Teledetekzio tekniken bitartez Iruña-Veleiako aztarnategian atzemandako zirku erromatarra aurkikuntza berrien lehen pausoa izan daitekeela azaldu dute gaur Arkikus enpresako Javier eta Iker Ordoño anaiek.
Ana del Val Kultura diputatuarekin, Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturberekin eta Museo eta Arkeologia zerbitzuburu Javier Fernandez Bordegarairekin egindako prentsa agerraldi batean, Ordoño anaiek atzo zabaldutako aurkikuntzaren gaineko xehetasunak eman dituzte gaur.
280 metro luze eta 72 metro zabal dituen zirkuaz gain, ehunka egitura aurkitu dituztela aurreratu du Javier Ordoñok, eta "bestelako aurkikuntza nabarmenak" azalerazteko daudelakoan dago aditua. Besteak beste, "kultu kolektiborako eraikinak, etxebizitza pribatuak, plazak, arkupeko kaleak..." atzeman dituzte aztertutako irudietan. Hori dela eta, arkeologoak uste du "istorio polit baten hasieran" egon gaitezkeela. "Bere benetako potentziala azaltzeko duen harribitxia da Iruña-Veleia", laburbildu du. Halere, ohartarazi du "bidean" dagoen lana dela, eta oraindik ere ebidentziak identifikatzeko lanean ari direla. Berretsi du "landan bertan" egiaztatu behar direla orain aurkikuntza horiek.
Zirkuari dagokionez, Iker Ordoñok azaldu du hasieran egitura horizontalak aurkitu zituztela, eta ondoren aurkitu zutela kurba baten itxurako egitura; horrek baieztatu zien zirku baten aurrean egon ahal zirela. Pandemia garaian hasi zituzten hasierako azterketak, eta denbora asko eman dute horiek baieztatzeko. Hala, "lau urteko zuhurtzia" mantendu dutela dio Iker Ordoñok. Javier Ordoñoren arabera "ebidentziek diote zirku hori ez zela izan behin-behinekoa, beste leku batzuetan egin izan zirenekoak bezala".
Aurkikuntza "oso garrantzitsua izanda ere", orain ikerketen emaitzetara itxaron beharra dagoela ohartarazi du Fernandez Bordegaraik, eta iradoki du balitekeela landa lanean gero zirkuaren egiturak ez azaltzea, paisaian utzitako arrastoaz gain, horien kontserbazioa nahiko zaila izan delako beste hainbat kasutan.
Orain landa lanean jarraitu beharreko aurrerapausoei dagokienez, Del Valek "bermatu" du lanean jarraituko dutela, baina ez du datarik jarri aukeran egon daitezkeen indusketei dagokienez. Modu berean, gogora ekarri du prospekzio geofisiko berriak egiteko lizitazioa martxan dela.