Kexaako Bibliaren parte diren 22 pergaminoez gain, Erdi Aroko beste hamabost pergamino aurkitu dituzte Kexaako Monumentu Multzoan. Zehazki, bertako kapilauaren etxeko apalategi batean zeuden horiek guztiak.
Ekainaren 22an prentsa agerraldi baten bitartez Arabako Diputazioak ezagutzera eman zuen Londresko Christie's enkante etxean salmentan jarritako Kexaako Bibliaren hainbat pergamino erosten ahaleginduko ez zela, horien salmenta prezioa "neurrigabea" zelakoan.
Agerraldi berean, diputazioak ezagutzera eman zuen Kexaako Administrazio Batzarrak bere esku zituen eta "inbentariatzeko, zaharberritzeko, dokumentatzeko eta balioa emateko zain" zeuden dokumentu batzuk eman zizkiola foru erakundeari.
Jose Antonio Sainz Varela Arabako Probintzia-Artxibo Historikoaren arduradunak Kexaako Bibliaren bueltan egindako txosten baten arabera, 2022 urtera arte Kexaako kapilau izan zen Hipolito Vicente Andresen bulegoaren apalategietan zeuden agiri horiek. Agerraldia baino hiru egun aurretik eman zizkioten agiriok aldundiari Maria Angeles Isasi Kexaako Administrazio Batzordeko lehendakariak eta Luis Padura Kexaako multzoan adituak. "Material hori ahaztuta geratu zen kapilauaren etxebizitzaren apalategietako batean, eta ez ziren horien garrantziaz jabetu hedabideetan agertutako albisteen berri izan arte", azaldu du Sainz Varelak ALEAk eskuratu duen txostenean.
Agiriak dioenez, orotara 37 pergamino ziren. Horietako hamahiru XV. mendeko kantu liburu batekoak direlakoan dago Sainz Varela. Beste bi, identifikatzeko daude oraindik. Gainerako 22ak Kexaako Bibliaren parte dira, eta ekainaren 10ean prentsari aurkeztu zizkioten. Egun horretan diputazioak aurreratu zuen bazuela "jatorrizko arte ondasun beraren material berdina edo antzekoa", eta "laster" jarriko zuela jendaurrean.
Data zehatzik ez
Diputazioak Sainz Varelari eskatutako txostenaren helburua zen ebaztea ea posible zen Londresen egindako enkantea bertan behera uztea. Izan ere, Kexaako Bibliaren parte gisa aurkeztutako material horiek 1985. urtetik aurrera Estatuaren Administrazio Orokorraren baimenik gabe atera izan balira, horrek esan nahiko zuen baimenik gabeko esportazio bat izango zela Espainiako ondare historikoari buruzko legediaren arabera. Adituak material horien gaineko azterketa egin du, baina agirien gaineko balorazioa Christie's enkante etxearen web orrialdean aurkeztutako materialetan oinarrituta egin behar izan duela onartu du.
Besteak beste, Londresen saldutako pergaminoen alboetan egindako idazkien analisia egin du Sainz Varelak. Horietan oinarrituta, ondorioztatu du orriak XVII. eta XIX. mendeen artean erabiliak izan zirela Kexaako San Juan monasterioko prokuradoretzan, karpeta gisa beste hainbat dokumentu gordetzeko. "Seguruenera prokuradoretzara biblia gisa iritsi zen, baina ordurako oso apurtuta egongo zen, koadernatua apurturik", azaltzen du txostenak. Eskura izan duen informazio apurrarekin, foru arduradunak dio ez daukala modurik jakiteko Londresen enkantean jarritako pergaminoak noiz atera ziren Kexaatik. Ziurtatu ahal izan duen kontu bakarra da 1848 urtetik aurrera atera zirela bertatik. Gauzak hala, litekeena da diputazioak adituaren iritzia kontuan hartu izana enkantea geldiarazten ez saiatzeko erabakian.
Erretaula ere, kanpoan
Kexaako bibliarena ez da Kexaatik atera zen ondare historiko garrantzitsu bakarra. Izan ere, gaur egun bertan ikus daitekeen erretaula duela mende bat baino gehiago bertan zegoen jatorrizko piezaren kopia da. Zehazki, 1913an atera zen, Kexaako San Juan komentuko serorek 30.000 pezetaren truke saldu zutenean bost mende inguruz Adatseko Ama Birjinaren kaperan egondako artelana. Komentuko liburu batean erlijiosoek idatzi zuten maisulana saldu egin zutela "oso egoera kaskarrean" zegoelako, eta ez omen zuelako balio kultuan erabiltzeko. Lionel Harris antikuarioak erosi zuen, eta, Londresen enkantean jarri ostean, 1928an Chicagoko Arte Institutura (AEB) iritsi zen. Gaur egun Chicagoko museoan dago erretaula. Museo horretan toki nabarmena du maisulanak, besteak beste, daukaten artelanik zaharrenetakoa delako.
Erretaularen kasuan ere, pieza berreskuratzea "ezinezkotzat" jo dute Diputazioan kontsultatutako iturriek. "Haren jabeek saldu zuten. Ez zen ebatsi, ezta espoliatu ere", argudiatu dute. "Amorratuko gaitu, bai; baina, tamalez, Chicagora jo beharko da jatorrizkoa ikusi ahal izateko".