Gutxinaka, Donostiako 72. Zinemaldian parte hartuko duten pelikulak aurkezten ari dira, eta horien artean izango da David Perez Sañudoren Azken erromantikoak, Txani Rodriguez idazle laudioarraren izen bereko eleberria oinarri duen pelikula.
Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko du pelikula Sañudok; bigarrenez izango da, 2020an Ane aurkeztu baitzuen bertan. Azken erromantikoak pelikula honetan Miren Gaztañaga da aktore protagonista; herri industrial baten fabrika batean egiten du lan, eta ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da haren egunerokoa. Euskadi Literatura saria irabazi zuen Rodriguezek pelikulak kontatzen duen Los últimos románticos eleberriarekin.
Patricia Lopez Arnaiz
Patricia Lopez Arnaiz aktore gasteiztarra ere izango da protagonistetako bat Zinemaldian. Pilar Palomerok zuzendutako Los destellos pelikulan parte hartuko du, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia liburua oinarri duen filman, besteak beste, Antonio de la Torre eta Marina Guerola aktoreekin.