'Sphaerocarpos ibericus' espezie berria deskribatu dute Araban

Erredakzioa 2024ko uzt. 12a, 12:19

Gaur eman dute espezie berriaren deskribapenaren berri. Argazkia: AFA

Besteak beste, Fontechan eta Izkin aurkitu dituzte gaur ezagutzera emandako hepatiko espezie berriaren laginak. 

Arabako Natura Zientzien Museoko herbarioan kontserbatutako laginak aztertuta, nazioarteko ikerketa talde batek Sphaerocarpos ibericus izendatutako hepatiko berria deskribatu du Journal of Bryology aldizkarian.

Ikerketa taldean parte hartu dute Marta Infante eta Patxi Heras briologoek, eta beraiek eman dute asteon aurkikuntzaren berri, Gasteizen. Infante da, hain zuzen, artikuluaren lehen egilea.

Zentimetro bateko diametroa duten errosetak osatzen ditu orain deskribatutako organismoak. Luparekin begiratzean, "erroseta horiek botila ñimiñoak diruditen ale txikiz osatuta daudela" ikusten da, diputazioak zabaldutako prentsa ohar baten arabera.

Momentuz, sei tokitan baino ez dute aurkitu espeziea; denak iberiar penintsulan. Hori dela-eta eman diote ibericus izendapena. Araban, Fontechan eta Izkiko Parke Naturalaren hegoaldean, Durruma Kanpezutik gertu. Espainian, Avila eta Salamancan; Portugalen, Beira Litoral probintziako bi lekutan.

Espezie berria dela aldarrikatzeko erabilitako argudioetako bat hepatiko honek behar duen lurzoru motaren araberakoa da. Izan ere, orain aurkitutako espezieak lurzoru egonkorragoak behar ditu, urte askoan aldaketarik jasan ez dutenak eta giza jardueraren mende ez daudenak. S. europaeus eta S. michelii espezieek, berriz, sarri mugitzen diren lurzoru buztintsu hezeetan bizi dira, eta nekazaritza lanek beren alde egiten dute.

Hilabete gutxian agertzen eta hazten den espeziea da. Udako lehen beroekin desagertzen da, baina udazkenean esporak ernamuintzen dira, lehen euri eta hezetasunekin batera.

Espeziea deskribatzeko lana "geldoa" dela azaldu dute ikertzaileek "konplexua delako".  Diotenez, "inguruneari zehaztasunez begiratzen jakitea" eskatzen du ikerketa lan honek. "Baina, ordainetan, gerta daiteke erraz ikusten ez ditugun izaki bizidun xumeak aurkitzea, S. ibericus espeziarekin gertatu den bezala", adierazi dute bi briologo arabarrek".

Funtzio ekologikoa

Adituek beraiek onartu dutenari jarraiki, aurkitutako espeziea jende askok ezagutzen ez duen landare leinu batekoa da: hepatikoak. Goroldioekin batera, lurreko landare multzo baten parte dira hepatikoak; botanikoen artean briofito gisa ezagunak dira, eta bai Infantes zein Heras briologoak dira, hain zuzen ere.

Munduan 9.000 espezie hepatiko inguru daude, eta  lurreko landare multzo zaharrenetako bat osatzen dute, Behe Devoniarrean ­—duela 400 milioi urte inguru— bereizi zirenetik. Orain aurkeztutako espeziearen generoa hepatikoen leinu zaharrenetako bat dela azaldu dute. Horregatik, biologoek estimu handian dute, "sekretuak eta datu giltzarriak dituztelako ulertu ahal izateko nola konkistatu zuten landareek lehorreko ingurunea uretatik abiatuta". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago