Suhiltzaileen eta erresidentzietako langileen manifestazioak batu dira Probintzia plazan

Erredakzioa 2024ko uzt. 18a, 14:01

Erresidentzietako langileek eta suhiltzaileek elkarretaratzea egin dute Probintzia plazan. Argazkia: Alea

Arabako foru suhiltzaileek lan hitzarmena eskatu diote aldundiari. Etxebizitza komunitarioen sektoreak, aldiz, "erabateko prekarietate egoera" salatu du.

Arabako foru suhiltzaileak eta erresidentzietako langileak Probintzia plazan elkartu dira gaur, Foru Aldundiaren aurrean, talde bakoitzak bere manifestazioa egin eta gero.

Suhiltzaileek, bere aldetik, lan hitzarmenik gabe zortzi urte daramatela salatu dute. EAEko hitzarmenik gabeko zerbitzu bakarra dira, salatu dutenez. Gainera, plantilla handitzea eskatu diote Arabako Foru Aldundiari; suhiltzaile bat gehiago parke eta txanda bakoitzeko, hain zuzen. Eta esku-hartzeetan bidalitako suhiltzaileen kopurua handitzea, bitarteko agintariak sartzea eta suhiltzaileen buru bat ezartzea eskatu dute.

Zuzendaritza-gerentziaren kudeaketaz "nazkatuta" daudela esan dute, eta zerbitzu-aginduen inposaketak bertan behera uzteko eskaera egin dute. Grebak "parkeetako langileen murrizketa ez duela ekarriko" nabarmendu dute, "langile kopurua handitzeko aldarrikapenarekin bat datorrelako". Azkenik, negoziazioei berriro ekiteko eskatu diote zuzendaritzari.

Arabako egoitzen eta etxebizitza komunitarioen langileek, beste alde batetik, sektoreko lan baldintzak hobetzea eskatu dute. "Erabateko prekarietate egoeran" daudela salatu dute, gutxieneko soldataren inguruko lansariarekin edo 1.784 orduko lanaldiarekin, besteak beste. Patronalen irabaziak "langileen baldintza prekarioen kontura" direla adierazi dute, eta Arabako Foru Aldundiak egoera onartzen duela "diru publikoa erabiliz enpresa pribatuei zaintza merkantilizatzeko eskubidea emateko".

Sindikatuen aldetik, ELAk eta LABek hitzarmena lortzeko mahai negoziatzailea deitu zuten ekainaren hasieran, baina bi aldeetako proposamenak "trukatu" direla eta langileek gutxienekoetara iritsi gabe lau urte baino gehiago daramatela adierazi dute. Arabako adinduen egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortzeko akordioaren garrantzia nabarmendu dute halaber sindikatuek, baina "ez edozein preziotan". Gaur 18:00etan manifestazio nagusia egingo dute, Babesgabeen plazatik abiatuta Probintzia plazaraino.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago