti hori transmitizea bilatzen dugu formakuntzaren bitartez. Geroz eta jende gehiago dago mendian, eta inpaktua eragiten du horrek. Guk jendea eramaten dugu mendira, gure lana da, eta nahiko genuke pertsona horiek aliatuak izatea.
BD: Mendia idealizatua ere badago. Zein diren benetan ideal horiek, hainbeste aldatu dira gauzak zaila dela esaten. Saiatzen gara erakusten guk nola ulertzen dugun mendia, zein den bere esanahia. Gure ikuspuntu pertsonala jartzen dugu. Ziur aski izango du zerikusia beste gauza askorekin, ez soilik mendiarekin. Errespetua, inguruarekiko bere osotasunean.
Asko aldatzen ari da mendia? Zer bilakaera izan du eskaladak eta mendizaletasunak?
BD: Gizartearen bilakaera. Mendia aldatzen da, baina ez da mendia bakarrik. Harremantzeko modua da, gizartea.
TD: Eskalada edo mendia gizartearen isla dira. Askotan argazkiaren garrantzia ikusten dugu, ematen du dena dela azken momentuko tontorreko argazkia, eta ez hainbeste bizi izandako bidea, zer sentitu duzun. Lehen jendea menditik etortzen zen eskaladara. Lehen bota asko eta katu-oin gutxi zegoen, eta gaur egun jendea dator katu-oin asko eta bota gutxirekin. Jende asko rokodromotik dator, eta falta da, nik uste, mendian ordu gehiago egotea. Egon, besterik gabe, erronka handirik gabe, egoten ikastea.
Energia berezi batekin itzultzen zara menditik, eta bukatzen doa hirian denbora asko igarotzen baduzu
Masifikatzen ari da?
TD: Baietz uste dut. Covid garai ostean sekulako igoera egon da outdoor kiroletan. Normala da, jendeak hiritik ateratzeko beharra du. Horrek batzuetan arazoak ekartzen ditu, masifikazioak eragiten du araudia agertzea, legea. Gu piratak gara, beraz hori ere kudeatu behar da. Eremu askeak geroz eta mugatuagoak dira. Orduan geroz eta gehiago joaten gara hegoaldera, pixka bat askeagoak garelako hor.
BD: Ematen du mendia ere bihurtu dela araututako eremu. Babestea ondo dago, baina alde txarra ere badauka. Nola egon daitezke debekatuta sua edo lo egitea bezain gauza oinarrizkoak?
Rokodromo komertzialak ere asko ugaritzen ari omen dira.
TD: Gaur egun eskalada bihurtu da beste kirol bat gehiago. Lehen gehiago zen bizitzeko edo aske sentitzeko modu bat, ezarritakotik ihes egitekoa. Gaur nik uste jendeak egiten duela eskalada astearte eta ostegunetan, eta horrek laguntzen diola egunerokotasunean aktibo egoten. Behar dira horretarako espazioak, rokodromoak, eta kristoren gorakada egon da, beteta egoten dira.
Batzuk esaten dute badaudela lehen mailako mendizaleak eta bigarren mailakoak.
BD: Bakoitzarentzat eskalada edo mendia gauza ezberdin bat izango da, ez du esan nahi zurea hobea izango denik. Besteena epaitzen duzunean, ematen du zure mendia ulertzeko modua dela ona, eta besteena ez. Guk egiten dugu gustatzen zaigulako, momentu honetan aukeratu dugun bizitzeko modua delako. Ez hobea, ez txarragoa, ezta jarraitu beharreko eredua ere.
TD: Ni saiatzen naiz hainbeste ez epaitzen domingeroa. Guretzako eskalada aitzakia bat da bidaiatzeko, jendea ezagutzeko, lagunekin terapia egiteko, gastronomia edo kultura ezberdinak ezagutzeko. Espaziontzi bat dela esaten dut nik, planeta batetik bestera eramaten zaituena. Eskalada bitarteko bat da, baina benetan garrantzitsua horren inguruan gertatzen dena da.
Donnay Anaiak proiektua sortu zenuten, nola azalduko zenukete?
