Udako murrizketei buruzko erantzunak atzeratu izana gaitzetsi dute

Erredakzioa 2024ko uzt. 3a, 13:11

Osakidetzako zenbait osasun zentrok udan zerbitzuak murriztuko dituzte. Argazkia: ALEA

Osasun zerbitzuen murrizketak azaltzeko erantzunak urrira arte atzeratzeko eskatu du Ramiro Gonzalezek. Araban Osakidetzako 17 osasun zentrok ordutegi aldaketak izango dituzte udan zehar, murrizketak direla-eta.

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak osoko bilkuran erantzun beharreko galderak atzeratu ditu urrira arte. EH Bilduk eta PPk erabakia gaitzetsi dute, osasun zentroen aldaketek "azalpen" bat behar dutela eta urrian "beranduegi" dela adieraziz. Izan ere, lau hilabeteko atzerapena izango litzateke.

"Ahaldun Nagusia arazo handi baten aurrean ezkutatzen ari da", salatu du Iñaki Oiartzabal Arabako PPren buruak. Bestalde, EH Bilduk gogorarazi du ekainaren 4an egindako galderei ez diela erantzun aldundiak. "Galdetu nahi genion zer iritzi zuen murrizketa horiei buruz eta, batez ere, jakin nahi genuen ea Osakidetzako arduradunen batekin bildu zen Arabako gizartearen osasunerako eskubidea defendatzeko", jakinarazi du Eva Lopez de Arroyabe alderdiko bozeramaileak.

Mediku gabe herrian

Udan izan ohi diren mediku errefortzurik gabe geratuko dira Arabako zenbait osasun zentro, Osakidetzak ekainean hartutako neurrien ondorioz. Udalerri batzuen anbulatorioek murrizketen ondorioak nabaritzen hasi dira; kasurako, Mañuetan, eta beste hainbeste espero da Artziniegan eta Luiaondon.

Bastidako udalak ere salatu du udan behar dituen mediku errefortzurik gabe geratuko dela. 1.606 biztanle erroldatuta dituen arren, uztail eta abuztuan 10.000 biztanle izatera igarotzen dela gogora ekarri du. Osatu berri den Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote "neurriak hartzeko", justifikaziorik gabeko erabakian" atzera egin eta "oinarrizko zerbitzua" ziurtatzeko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago