Mende bat erraketa hotsik gabe

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko abu. 3a, 08:00

‘Gu Agustina’ ikuskizunaren irudi bat, Ereintza dantza taldeak erraketistei eskainia. Argazkia: HERRI BIZIA

Gasteizko jaietan, Fronton Vitorianon, debuta egin zuten emakume erraketistek duela 105 urte. Kirolariek erakutsitako "zorroztasuna", "adimena" eta "oldarkortasuna" azpimarratu zuten garaiko egunkariek.

"Erraketistek joko mugitua egiten dute, pilota zorrotz eta erasokor jasotzen dute eta jokaldi adimentsu ugarirekin egiten dituzte tantoak". "Partida atsegina egin dute, piloteatua eta lehiatua amaierara arte". 1919ko abuztuan, Gasteizko jai betean, Fronton Vitoriano mitikoan dozena bat emakume erraketistek jokatu zuten lehe0n partidaren inguruan idatzitako kroniken pasarteak dira, La Libertad eta Heraldo Alavés egunkarietan. Lehenbiziko aldia zen Arabako frontoi nagusian emakume erraketistak ikusten zituztela.

Emakumezko kirolari profesionalen jardunaren inguruko mesfidantzak eta aurreiritziak uxatzeko balio izan zuten partida horiek. Izan ere, publikoaren aurrean, arrakasta handia lortu zuten "andereño pilotariek". Heraldo Alavés egunkari tradizionalistak honela azaldu zuen ikusitakoa: "Berritasun bat ikusi dugu. Madrilgo Fronton Modernoko erraketistak. Haien aurkezpena zuhurtziaz hartu zen, bateraezinak ikusten zirelako emakumearen gorpuzkera fisikoa eta kirolaren jardunaren zakartasuna. Bada, gaur asko gara esperientzia horren emaitzaz pozik geratu garenak, eta batzuk erraketisten jokoan aurkitzen ditugu gizonezko pilotarien eskuzko jokoan ez dauden berezitasunak".

Maribel Aldasoro Albizuribe legutioarra 1970ean kontratatu zuen profesional gisa Madrilgo frontoiak

Jarduera profesional gisa jaio eta bi urtera aurkeztu ziren emakume erraketistak Arabako hiriburuan, Juan Alti enpresari pilotazalearen feudoan hain zuzen. Guztira, sei partida jokatu zituen Madrilgo Fronton Modernoko lehen taldeak: Ursinda eta Felisa pilotariek Asuncion eta Maria bikotearen kontra jokatu zuten lehen partida, abuztuaren 2an, 22:30ean; hurrengo egunetan Joaquina, Mercedes, Lolita, Rosita, Adela, Marina, eta Consuelo aurkeztu ziren Arabako kantxan.

Lehen profesionalak

65 urte luzez, 1915 eta1980 urteen artean, bi mila emakume baino gehiagok, arrakasta handiz, erraketaren modalitatea praktikatu zuten Espainian, Katalunian, Euskal Herrian, Kuban, Brasilen eta Mexikon, besteak beste. Lehen kirolari profesionalak izan ziren, gainera, eta Gizarte Segurantzan kotizatu zuten lehen emakume kirolariak. Gasteizen, ordea, 1919ko debutaren arrakastaren ostean, ez da berriro emakume erraketisten izenik agertzen inongo pilota jaialditan, ezta hurrengo urteetako jaietako iragarkietan ere.

Gasteizko Fronton Vitoriano pilotalekua "gizonen kontua" izan zen bitartean, XX. mendeko lehen urteetan, erraketaren jokoa lanbide bihurtu zen euskal gazte askorentzat, eta jostundegiak, garbitegiak edo fabrika bateko lanak ez bezala, diru sarrera eta denbora libre handiak eskaini zizkien garaiko emakumezkoei. Erraketaren eztanda 1917an izan zen, Madrilen frontoia inauguratu zutenean.

Olatz Gonzalez Abrisketa EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak sakon aztertu du erraketisten jarduera, eta gai horren inguruko Pelota Vasca: un ritual, una estética (2005) eta Raquetistas. Gloria, represión y olvido de las pelotaris profesionales (2022) liburuen egilea da. Horietan eta idatzitako hainbat artikulutan jaso du Gonzalez Abrisketak 1910eko hamarkadan sortu zela erraketaren modalitatea, "frontenisaren antzekoa, baina larruzko pilotaz egina".

Denak frontoian

Ordurarte, ohikoa zen frontoietan emakumeek pilotan jokatzea, euren artean zein gizonen aurka; esku pilotan toki batzuetan, zesta-puntan beste batzuetan. Horren isla da La Correspondencia de España egunkariak, 1886an, jasotako aipamen hau: "Hilaren 15ean, arratsaldez, Oiartzunen jokatu zen berrogeita hamar urteko neska ezkongabe baten eta hogeita hamar urteko gazte baten arteko partida. Berrogei tantora jokatzen zuten, eta ezkongabeak irabazi zuen, kontrarioa hogei tantotan utzita".

Erraketa, berriz, Madrilen bihurtu zuten modalitate profesional. Izan ere, erraketa industrialeko lehen frontoia – sarrera, aldi bereko apustua eta zerga ordainketarekin – Madrilen ireki zen, 1917an. "Hamasei erraketista profesionalez osatutako taldea zuen. 1929an, tokia aldatu eta Fronton Madrid berria inauguratu zuten, klub soziala, jatetxea, ile apaindegia, aretoak eta terrazak zituena. Orduan, 45 erraketista izatera iritsi ziren. Ordurako, gainera, hamar bat frontoik emakumeak kontratatzen zituzten pilotan profesionalki aritzeko", azaldu du irakasleak.

1940an, 1.497 pilotari profesional zeuden; erdia baino gehiago emakume erraketistak ziren

Gonzalez Abrisketak jaso duen informazioaren arabera, estatus handiko emakumeak ziren erraketistak. Momentuko pilotari onenak, Carmen Lopez La Bolchek, adibidez, 2.500 pezeta irabazten zituen hilean. "Ricardo Zamora atezainak bakarrik gainditu zuen soldata hori, Real Madrilek fitxatu zuenean, 3.000 pezetako soldatarekin", zehaztu du antropologoak.

1930 eta 40 urteak izan ziren kirolari hauen oparoenak, diru asko mugitzen baitzuten frontoiek apustuei esker, eta emakumezkoak beren familien sostengu ekonomikoa bilakatu ziren.1936ko altxamendu faxistaren aurretik, erraketa Sevillara, Balearretara, Logroñora, Bilbora, Donostiara, Habanara, Sao Paulora eta Mexiko Hirira zabaldu zen. Madrilek eta Bartzelonak lau pilotaleku zituzten, eta lau eta sei partida artean eskaintzen zituzten egunero. "Frontoi horiek ehunka pilotari profesional kontratatzen zituzten, eta batez ere Euskal Herriko eskola espezializatuetatik ateratzen ziren".

Entrenatzeko eskolak

Erraketa etorkizun handiko ogibide bihurtu zen orduan neskentzat, eta Eibar bezalako herrietan gazte guztiek pilotari izan nahi zuten, oso ondo ordaindutako lana zelako. Gainera, entrenatzeko eskola asko sortu ziren Euskal Herrian, eta hortik hartzen zituzten jokalari gehienak beste frontoietan. Gune nagusia Eibarren zegoen, hiru eskolarekin: Astelena, El Caminero pilotalekukoa eta udal pilotalekukoa. Geroago, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Zarautzen, Azkoitin eta Errenterian ere zabaldu ziren eskolak.

Ospe handia lortu zuten kirolari profesional horien artean gehienak gipuzkoarrak ziren, baina arabar bakan batzuk ere ibili ziren etxetik kanpo, frontoietan. Maribel Aldasoro Albizuribe legutioarra 1970ean kontratatu zuen profesional gisa Madrilgo frontoia zuzentzen zuen enpresak, eta urte batzuk eman zituen bertan, hogeita hamar erraketistek osatutako taldean.

Gainera, Legutioko pilota kluba aitzindaria izan zen neska erraketisten eskola bat sortzen, 60ko hamarkadan. Urte batzuk beranduago, 1975ean, Legutioko klubaren antzera, neska talde txiki bat prestatzeari ekin zion Gasteizko Zaramagako klubak, frontoian erraketa modalitatea praktikatzeko interesa zutenen artean. 1976ko apirilean egin zuten aurkezpena, lehen partida ofiziala jokatuz. Halere, urtebete eskas baino ez zuen iraun Zaramagako erraketisten taldeak; ordurako oso gainbeheran zegoen kirola, desagertzeko zorian.

Pilotaren munduko pertsonek eta euskal instituzioek ere emakume kirolariak desagertzen lagundu zuten.

Erraketaren urrezko aroa gerraosteak eta frankismoak zapuztu zuten. 1940an, guztira, 1.432 pilotari profesional zeuden jardunean: "92 eskuz, 106 erremontez, 185 palaz, 265 zesta-puntaz, 734 erraketaz eta 50 bestelako modalitateez". Hau da, emakume erraketistak pilotari profesionalen erdia baino gehiago ziren, euskal kirolarien migrazioaren ikonoak izan diren puntisten zenbatekoa hirukoiztuz.

Espainiako Gerra amaitu eta bi urtera, erregimen frankistak Kiroletako Ordezkaritza Nazionala sortu zuen, eta Moscardo jenerala izendatu zuten Kiroletako Estatu idazkaria. Erraketa profesionala ez zetorren bat frankismoaren ideologia misoginoarekin, eta Moscardo jenerala kirola debekatzen saiatu zen, "antzutasunean laguntzen duen jarduera ez femeninoa" zela esanez. Pilotaren industriaren presioak, ordea, asmoak arintzea lortu zuen. Frontoiak martxan egon ziren, baina emakumeei ez zitzaien lizentzia profesional berririk eman. Erabaki haren ondorioz, erraketaren eskolak itxi ziren eta belaunaldien arteko erreleboa eten zen. Hamasei urte geroago, 1957an, Moscardo jeneralaren heriotzarekin batera, kirolarien lizentziei buruzko debekua bertan behera geratu zen, eta erraketista sorta berri batek debuta egin zuen. Alta, praktika profesionalarekin lotutako industria ez zen berreskuratu, eta erraketaren kirol profesionala pixkanaka desagertu zen.

Gutxiesteko diskurtsoa

Gonzalez Abrisketak jaso duenez, erregimen frankistaren debekuak ez ezik, pilotaren munduko pertsonek eta euskal instituzioek ere emakume kirolariak desagertzen lagundu zuten, frontoiak gizonezkoenak baino ez ziren espazioak bezala identifikatuz, erraketisten ekarpena baztertuz eta bere jarduera gutxiesteko diskurtsoak hauspotuz. "Gizonak behar zituen proiektu nazional batetik ezabatu egin zituzten erraketistak, frankismoan umiliatutako maskulinitatea berriz eraikitzeko".

Euskal nazionalismoaren diskurtso horretan, euskal pilota eta bere modalitate guztiak gizonezkoenak baino ez ziren. Hartara, esperientzia handiko kirolari profesionalak izan arren, diru dezente irabazi arren, miresle asko eraman arren, aldizkari espezializatuak edo kromoen bildumak protagonizatu arren, euskal frontoietan inoiz ez zituzten serio hartu erraketistak, eta mespretxuz tratatu zituzten. Are gehiago, gizonak frontoira erakartzeko eta apustuetan parte hartzeko amu sexualak besterik ez izatea leporatu zitzaien erraketistei.

Gauzak horrela, kirolaren praktika ia ezinezko bihurtu zen, debekuen eta haren konnotazio negatiboen ondorioz. 1980ko uztailaren 17an azken erraketa partida jokatu zen Madrid pilotalekuan. Une horretatik aurrera, pilota modalitate hori eta haren protagonistak desagertzen joan ziren. "Gizartean eta ekonomian arrakasta handia izan zuen arren, eta bertatik bizi izan ziren euskal jokalari eta familia kopuru izugarria gorabehera, frontoiko erraketa azkarregi ahaztu zen", idatzi du Gonzalez Abrisketak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago