Gerrara hurbiltzeko hiru bala

Jon Hidalgo 2024ko uzt. 7a, 08:00

Gerran murgilduta, publikoaren erabakien arabera egiten du aurrera 'Hau gerra bat da' obrak. Argazkia: Piszifaktoria

Piszifaktoria Ideien Laborategiak liburu berean bildu ditu "antzezlan itxurako hiru bala". 'Hau ez da gerra bat', 'Bunker' eta 'Hau gerra bat da' antzerki obren testuak argitaratu ditu Susak, Ganbila bilduman.

2015etik dabil Laudioko Piszifaktoria taldea euskal antzerkian sakontzen, esperimentazioan, "errealitatea eta fikzioaren arteko mugak lantzen". Orain, gerrara hurbiltzeko hiru modu eskaini dituzte, hiru leku ezberdinetatik. Hau gerra bat da antzezlana gerraren erretratu gordina da. "Gerra bat zuzenean bizitzea", Mikel Ayllon antzezlanaren sortzailearen hitzetan. Bunker eta Hau ez da gerra bat lanek, berriz, gertuagokoa gerta dakigukeen puntu batetik heltzen diote gerrari, maitasun harremanetik.

Paralelismoa egin du Ayllonek, elkarren aurrean jarriz gerra eta bikote sentimental baten haustura. Antzekotasunen jolasa da, azaldu dutenez, gerran egon daitezkeen sentimenduak ulertzeko, ezagunak egiten zaizkigun bizipenetatik abiatuta. Komunikatzeko ezintasuna, bestea ulertu nahi ez izatea edota gorrotoa presente daude bietan. Gerren atzean arrazoi ekonomiko eta politikoak dauden arren, pertsonak ere badaudela erakustea izan da Piszifaktoria konpainiako kideen helburua. "Jolas hori egin dugu, erakusteko ez gaudela hain urruti".

Aspaldi hasi ziren proiektu hauek egin nahian, baina "inork ez zuen gerraz ezer entzun nahi duela zazpi bat urte". Kosta zitzaien diru laguntzak eta babesa aurkitzea proiektu eszenikoa garatzeko, inork ez omen zuen finantzatu nahi Hau gerra bat da izango zena. Izan ere, "aho bilorik gabe", gordin lantzen dute gerra bertan. Ondorioz, beste ikuspegi batetik heldu zioten gaiari, eta hala sortu ziren Bunker eta Hau ez da gerra bat antzezlanak. Laguntza batzuk lortuta, 2023an estreinatu ahal izan zituzten hiru lanak, orain liburuan bildu dituztenak. Gerrak gaurkotasun handia duen momentuan heldu dira Piszifaktoriaren proposamenak, nahiz eta haiek gaia lehenago atera nahi izan. "Gerra antzezten dugu gerra bat bizi behar ez izateko", dio Ayllonek.

Antzerkiaren bazterretatik

"Sorkuntza bakoitzarekin mundua pixka bat aldatzeko" asmoa du Piszifaktoriak, Irati Agirreazkuenaga aktoreak gogorarazi digunez. 2020an sartu zen bera taldean, eta jauzi handia izan zen beretzat, "munduan artearen bidez egoteko modu berri bat". Euskara hutsean sortzeaz gain, hautua egina dute euskal antzerkiaren unibertsoan jorratu gabe dauden bideetatik ibiltzeko.

Ikusgarritasun txikiagoa izango dutela jakinda ere, bazterreko bidea aukeratu dute, Ayllonen hitzetan, egin dezaketen ekarpenik interesgarriena delakoan. Estilo eta formatu berriak bilatzea, "euskaraz gauzak esateko modu berriak" sortzen.

Hiru antzezlan bildu ditu Piszifaktoriak 'Hau ez da gerra bat' liburuan. Argazkia: Piszifaktoria

"Munduan egoteko era bat eskaintzen du Piszifaktoriak, entretenimenduaz harago"

Pixkanaka pauso politak ematen ari da euskal antzerkia, Ayllonen ustez, geroz eta talde gehiago daude euskaraz lanean. "Proposamen asko eta askotarikoak sortzen ari dira", baina administrazioak ez omen darama erritmo bera. Euskarazko antzerkiari ematen zaion lekua oso txikia dela diote, "negargarria, are salagarria ere bai". Erakunde publikoei hausnarketa eskatu die Ayllonek, oreka lortu dadin sortzen ari den bide politaren eta "administraziotik dagoen galga lanaren" artean.

Euskarazko antzerkia ikusteko publikorik badagoen galdetuta, Ayllonek ohartarazi du hori izaten dela programatzaileek erabiltzen duten aitzakia haiei lekurik ez egiteko. "Esaten digute ez dutela euskaraz programatuko, jendea ez datorrelako". Kontrako bidea proposatzen dute, baina, publikoa sortu beharra dagoela. "Publikoa badago, bila joan behar da, hor dago erronka". Antzerkiaren kultura eraiki beharra aldarrikatu dute, hezkuntzatik hasita, "jendeari erakusteko badela mundua ikusteko tresna bat".

"Antzerkia ezin Amazonen saldu"

Mikel Ayllonen ustez antzerkia ezin du kapitalismoak xurgatu, ez da oso errentagarria produktu bezala, eta horrexegatik da eraginkorra. Antzerkia bidegurutze batean ikusten du, entretenimenduaren mundua ikus-entzunezkoez beteta egonik, antzerkiak geroz eta leku gutxiago daukalako. Antzerkiaren benetako egitekoa berreskuratzearen alde egiten du, entretenimendutik harago. Agirreazkuenagak dio "egungo izate posmodernoaren likidotasunaren" ondorioz jendeari entretenimendua soilik eskaintzen zaiola, baina Piszifaktoriak "munduan egoteko era bat" eskaintzen duela.

Antzerki garaikidearen gordailu

Susa argitaletxeak eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak elkarlanean osatu dute Ganbila bilduma, euskal antzerki lanak argitaratzeko. Ayllonen iritziz, testu horiek kalean eta eskura egotea oso garrantzitsua da euskal kultur sistemarentzat, "antzerki eskolentzat, hasiberrientzat eta irakurleentzat".

Ganbilaren webgunean –ganbila.eus– material pila bat dago, argitaratutako antzerkien testuak, bideoak eta bestelakoak tartean, eta laster izango dira bertan Piszifaktoriaren azken lanen bideoak ere. Hau ez da gerra bat eta Bunker antzezlanak ez dira taula gainera gehiago eramango, "ez dituztelako programatzen", baina Hau gerra bat da ikusteko aukera izango da datozen hilabeteetan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago