Foru Jauregian gaur egindako ekitaldi instituzional batean kargua hartu du Noemi Agirre Nekazaritza foru diputatu berriak. Ohiko formula erabilita zin egin du kargua, euskaraz eta gaztelaniaz: "Hitz ematen dut Arabako foruak, ohitura eta usadio onak gordeko ditudala, autogobernuaren eta askatasunaren seinale baitira, justizia handitzeko".
Agirre "esperientzia profesional handiko ingeniari agronomoa" dela nabarmendu dute foru erakundeak zabaldutako prentsa ohar batean. "Agroekologian" aditua dela erantsi dute, bai eta lehen sektorearekin lotutako hainbat arlotan lan egin duela ere. Horrez gain, zinegotzia da Dulantzin.
Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak ziurtatu du Nekazaritza departamentuaren sorrerak "zailtasunak dituen" lehen sektorearen "egoerari erantzuten" diola. Gonzalezen esanetan, nekazaritza eta abeltzaintza "babestu eta defendatu beharreko sektore estrategikoak" dira. "Noemi Agirre, ziur nago zure lanak lehen sektorearen erronkei aurre egiten lagunduko duela une bereziki garrantzitsu honetan", esan dio Gonzalezek kameren aurrean.