Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoko azken aurkikuntzaren berri eman dute Arabako Foru Aldundiak eta Arkikus enpresak, Ser irratian. 280 metro luze eta 72 metro zabal dituen eremu bat identifikatu dute, izkinak borobilduak dituena, Erroman koadriga lasterketak hartzen zituzten zirkuen itxurakoa. Lehen estimazioen arabera, daukan tamainagatik uste dute 5.000 ikusle ingururentzako lekua izango zuela.
Airetik ateratako irudien bidez aurkitu dute, aztarnategiaren gainazala teledetekzio sistemarekin aztertuz. Aireko argazki historikoak eta berriak erabili dituzte, baita LiDAR kartografiak eta drone hegaldiekin egindako argazkiak ere. Arkikusek jakinarazi duenez, Iberiar penintsula iparraldeko erdian ezagutzen den hirugarren zirku erromatarra da, Tarraco eta Calagurrisekoen ostean. Hala ere, Iruña-Veleiakoa da jatorrizko trazadura mantentzen duen bakarra, ez dagoelako eraikin modernoek estalia. Airetik egindako aurkikuntza orain lurrazala miatuz egiaztatu beharko dute.
Arkikus enpresak ondarearen berreraikuntza birtualean egiten du lan eta, Foru Aldundiaren laguntzaz, Iruña-Veleiako aztarnategia ikertuz burutu du proiektu pilotua. 251 hektareako azalera aztertu dute eta, zirku erromatarraren aztarnez gain, kaleak, etxeak, arkupeak eta beste hainbat elementu identifikatu dituzte. Iter XXXIV galtzada erromatarraren zantzuak ere topatu dituzte, Astorga eta Bordele lotzen zituen bidearenak. Ehunka elementu identifikatu dituzte, oraindik lurpean ezkutatuta daudenak, arkeologoen zain.
Iruña-Veleia beste dimentsio batean kokatu da
Arkikuseko Javier Ordoñok Ser kateari azaldu dionez, ez dago zalantzarik zirku erromatarra dela topatu dutena. Aurkikuntza nabarmena da, ikerlariaren arabera, eta beste dimentsio batean kokatu du Iruña-Veleiako aztarnategia. Ez zen probintziako hiriburua, baina nukleo garrantzitsua zela adierazi du Ordoñok.