Analisi isotopikoen bitartez iragana ikertzen du Maite Iris Garcia Collado (Gasteiz, 1988) arkeologo molekularrak. Zehazki, Erdi Aroko elikadura. Horrelako analisiei esker gai izan da agirietan agertzen ez diren bizimoduak azalerazteko. EHUn doktoretza ondorengo ikertzaileren arabera, laborategian lortutako emaitzek bestelako ikuspegi berria ematen dute Iberiar penintsulako landa eremuan V. eta IX. mende tartean herri xeheak zuen bizimoduari buruz. EHUk ematen duen Aparteko Doktorego saria eskuratu du bere tesiari esker.
Analisi isotopikoak? Azaldudazu zertan datzan hau.
Metodologia hau 1980ko hamarkadan garatzen hasi zen, historiaurreko testuinguruetarako. Garai historikoko biztanleriara, ordea, ez da asko aplikatu, batez ere garai hauetan idatzitako dokumentuak ditugulako. Hasiera batean adituek zioten analisi hauek ez zirela beharrezkoak. Baina idatzitako agirietan ez dagoen informazioa ematen digute analisi isotopikoek. Izan ere, noblezian eta monasterioetan sortzen baitzen gehienetan informazio idatzia.
"ORDUKO KOMUNITATEAK OSO AUTARKIKOTZAT JO IZAN DIRA, BAINA EZ ZIREN HORRELAKOAK"
Iturri horiek isuri ikaragarria dute, ezta?
Noski. Bai sozialki zein generoaren, adinaren eta bestelako ezaugarrien ikuspuntutik ere. Nik erabiltzen dudan metodologiaren abantaila da populazio baten kide guztiak ikertu ahal ditugula. Umeak, jaio berriak, emakumeak, ezgaitasunak dituztenak, marjinatuak... ez soilik idatzitako testuetan agertzen diren goi mailako gizonak. Hori izan zen nire tesiaren hasierako planteamendua. Beste hanka bat zera izan zen: azken 30 urteetan izan diren lege aldaketak direla-eta, aztarnategi asko arkeologia komertzialak induskatu ditu, eta normalean enpresa horiek ez dituzte baliabideak ohikoetatik haragoko analisiak egiteko. Hilerri asko induskatu egin dira azken urteetan, batez ere Katalunian eta Madrilen —Euskal Herrian ez hainbeste—, baina ez da analisirik egin. Ez genekien zein zen biztanleria horien egitura demografikoa, zer patologia zituzten, zer jaten zuten ala nondik zetozen. Tesiaren helburuetako bat izan zen ere enpresekin kolaboratzea, unibertsitatearen eta enpresen arteko sinergia bat sortuz. Beraiek aurkitutako ebidentzia horiei balioa emateko eta diskurtso historikoak integratzeko.
Askotan kolaborazio hauek pertsonei oso lotuta daude. Uste duzu lortutako sinergiak mantenduko direla, zu egongo ez bazina ere?
Bai. Enpresa horiek aurkikuntza berriak egin dituztenean ere deitu digute. Besteak beste, ikusten dute potentziala dagoela, eta beren izenak ere panorama zientifikoan sartzen direla. Nik bereziki lan egin dut Madrilgo Area eta Kataluniako Arrago enpresekin. Beraientzat ere onura bat da. Kasu batzuetan zientzia artikuluetan beren izenak agertzen dira egile gisa. Euskal Herriko eta Aragoiko beste enpresa batzuekin ere lan egin dut, eta esango nuke beraientzat ere interesgarria dela hau.
Erraza da soilik isotopoen bidez elikadura ikertzea?
Ez; metodologiak baditu muga asko. Adibidez, nik ezin dut jakin zehazki zer produktu jaten zituzten. Batez ere jakin ahal dugu zer proteina, karbohidrato edo mikronutriente mota jaten zituzten. Hori janari zehatzetara bihurtzeko, zooarkeologiaz eta arkeobotanikaz baliatzen gara. Horregatik nik beti lan egiten dut beste ikertzaileekin kolaborazio estuan. Elikadura ez dut ikertzen, beraz, ikuspuntu gastronomiko batetik, ikuspuntu sozial batetik baizik. Nire lehen galderak ziren: Guztiek jaten al zuten berdina? Desberdintasunak al zeuden adinaren arabera? Hatu oso ederrak zituztenen eta ezerekin hilobiratzen zirenen artean desberdintasunak al ziren?
"ARTATXIKIA EZ DA AGIRIETAN AGERTZEN; SEGURU ASKI ZERGETAN ERABILTZEN EZ ZELAKO"
Oro har, zer nolako elikadura zuen herri xeheak Erdi Aroan?
Nik landa munduaren elikadura ikertu dut, hori delako idatzizko dokumentu horietan gutxien agertzen dena. Begetaletan oinarritzen zen, eta animalia jatorrizko elikagaiak oso proportzio txikietan jaten zituzten. Kasurik hoberenean, heren bat jaten zuten. Gure analisien bitartez ezin dugu bereizi haragia, gazta, esnea edo arrautzak ziren. Arraina oso proportzio txikian jaten zuten. Hori berdin gertatzen da Iberiar penintsularen erdian —itsasoa urrun izanda—, zein Euskal Herrian edo Katalunian ere. Finagan (Basauri) baino ez dugu aurkitu toki bat non arraina proportzio handiagoan jaten zuten, baina estatus sozial altuko toki bat zen. Analisiak mugatuak izanda ere, artatxikiaren kontsumoa identifikatu dugu. Idatzitako iturrietan ez da agertzen hori, seguruenera ez zelako erabiltzen zergak ordaintzeko, eta, beraz, monasterioei berdin zitzaien. Bestetik, aztarnategian artatxikiaren haziak oso gaizki kontserbatzen dira. Orain arte ez genekien hain garrantzitsua zela. Penintsularen erdialdean batez ere animaliak elikatzeko erabiltzen zen. Euskal Herrian, ordea, pertsonek jaten zuten, eta estatus sozial altuko pertsonei lotuta agertzen da. Katalunian, ordea, oso gutxi kontsumitzen zuten.
Hemen artatxikia prestigiozkoa zen, beraz?
Horri erantzuteko teoria bat daukagu: artatxikia nobleziaren kontroletik kanpo geratzen zen. Orduan, artatxikia ereitea edo ez, horrek nekazariaren askatasunarekin harremana zuen. Nekazari aske baten ikuspuntutik, zentzu asko dauka: garoa, garagarra eta bestelako ale garrantzitsuekin alderatuz, artatxikia beranduago landatzen da. Kontingentzia plan bezala erabiltzen zutela uste dugu: garia hondatu egiten baldin bazen, artatxikia landatzeko aukera zegoen. Estatus sozialaren markagailua baino, askatasun sozialaren markagailua dela uste dugu. Testuingurua garrantzitsua da: V. eta IX. mendeen artean gaude, Erromatar Inperioa desagertu da, eta garai horren bukaeran musulmanak iritsi dira. Erreinu Bisigodoak teorian penintsula osoa kontrolatzen zuen, baina bere kontrola ez zen uniformea. Gortetik gertu, nahiko sendoa zen; baina Euskal Herria periferia zen. Seguru aski zergak kobratzeko arazoak izango zituzten, eta nobleziaren botere efektiboa txikiagoa izango zen. Erreinua aitortuko zen teorian, baina praktikan nekazalgoak askatasun gehiago zeukan erabaki produktibo hauek egin ahal izateko. Agian erlijioan, kulturan edo beren eskubide pertsonaletan ez zeukaten halako askatasunik.
Nolakoa da analisi isotopikoak egiteko prozesua?
Elementu kimiko bakoitzak pisu molekular desberdinak izan ditzake. Horren arabera, janari bakoitzak baditu ezaugarri isotopiko batzuk, eta, kontsumitzean, gure gorputzera pasatzen dira. Hortaz, gure gorputzaren eraketa isotopikoa ezagututa, jakin dezakegu gutxi gorabehera pertsona batek izan duen elikadura. Zientzia forentseetan ere erabiltzen da teknika hau, gorpu ezezagunak identifikatzen laguntzeko. Gure kasuan, hezurrak eta hortzak baino ez ditugu. IRMS izeneko tresna batekin konposizio isotopikoa neurtzen dugu. Normalean, karbonoa eta nitrogenoa erabiltzen ditugu, baina azken garaietan sufrea aztertzen hasiak gara ere. Karbonoari dagokionez, munduko landareak bi multzo handitan sailkatzen dira —C3 eta C4—, eta gure klimari dagozkion landare gehienak C3 taldekoak dira. Artatxikia C4 taldekoa da, eta horregatik hain ondo identifikatu dezakegu. Brontze Aroan etorri zen, klima erditropikal batetik. Nitrogenoari dagokionez, jakin dezakegu jatorri begetaleko eta animalia jatorriko proteinak zer proportziotan jaten diren. Biak konbinatuz, identifikatu ditzakegu itsaso eta ur jatorriko produktuak.
Teresa Fernandez Crespo bezalako ikertzaileek historiaurrea ikertzeko estrontzio isotopoak ere erabiltzen dituzte. Zuek ez?
Estrontzioa, oxigenoarekin batera, mugikortasunaren adierazlea da, eta ikerketa horietan erabiltzen da. Elikaduraren ikerketarako, ordea, ez da erabilgarria.
Erradiokarbono bidezko datazioetarako nazioarteko taula batzuk badira erreferentzia gisa, gero eta zehatzagoak. Zuen kasuan horrelakorik ba al dago?
Metodologia honen murrizketa da laborategian lortzen ditugun balore absolutuek gauza desberdina esan nahi dutela, esaterako, hemen edo Afrika iparraldean. Ekosistemarekin harremana daukate. Gure kasuan, gizakiekin batera, garai bereko animalia landarejaleak aztertu behar ditugu. Horiek ematen digute, nolabait esateko, baseline-a edo oinarrizko maila. Esan bezala, klima dela-eta, balore horiek ez dira parekoak Toledon edo Euskal Herrian. Horregatik, landarejaleen analisiak aintzat hartzen ez dituzten ikerketak hankamotz daude. Aldaietan zaila izan zen hori lortzea, adibidez.
Nolakoa izan zen Aldaietarena?
Euskal Herriari dagokionez, nik Aldaieta, Finaga (Basauri) eta Dulantziko aztarnategiak aztertu ditut tesian. Garaikideak dira, eta hatu erakusgarriak daude horietan. Aldaietako indusketak oso metodologia ona izan zuen bere garairako, baina argitaratutako datu antropologikoak ez ziren oso zehatzak. Tesian dena berrikusi nuen. Emaitzek erakutsi zuten norbanakoak taldeka hilobiratu zituztela, eta talde bakoitzean elikadura desberdina zutela. Ez zegoen alde handirik talde bakoitzaren barruan, baina bai talde desberdinen artean. Horrek pista ematen digu esateko familia berekoak zirela.
"BALIABIDE NAHIKOAK DITUGU ALDAIETA ONDO AZTERTZEKO. DIRUA DA BEHAR DEN BAKARRA"
DNA aztertzearekin osatu daiteke hori?
Ainhoa Alzualdek egin zuen azterketa genetikoa, eta berak identifikatu zituen hainbat harreman genetiko. Baina aintzat izan behar da familia hauek ez zirela zertan familia genetikoa izan: familia informalak izan ahal ziren, mendeko langileak zituztenak, adoptatuak... Horregatik, familia baino, nahiago dugu esatea talde domestikoak zirela. Aldaieta izan zen kasu bakarra non aldeak aurkitu genituen gizonezkoen eta emakumezkoen elikaduraren artean. Gizonezkoek artatxiki gehiago jaten zuten, eta horrek askatasun produktiboaren kontzeptuarekin harremana izan lezake. Artatxikia zenbait testuingurutan jo izan da maila baxuko zerealtzat, baina Aldaietan eta Dulantzin ikusi dugu hatu aberatsenak zituztela kontsumitzen zutenek. Agian horiek nekazari libreenak ziren.
Aldaietarena misterio handienetakoa da Euskal Herriko historian. Zuk irudikatzen dituzu haien bizitzak?
Nire ustez ez da misterioa. Baliabide nahikoak ditugu hori ondo ikertzeko. Beharrezkoa den bakarra da horretarako dirua izatea. Adibidez, hasteko galdera interesgarria da: Komunitate bakarrekoak dira, ala hara hilobiratzera joan ziren hainbat komunitate al dira? Bigarren hori babesteko oinarriak ditugu, eta ez naiz ni hori proposatzen duen lehena. Inguruko jendea hilobiratzeko hainbat gune nagusi ezagutzen ditugu garai horretan. Gerta liteke talde domestiko hauetako bakoitza herrixka batetik etortzea, eta gero denak batera hilobiratzea? Hori argitzeko, oraingoan bai, estrontzio eta oxigeno isotopoak darabiltzan teknologia badaukagu. Oso interesgarria izango litzateke hori aplikatzea Aldaietan, jatorria argitu ahal izango genukeelako. Isotopo horien jatorria inguru geologikoan dago: jaten duzunaren bitartez eta edaten duzun uraren bitartez zure gorputzera igarotzen diren estrontzio eta oxigeno baloreak bizi zaren tokiaren geologiari lotuta daude.
Hortzetako dentinaren arabera ere posible da jaiolekua zehaztea?
Bai. Estrontzio eta oxigeno analisiak ezin dira hezurretan egin, aztarnategiaren sedimentuarekin kutsatzen direlako. Halako analisiak hortzekin egin behar ditugu, eta hortzak, haurtzaroan zehar, sortu egiten dira. Horri esker, jakin dezakegu norbanakoak non pasatu duen bere haurtzaroa, eta alderatu dezakegu helduaroan sortutakoarekin. Hau oraindik argitaratu ez badugu ere, aurreratu ahal dizut Zalduondoko Aistra aztarnategian —VII. eta X. mendeen artekoa— Irantzu Guede ikertzailearekin estrontzio analisiak egin ditugula; bertan ere dibertsitate handia agertu da. Toki askotatik joan ziren hara hilobiratzera.
Isotopoek diotena bat dator gutxi gorabehera historialariek diotenarekin? Adibidez, Mikel Pozok aurkeztu duen tesiarekin?
Ez dator bat, ez. Baina egia da bakoitzak erabiltzen dituen iturriak oso desberdinak direla. Berak batez ere idatzitako iturriak erabili izan ditu, eta nobleziak eta monasterioek sortutakoak dira horiek. Aldaietaren kasuan, hainbat historialari saiatu dira azpimarratzen bertan zeuden berezitasunak. Armak, bitxiak... baina guk ikusten dugu nekazaritza komunitate nahiko arruntak direla, beren berezitasunak izanda ere. Garrantzi handia eman zaie hatuak dituzten nekropoliei, baina jakin badakigu nekropoli guztiak ez zirela horrela, eta inguruan hainbat adibide ditugu. Molinillako San Miguele aztarnategian eta gertuko beste aztarnategi batean datazioak VI-VII. mendea eman zuen. Baina datatzeko zailagoak dira, erradiokarbonoaren bidez egin behar delako. Baina agertokia ez dago osorik hatu bereziak ez dituzten aztarnategiei garrantzia ematen ez bazaie. Garai horretako nekazaritza komunitateak oso autarkikotzat jo izan dira orain arte, baina guk ikusi dugu ondo artikulatutakoak zirela, eta talde domestikoen artean negoziazio eta elkartasun estrategiak bazituztela.