Harribitxi txiki andana aurki daitezke Arabako Fournier karta museoaren pareta eta beira-arasetan zehar, baina, beste zenbait leku berezitan gertatu ohi den moduan, kasu honetan ere eraikina bera edukia bezainbeste da preziatua. Ez da arte ederretan aditu izan beharrik Errenazimendu estiloko jauregien edertasunaz jabetzeko, eta, Bendaña jauregiaren kasuan, halaxe gertatzen da. Izen hori daraman arren, jauregiaren hormetan ikusten diren armarriak ez dira Bendañatarrenak, Arrieta-Maestutarrenak baizik. Eurak izan ziren Erdi Aroko dorre baten inguruan eraiki zutenak, museoko teknikari Edurne Martinek azaldu duen moduan.
"XX. mendearen hasieran agirretarrek erosi zuten, eta aroztegia jarri zuten. Denbora batez, egurren biltegi gisa erabili zuten, bai eta altzariak salgai jartzeko ere". Karta sorten historian ez ezik, museoan lanean emandako urteetan eraikinaren historia ere arakatu du Martinek. Kasurako, garaiko prentsan XX. mendearen hasierako kronikatxo bat aurkitu zuen. "Oso bitxia izan zen ordukoa: artista okupa batzuk eraikinean sartu ziren, eta gauean kontzertu bat egin zuten", gogora ekarri du.
Logikoa denez, erakinaren azken hamarkadetako ibilbidea xehetasun askoz gehiagorekin ezagutzen da. Hala, 1994. urtetik Fournier museoaren egoitza da, diputazioak eraikina horretarako berariaz erosi eta zaharberrikuntza garrantzitsu bat egin eta gero. 1916tik Felix Alfarok — Heraclio Fournierren bilobak— enpresa bere gain hartu zuenean hasi zen bildumaren abiapuntua. Martinek dioenez, enpresaren ardura hartu eta Fournierren bulegoan sartu zenean kaxoi batean aurkitu zituen Alfarok lehen bi karta sorta. Pixkanaka bilduma handituz joan zen, bai Fournier enpresak berak ekoitzitako karta sortekin zein hainbat lekutan erositakoekin. "Hasiera batean fabrikaren hormetan jarri zituzten, apaingarri moduan. Ondoren, Adurtzako fabrikaren alde bat museorako erabili zuten". Enpresa gaur egun dagoen industrialdera joan zenean —Goiainera—, aldundiak bilduma erosi zuen. Hortaz, bilduma publikoa izatera igaro zen 1984tik. "Handik bi urtera, bildumaren zati txiki bat ikusgai jarri zen garaiko Museo Probintzialean; gaur egun Arte Ederren Museoa bihurtu den horretan, hain zuzen".
Teknologiarekin batera
Museoaren beheko aldean kartak egiteko erabiltzen zen makinaria lehen eskutik ikusi daiteke, denboran zehar erabilitako tekniken garapena ikusteko. Garapen hori bilduman bertan antzeman daiteke ere, toki eta denbora desberdinetan ekoitzitako karta sorten ibilbidea teknologiaren garapenarekin batera lerrokatzen baitira. Hala, lehen kartak eskuz egiten ziren, baina gero xilografi aren teknika asmatu zuten, egur xafl ekin oinarrizko inprenta baten modukoa eginez. Inprimatzeko teknikan emandako hurrengo pausua litografi arena izan zen. Erregistro marka batzuk jarraituta, hainbat kolore geruzetan ematen ziren, karta osatzeko.
"HASIERA BATEAN KARTAK FABRIKAN JARRI ZITUZTEN, APAINGARRI MODUAN". EDURNE MARTIN IBARRARAN
Beste zenbait asmakizun bezala, karten jatorria Txinan eta, oro har, ekialdean egon zen. Erdi Aroan garaiko merkataritza ibilbideetan zehar iritsi zen Europara. Hasierako urte horietako karta sorta bat, hain justu, garai horretakoa zen, eta Europako zaharrenetakoa da; 1420. urtearen ingurukoa. "Adituen artean, Probentzako edo Sevillako karta sorta bezala ezaguna da", azaldu du teknikariak. Azken izena datorkio Espainiako hiri horretan erosi zuelako Felix Alfarok.
Erdi Aroko Europara
Oro har, XIV. mendearen bukaeran iritsi zen joko berria Europa Mendebaldera, baina horren karta zaharrak ez dira gaurdaino iritsi. Bai, ordea, zenbait agiritan idatzitako aipamenak. Naip izeneko jokoaz hitz egiten da errimak sortzeko erabilitako hitz zerrenda batean; ludus novus izeneko batez, beste hainbatetan.
Ikusgai jarrita duten karta sorta zahar horretan gaur egungoen antza izan dezaketen hainbat palo badira, baina badago guztiz bitxia den palo bat. Adituek uste dute Indian Erdi Aroan egiten zen gerra joko batean erabilitako makilak izan ahal direla.
Kolonialismoaren garaian ingelesek joko hori beren gain hartu eta poloa bilakatu zuten. Paloak dira, hain justu, karten ezaugarri nagusienetako bat. Zentzu horretan, Martinek gogora ekarri du gurean bederen bi karta sorta nagusi ezagunak direla: espainiarra — bastoiak, ezpatak, kopak eta urreak dituena—, eta frantziarra —diamante, pikak, bihotzak eta hirustak—. Horrez gain, badira bestelako sortak: alemana, suitzarra edo italiarra, esate baterako. Alemana, hain justu, herrialde horretan erabiltzen da, eta, ohituta ez direnentzat, palo oso bitxiak ditu: arrosak, hostoak, txintxarriak eta ezkurrak. Adituek uste dute Mediterraneoko kostaldetik Europa barrurako ibilbidean paloak berezi eta ezberdintzen joan zirela. "Egin edo asmatu nahi zen jokoaren arabera, bestelako elementuak gehitzen zitzaizkien karta sortei". Horren adibide izan zen tarota bera, eta hari eskainita dute gela oso bat. "Betidanik izan da joko bat, baina XVIII. mendean iragarpenerako erabiltzen hasi zen. Baina, berez, karta sorta italiar batekin jolasten den jokoa da, beste hainbat karta berezi sartuta". Gaur egungo zenbait jokotan ere zortziak edo bederatziak beharrezkoak diren modu berean, hain zuzen.
Kartak berak ez ezik, horien inguruan sortutako lege edo araudi zenbait ere jasotzen ditu museoak. Izan ere, garai batean, erregeek ez zituzten begi onez ikusten karta jokoak, eta hainbat debeku edo araudi ezarri zituzten horien bueltan. Ez zen, inondik inora, moraltasunari lotutako zerbait, diruaren mugimenduaren kontrolari baizik: joko horien inguruan askotan apustuak eratzen zirenez, errege ogasunaren kontrolpetik kanpo geratzen ziren mugimendu horiek, eta, noski, agintariak ez zeuden prest horrelakoak onartzeko.
India, Pertsia edo Japonia
Bestalde, Ekialdean zenbait une historikotan erabili izan ziren karta sortak ere badituzte museoan. Hain zuzen, bertan asmatu zirenez, beira arasa horien aurrean ederki ulertu daiteke karta jokoen bilakaera. "Gaur egungoen aldean, itxura berezia dute lehen karta horiek. Kontuan izan behar duzu edozein umek asmatzen dituela joko txikiak harritxo, makiltxo edo landareekin. Bada, seguruenera, halakoetatik abiatu ziren kartak, beste euskarri batzuetan oinarrituta". Dominoa izan daiteke erdian egon zen jokoetako bat, Martinek iradoki duenez. Hipotesi horren arabera, papera asmatu zenean, hasierako joko horiek paper gainera eraman zituzten, karta jokoen eboluzioa abiatuz. Txinakoak ez ezik, Pertsiakoak ere arras bereziak dira, baina bertan dagoeneko agertzen ziren zaldunak edo erregeak. Indiakoak ere oso bitxiak dira, gure ikuspuntuarekiko bederen. Zirkularrak dira, museoan bertan ikus daitekeenez, eta, jokoaren arabera, sortak 96, 100, 120 edo 144 karta izan ditzake. Japoniaren kasuan, bertako poema ospetsu bat ikasteko moduko sorta paratuta dute museoan. 200 karta dira guztira, eta, behin poema ikasita, binaka jarri behar dira ehun hasierak eta ehun bukaerak, poema osoa osatu aldera.
Azkenik, Fournierrek ekoitzitako karta sorten eboluzioa ikus daiteke. Egia esanda, diseinu asko ezer gutxi aldatu dira XIX. mendean sortu zirenetik. "Gasteizko Arte eta Lanbide eskolara jo zuten, eta bertan aurkitu zituzten Emilio Soubrier irakaslea eta bere ikasle aurreratu bat: gerora ospe handia hartuko zuen Ignacio Diaz Olano, hain justu. Bien artean diseinatu zuten karta sorta hau. "Diseinu on bat baldin badaukazu, zertarako aldatu, ba?".