Orain arte Iraunkortasun, Nekazaritza eta Natura Inguruneko foru diputatu Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako sailburu izendatu izanaren ondorioz, Diputazioaren egitura aldatzeko erabakia hartu du foru gobernuak. Hala, Nekazaritzako berariazko sail bat sortuko da, "sortu berri den Eusko Jaurlaritzako sail homologoarekin batera lan egingo duena, sektoreak administrazio publikoaren arreta berezia behar duen une honetan". Noemi Agirre Kintana Dulantziko zinegotzia izango da Nekazaritza saileko titular berria.
Lursare Ekosistemas enpresan egiten du lan Agirrek 2012tik. Dulantzin du egoitza enpresak, eta agroekologikoetan, lurzoruen birsorkuntzan, nekazaritzan eta abeltzaintzan espezializatuta dago. Aurretik, Abere kooperatiban lan egin zuen abeltzaintzako azpiproduktuak kudeatzeko teknikari gisa, eta, besteak beste, aholkularitza teknikoa eta ingurumenekoa eman zien Arabako abeltzaintzako ustiategiei. Era berean, landa teknikari gisa lan egin du AIRAn (Asociación Independiente de Remolacheros de Álava) eta San Francisco Javier upategi kooperatiboan, Nafarroan.
Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Saila
Foru gobernuaren berregituraketak eragina izango du ere Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Sailean, izan ere jasangarritasun eta trantsizio energetikoko eskumenak sail horretan sartuko dira, eta Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun Saila izango da aurrerantzean. "Bi esparruak sail berean integratzeak Arabako ekonomiaren eta industriaren eraldaketa jasangarritasunaren ikuspegitik bultzatzeko egiteke dagoen lana bultzatuko du, baita klima aldaketaren eremuan ere", azaldu dute.