Udako kanpainari aurre egiteko Arabako Foru Suhiltzaileen erakundean dituzten "giza baliabideak nahikoak direla" ziurtatu du Jone Berriozabal Gobernantza foru diputatuak.
Batzar Nagusietan EH Bilduk egindako galdera bati emandako erantzunean, diputatuak argudiatu du "egutegiaren aldaketa partzial" bat diseinatu dutela "behar izanez gero udako egun guztietan efektibo gehiago izateko". Egutegi hau "suhiltzaileek erakundeari zor dizkioten egutegi orduen kargura" egin dutela azaldu du Berriozabalek.
Erantsi du horrez gain hainbat hitzarmen sinatu dituztela mugakide diren lurralde, erkidego eta herriekin, "beharrezkoa izanez gero zerbitzua osatze aldera". Modu berean, baso suteen arriskuagatik alerta laranja edo alarma gorria aktibatzen denean, erakundeak dagokion txandako suhiltzaileei, dotazio buruei eta ikuskatzaile buruei dei egin ahal izango diela aurreratu du diputatuak.