BD: Dirua behar dugu bizitzeko, eta gure pasioa bihurtu genuen ogibide, formakuntzak ematen eta gida bezala jarduten. Garrantzia ematen diogu ezagutza transmititzeari, bai lehen aipatutako alderdi filosofikotik, baina baita formakuntza teknikoagoa ere.
Kontakizun subertsibo batzuk ere idatzi dituzue.
TD: Mendian gaudeneko bizipenak jaso nahi genituen, eskalatzearen epikatik kanpo. Bidean gertatzen den guztia transmititu ahal izateko, Borja hasi zen kontakizunak idazten, Jordania eta Alpeetako bidaietakoak. Ideia da subertsiboak izan daitezela, bibaketan uztea, mendiko aterpetxeen komunetan, antroetan, halakoetan uzten dugu liburuxka. Batere epikarik gabekoak dira, abenturazko kontuak. Chamonix-en lapurretan, autopistetako bidaiak, Jordaniako aireportua...
BD: Ez daude interneten inon.Ematen du dena dela ikus-entzunezkoa gaur egun. Paperean bakarrik ditugu, horrela irakurtzekoak dira. Asmoa da hor zehar aurkitzea, espero izan gabe.
Zer egin duzue Jordanian? Dokumentala ere grabatu duzue.
TD: Eskalatzera joanda, lotura berezia sortu genuen leku horrekin, Wadi Rum-ekin. Lan egiten hasi ginen, jendea eramaten gurekin eskalatzera, eta hortik atera zen dokumentala egiteko aukera. Kosta zitzaigun hasieran onartzea, kamerak eta, zirkua zela sentitzen genuen. Baina aukera polita izan da hango bizitza erakusteko, beduinoen bizimodua. Berriz ere eskalada aitzakia izan da, han bizi diren pertsonez hitz egin ahal izateko. Grabatuta dago, urte bukaeran ateratzea espero dugu.
Eskaladako bideak irekitzen ari zarete PeÒa Karrian. Filosofiarekin lotura dauka horrek? Kolektiboari egindako ekarpena da?
TD: Ematen du egiten duzula eskalatzaileen
komunitatearentzako, baina zuretzako egiten duzu. Beste gauza bat da gero komunitateak erabiltzea, baina bide berri bat prestatzen duenak gustatzen zaiolako egiten du. Ikasten jarraitzeko modua da guretzat. Arroka baliabide mugatua da. Zorionekoak gara arroka zati bat aurkitu dugulako oraindik ez dagoena leunduta edo kaltetua. Geroz eta urriagoak dira horrelakoak.
BD: Agian beste batzuek bizi izan zuten dena aurkitzeke zegoen garaia, arroka pila bat eta bat ere zabaldu gabe. Gaur egun, hemen Euskal Herrian behintzat, asko dago eginda, zailagoa da topatzea, leku agerikoenak hartuta daude.
Zer lotura duzue zuek harriarekin, mendiarekin?
BD: Gurekin dagoen zerbait, presente dagoena orain leku guztietan.
TD: Eszenatoki bertikala da, eta plano horretatik ikusi dezakezu natura. Egunerokotasuneko eszenatoki bihurtu da guretzat, izan lanagatik edo aisiagatik. Batzuetan plano horizontalera jaitsi beharra izaten da, eta jakin behar da hor moldatzen, hirietara itzultzen, Kutxira, Gasteiza.
Zaila egiten da itzulera?
TD: Bai. Denbora asko ematen duzunean plano bertikal batean, putreekin, zure kordadarekin harremantzen, lasaitasun eta abentura artean, kostatzen da gero hiriko estresera itzultzea. Energia berezi batekin itzultzen zara, eta bukatzen doa denbora asko igarotzen baduzu hirian. Berriz eszenatokiz aldatu beharra izaten dugu, gu geu sentitzen garen lekura itzultzea.
BD: Plano horizontal horrek xurgatu egiten zaitu, eta asko kostatzen da ateratzea. Ez da furgoneta hartu eta joatea besterik, baina batzuetan kosta egiten da berriz aldatzea. Hor gaude beti, itzuli eta berriro joan.