Arabako Batzar Nagusiek Kantabria Mendilerroa toponimoa berreskuratzearen aldeko eskaera ofiziala egin dute, gaur ALHAO Arabako Aldizkari Ofizialak jasotakoren arabera. Bertan, IGN Espainiako Geografia Institutu Nazionalari eskatu diote toponimoa berreskuratzeko mendilerroaren "erdialde osorako".
Hilaren 11n Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Batzordeak onartutako mozioa jaso du ALHAOk. PSE eta EAJ alderdiek aurkeztutako mozioak Elkarrekin Podemosen aldeko botoa jaso zuen. PPk ere toponimoa berreskuratzearen aldeko mozioa aurkeztu bazuen ere, azkenean taldeek ez zuten mozioak bateratzerik lortu, eta gobernuan dauden alderdien proposamena gailendu zen.
Aurretik, Kantabria Mendilerroaren aldeko plataformaren agerraldia izan zuten Batzar Nagusietan, eta, bertan, plataformako hiru kidek toponimoaren aldeko argudioak eman zizkieten talde guztietako ordezkariei.
"Arabako Batzar Nagusiek Geografia Institutu Nazionalari eskatzen diote kasu egin diezaiotela mendilerroaren iparraldeko eta hegoaldeko herrietan bizi diren herritar gehienek egindako eskaerari, hain zuzen ere, 'Kantabriako Mendilerroa' toponimoa mendikate horren erdialde osorako berreskura dadila, eta 'Toloño' toponimoa soilik mendebalderago manten dezala, azken bi mendeetan izan den bezalaxe", dio, hitzez hitz, gaur argitaratutako testuak.