Arkeologiaz mintzatuko da astero Garcia Collado, irailera bitartean

Erredakzioa 2024ko uzt. 11a, 10:10

Analisi isotopikoetan aditua da Garcia Collado ikertzailea. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Euskadi Irratiko Amarauna saioan arkeologiari buruzko atal berri batean ariko da ikertzaile gasteiztarra. 

Uztailetik irailera bitartean arkeologiari buruzko atal berri batean ariko da Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioan Maite Iris Garcia Collado arkeologo gasteiztarra. Gorka Otaegi aurkezlearekin batera, larunbatetan mintzatuko da EHUko GIPYPAC taldeko ikerlaria, 10:40ak aldera.

"Tarte honetan historiaren ikuspegi tradizionala aldatu duten aurkikuntza arkeologikoak aurkeztuko dituzte gaurkotasun gaiekin erlazionatuz", iragarri du GIPYPACek ohar batean. "Aurkikuntza horietako batzuk uda honetan bertan ateratakoak izango dira. Beste batzuk, ordea, pixka bat zaharragoak badira ere, ikuspegi berriekin eztabaidatuko dituzte".

Estreinako saioa joan den larunbatean bertan egin dute, eta gizakien arteko zaintza lanen jatorriei buruz aritu izan da Garcia Collado, azken asteotan zabalkunde handia izan duen puntako albiste batean abiatuta: Valentzian Down sindromea zuen ume neanderthal baten inguruko azalpenak eman ditu ikertzaileak. 

"Atala publiko zabalari zuzenduta dago, eta dibulgazio gune atsegina eta zientifikoki zehatza izateko asmoz abiatu berri da", aurreratu du GIPYPACek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago