Beste behin, ate joka daude Olinpiar Jokoak: hilaren 26an abiatu eta abuztuaren 11ra arte egingo dituzte, Parisen. Araba ordezkatzen, lau lagun egongo dira. Orotara, 43 euskal kirolarik parte hartuko dute. Gehienak, Euskal Autonomia Erkidegokoak izango dira: zehazki, hamazazpi gipuzkoar, hamabi bizkaitar eta lau arabar egongo dira Parisen. Horiekin batera, Nafarroako zortzi eta Ipar Euskal Herriko beste bi kirolari egongo dira jokoetan, euskal kirola sustatzen duen Basque Team fundazioak iragarritakoaren arabera. Generoari dagokionez, kopuruak nahiko parekatuta daude, parte hartzaileen artean 18 emakumezko eta 15 gizonezko egongo baitira.
"Azken hamarkadetako euskal partaidetzarik zabalenetakoa" dela nabarmendu du Basque Teamek. Fundazioaren arabera, jaiotza tasaren jaitsierak kirolarien kopuruak hitzordu olinpikoetan "behera egingo zuela" iradokitzen zuen, eta joera hori 2021eko Tokioko hitzorduan agertu zela zirudien, joko horietan EAEko 20 kirolari baino ez zirelako lehiatu. Hortaz, kopuruak dezente egin du gora.
Lau ordezkari
Arabatik joango diren kirolariei dagokienez, horietako bat Salma Solaun izango da. 2005ean jaio zen Gasteizen, eta hiru urte zituela hasi zen gimnasia erritmikoa egiten, Beti Aurrera Klubean. "Hasieran zaletasun bat bezala aurkezten zena, bere pasioa eta bere bizitza bizitzeko modu bat izan da, kirol honekin erabat lotuz eta, ondorioz, kirol modalitate honen funtsezko balioekin: konpromisoa, sakrifizioa eta exijentzia", nabarmendu du fundazioak.
Majida Maayouuf, berriz, 1989an jaio zen Marokon, baina 2012tik Agurainen bizi da. "Ohikoa herri lasterketetan eta mendi lasterketetan, krosean nabarmendu da, Bilbao Atletismo taldean arituz". Atletismoaren alorrean, maratoia da bere espezialitatea. Besteak beste, 2023an Espainiako errekorra hautsi zuen, 02:21:27ko markarekin.
Tessy Eboseleren familia Nigeriatik etorri zen, baina bera Marokon jaio zen. Behin Gasteizen zela, gimnasia erritmikoa egiten hasi zen, baina hamahiru urterekin atletismoaren alde egin zuen, La Blanca klubean. Fundazioak nabarmendu du duela bi urte bi bide ireki zitzaizkiola: Madrilera joatea, gimnasia egiteko, ala Donostiara, bertan unibertsitate ikasle eta atleta gisa bizitzeko. Bigarrenaren alde egin zuen, bertan zoriontsuagoa izango zela sinetsita. "Zoriontsua banaiz, gehiago saltatuko dut", esan zion orduan haren entrenatzaileari.
Azkenik, Oier Lazkano gasteiztarra gaur egun Movistar taldean ari den txirrindularia da. Gazte gaztea zenetik hasi zen bi gurpilen gainean. Fundazioaren arabera, "txirrindulari menderaezina" da; "ausardia handikoa, bakarrik, lur lau edo bihurriekin eta ia mugarik gabeko potentziarekin" zamalkatzeko egina.