Txani Rodriguez

"Paisaia kontsolagarri izan daiteke bakarrik gaudenean"

Anakoz Amenabar 2024ko mar. 2a, 08:00

Txani Rodriguez idazle eta kazetaria, Laudion. Argazkia: A. Amenabar

'Los últimos románticos' nobelaren arrakastaren ondoren, 'La seca' obrarekin bueltatu da idazle laudioarra, umetako oporraldi luzeak igaro zituen Los Alcornocales inguruari omenaldia eginez. Protagonista 'lehorrak' eta artelatzekin amaitzen ari den gaixotasunak gidatuko dute kontakizuna Andaluziako lurretan.

Hamaika poz eman dizkio Los últimos románticos eleberriak Txani Rodriguez (Laudio, 1977) idazle eta kazetariari. Besteak beste, Euskadi literatura saria jaso zuen 2021ean, eta nobelan oinarrituriko Azken erromantikoak filma grabatzen ari dira egunotan. Esku artean, gainera, La seca (Seix Barral) liburu berria du, Aiaraldetik Andaluziako herri txiki batera eraman duen kontakizuna. Bakardadea muinean honetan ere, ingurumena, interesen arteko talka edo misterioa zabaltzen dira artelatzen adarretan. Kortxo-biltzaileen lanaz ALEArekin solasean ari dela, albiste pozgarria jaso du: bigarren edizioa martxan da, publikatu eta hilabete eskasera.     

Joan den astean izan zen Laudion 'Azken erromantikoak' pelikulako lantaldea. Zer sentitzen da zuk idatzitako hori hezur eta haragi ikustean?

Oso polita izan zen. Aurretik Gernikan ere egon nintzen pelikularen hasierako filmaketan, eta ikaragarria iruditu zitzaidan muntaia. Orduan pentsatu nuen oso berezia zela nik Laudion, nire etxean, idatzitako ideia hartatik abiatuta hainbeste pertsona lanean ikustea. Arraroa, batetik, eta oso eskertua, bestetik. Eta Laudion ikusi nuenean, are hunkigarriagoa; estrak ezagutzen nituen eta nik buruan neuzkan lokalizazioak agertzen ziren: taberna eta Castillo zinema zaharra. Jende ugari zegoen pelikulari begira, lagunak etorri ziren... Ederra izan zen. Ez dut uste eguna ahaztuko dudanik.

Gidoia irakurri zenuen aurretik?

Sorpresa izango da niretzat pelikula ikusten dudanean. Gidoia eskaini zidaten, baina nahiago izan nuen ez irakurri. Ez nuen oso argi ikusten zein izango zen nire ekarpena. David Perez Sañudok eta Marina Paresek idatzi dute gidoia, eta euren esku uztea pentsatu nuen, haiek direlako profesionalak; besteak beste, egokitutako gidoi onenaren Goya saria jaso zuten 'Ane' pelikulagatik. Beraz, prozesua kanpotik ikustea erabaki nuen.

"Gauzak erakustea gustatzen zait, protagonista edo egoera nolakoa den azaldu baino"

Idazten ari zinenean noizbait imajinatu zenuen pelikula izan zitekeenik?

Inondik ere ez. Benetan harritu egin nau. Lehenengo pertsonan idatzita dago, Irune bere munduan dago, ez du harremanik, eta nobelan behintzat bere pentsamenduak dira nagusi. Ez zait iruditzen zinematografikoa denik, baina... Hori gero pelikulan nola islatu duten? Ez dakit, baina badirudi egokia dela, nire sorpresarako. La seca, aldiz, hirugarren pertsonan kontatzen da, eta horrek erraztu dezake lana; narratzailea protagonistaren barnean sartzen da, eta beste pertsonaiekin kamera baten lana egiten du, ez da barrura sartzen. Baina nork daki, agian hau ebidenteegia da pelikula baterako...

Erreportaje bat izan zen 'La seca' eleberrirako abiapuntua, ezta?

Bai, La Minerva aldizkarian erreportaje bat idazteko aukera eman zidaten, eta segituan etorri zitzaidan burura Los Alcornocales zonaldea. Argazkilaria den lagun bat daukat, eta inoiz agian zeozer egiteko asmoa genuen, bisualki oso erakargarria delako ingurua. Eskatu zidatenean berehala proposatu nien erreportajea. Aitaren lurraldea da Los Alcornocales, Cadizen, eta niretzat beti izan da leku mitikoa, atsegina, gustagarria, lasaia, eta horrek ez dauka interes berezirik literaturara eramateko. Erreportajea idatzi nuenean, aldiz, konturatu nintzen gatazkak zeudela, tartean arbolen gaixotasunaren mehatxua –zuhaitzak gaixotzen dituen onddo bat da la seca–, emakumeak kortxo-biltzaile ofizioan hasi ziren, lan protestak... Oso bizirik zegoen gaia, eta beste istorio bat kontatzeko agertoki egokia zela pentsatu nuen.

'La seca', Txani Rodriguezen nobela berria. Argazkia: Mikel Buruaga.

Kortxo-biltzaile ofizioa ezagutzeko modua izan daiteke nobela.

Mundu hori ondo ezagutzen dut, aitite ere kortxeroa izan zelako, eta gaur egun lehengusinak ere ofizio horretan ari direlako. Zeozer banekien gaiaren inguruan, baina 2022an hobeto ezagutzera joan nintzen; haiekin sartu nintzen mendian, zer lan eta nola egiten zuten ikusteko. Liburuko atal batean ia kazetaritza egin dudala esango nuke, erreportajea, ofizioan barneratu nahi izan dut irakurlea. Lan mundua beti egin zait erakargarria eta interesgarria, eta beti ari naiz horren inguruan galdezka, arriskutsua ote den, baldintzak zeintzuk diren...

Paisaia eta identitatearen garrantzia ere nabarmena da 'La seca' eleberrian.

Bi paisaia aldarrikatzen ditut: Aiaraldekoa eta Los Alcornocales. Bakardadea da gai nagusia, eta bakardadeak Nuria protagonistaren begirada baldintzatzen du, paisaiari eta inguruan dauden lagunei buruz duen begirada. Oso garrantzitsua da harentzat paisaia, bakarrik gaudenean paisaia kontsolagarria izan daitekeelako, ez da hain bakarrik sentitzen. Paisaiarekin hitz egiten dugu, nolabait, eta paisaiak gurekin. Eta ez dut uste mistikoegia denik hau; bizi izan zinen etxea edo auzoa zapaldu badute edo erabat aldatu badute, guztiok sentitzen dugu tristura.

"Ahuakateen afera astakeria da han; hemen inolako eztabaida etikorik gabe jaten ditugu"

"Porrotak pilatzeko modu erraza" omen dira giza harremanak, Nuria protagonistaren ustez.

Nuria zaila da, eta zorte txarra izan du. Migranteen seme-alabek harreman berezia dute bakardadearekin, hemen ikus daitekeenez, ez dutelako familia sarerik, eta Nuriak, gainera, zorte txarra izan du kuadrilla instituzio famatu horrekin; min hartu zuen eta erabat zaurituta dago. Oso ezkorra da, baina badu beste aldea ere.

Eta, aldi berean, erraza da harekin enpatizatzea, ezta?

Haserre dago, oso nekatuta, frustrazioz bizi du bere bizitza, adin bat duelako eta beharbada ez delako gaztetan espero zuena, ez du pentsatzen zuena lortu, ernegatuta dago. Hasieran ez dut uste erraz enpatizatzen denik, baina poliki-poliki ikusten dugu nolakoa den. Berak, gainera, bere alderik onena ezkutatzen du. Normalean denok geure marketin oso ona egiten dugu, askotan saiatzen gara garena baino hobeagoak garela erakusten, eta berak alde on hori ezkutatzen du. Harreman pertsonalekin ere traketsa da, eta ez du zorterik izan...

Andaluziako kuadrillan ere ez du arrakastarik izango...

Udatiarrak dira. Uda garaian egindako lagunak; gero seme-alabak datoz, lan kontuak, eta bikotekideak beste edonora joan nahi duela... harreman horiek normalean galdu egiten dira. Oso zaila da lagun on bat izatea. Kuadrillaren kritika hau kontakizunetan atera dudan honetan, askotan esaten didate ea zer kuadrilla arraio dudan nik, super ondo ezagutzen dutela elkar eta primerakoa dela. Nire ustez, lagun bakar bat izatea zaila da, eta are gehiago hogei bat izatea. Hori ezin dut sinetsi.

Kortxo-biltzaileen aizkora bat oparitu diote idazleari Rondan. Argazkia: T. Rodriguez

Hainbatetan jorratu duzu bakardadea eleberrietan.

Los ultimos románticos eleberrian agerikoagoa da, isolatuta dago protagonista, adiskideekin gaizki dabil, baita auzokideekin edo lankideekin ere. Pentsatzen dut guztiok gaudela esaten duguna baino bakarrago. Nik beti izan dut sentsazio hori buruan. Eta urteen poderioz agian begirada aldatzen da, eta eskaner errealistago bat egiten duzu, faktore gehiago aintzat hartuz, eta beharbada argiago ikusten da bakardadearen gai hau. Gehiegi jotzen dugu bikotekide edo familietara, eta zeozer gertatzen denean deskolokatuta geratzen gara; horrela funtzionatzen dugu, adiskidetasuna beste plano batean geratzen da.

Ama eta alabaren arteko harremana ere bada ardatz nagusietako bat eleberrian.

Alaba amarekin nola sentitzen den ikusten dugu, harreman horrekin. Oso kezkatuta dago, kezkatuegi, ama nekatu egiten du. Bukaeran ulertuko dugu hobeto zergatik den horrelakoa protagonista, baina uste dut adinarekin, 40 urtetik aurrera, bat-batean egun batean esnatu, eta zure amaren ama bilakatzen zarela; berak zuri esaten zizkizun gauzak esaten hasten zara: "deitu heltzerakoan, ez etorri berandu, ez jan beste hori...". Hori muturrera eramaten du protagonistak. Gainera, alabak pentsatzen du amaren bizitza itxita dagoela, erabakita dagoela, eta sorpresa hartuko du. Rolak aldatuko dira, eta hori literarioki oso interesgarria da, pertsonaiak lekuz kanpo daudenean beste modu batean jokatzen dutelako.

"Oso zaila da lagun on bat izatea. Uste duguna baino bakarrago gaude"

Protagonistaren eskutik, kontraesanak agerian geratzen dira nobelan: ingurumena eta ofizioa, bisitaria eta herritarren interesak...

Kontraesan ugari daude. Ez zait gustatzen hiria eta landa eremuaz bakoitza bere aldetik hitz egitea, besteak beste, landa eremuan ere hamaika ertz eta interes daudelako. Kortxoa ateratzea, esaterako, eredu jasangarria dela esan daiteke, eta beste muturrean Malagako ahuakateen afera jarri dezakegu; niretzat astakeria handia da urik gabeko lurralde batean hainbeste ahuakate izatea, epe motzeko erabakia; baina gero, hemen, jan egiten ditugu, inolako eztabaida etikorik gabe. Guk ere kontraesanak ditugu. Lubakiak oso arriskutsuak dira, eta uste dut elkarrizketa lasai bat ireki behar dela, parteak entzun, zarata gehiegi baitago gaur egun. Gatazka konkretu batez ari da eleberrian, baina uste dut arazo hauek hainbat lekutan errepikatzen direla.

Fantasia kutsu bat ere badu kontakizunak.

Zonalde hartaz pentsatzean nik buruan arbolak, arazoak, kontraesanak ikusten nituen, baina baita beldurra ere. Askotan joan naiz hara, eta txikitan beldur izugarria izan dut euren istorioekin. Oso onak dira istorioak kontatzen, eta omenaldi txiki bat da ahozko literatura horri. Nik asmatutako kondairan bi ume ageri dira, beldugarriak, baina metafora bat ere badira, benetan beldurgarriena gure iluntasuna baita. Ez ote dira ume horiek gure gaiztakeriaren isla?

Garrantzia berezia dute deskribapenek, ezta?

Idazle modura, gauzak erakustea gustatzen zait, irakurleari esan beharrik gabe pertsonaia hau halakoa da eta egoera hau bestelakoa, eta deskripzioak asko zaintzen ditut. Paisaiak asko gustatzen zaizkidanez, deskribapenetan zehaztasuna lantzea gustatzen zait. Eta emozioen aldetik, ez ditut saihestu nahi, baina uste dut nire nobeletan oso modu neurritsuan agertzen direla, beharbada baditu gailur batzuk, baina lurrazpitik doan emozio bat da.

Deskribapenak bertatik bertara idatzi dituzu?

Ez, etxean. Los últimos románticos han idazten hasi nintzen, Andaluzian, eta ostean etxean irakurri eta dena bota nuen. Lehen pertsonan behar zuena hirugarren pertsonan zegoen. Hondamendia. Deigarria egiten zait idazle asko leku politetara joaten direla idaztera; nik ezin dut, despistatu egiten naiz. Nahiago dut hemen, nire logelan, ziega batean sartuta ia.

Izango duzu istorio berriren bat buruan bueltaka?

Ez daukat ezer, benetan. Pelikularekin Los últimos románticos bueltan etorri zait, elkarrizketaren bat egiteko bada ere, eta horrekin batera liburu berria, promozioa... Zarata honekin ezin dut. Asko kostatzen zait zeri buruz idatziko dudan eta zertarako egingo dudan erabakitzea, baina gero erritmo onean idazten dut. Urtero ezin dut liburu bat idatzi, baina ez daukat presarik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago