'Zistema apurtzeko' deia LGTB eskubideen aldeko nazioarteko egunean

Erredakzioa 2024ko eka. 28a, 09:37

Ekainaren 28ko manifestazioa Gasteizen, 2022an. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

E28 koordinadorak manifestazioa antolatu du Gasteizen 20:30ean. 'Pinkwashinga' gelditzeko eskatu dute, bereziki Palestinako auzian.

Ekainaren 28a da, sexu eta genero disidentzien eguna, eta Euskal Herri osoan zehar LGTB komunitatearen aldarriek beteko dituzte kaleak. Gasteizen ere manifestazioa izango da arratsaldean, 20:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, Apur dezagun Zistema, Stop Pink Washing lelopean.

E28 Gasteizko Koordinadorak antolatu du mobilizazioa. Bertan hartzen dute parte EHGAM Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduak, Gasteizko Bilgune Feministak, Zirriborroak Kultur elkarteak, Miaukatuz kirol klubak eta Lumagorri Heteroarauaren aurkako taldeak. Manifestazioaren ostean Gasteizko Gaztetxera hurbiltzeko deia egin du Koordinadorak, Berba Labanakaz taldearen kontzertua izango da bertan eta K-kota del Norteren pintxada ondoren.

Pinkwashingaren aurka

Ekainean enpresa eta erakunde ugari betetzen dira ortzadar kolorez, LGTB komunitatearen alde. Baina urteetan zehar salatu izan dute Euskal Herriko zein munduko sexu-genero disidenteek ez dutela onartzen LGTB auzia erabiltzea inoren "aurpegi garbiketa" egiteko.

Aurten garrantzia berezia hartu du pinwashingaren auziak, Palestinako genozidioaren harira. Izan ere, nazioartean politikari ugarik erabili dute LGTB auzia Israelen alde egiteko, eta kritika ugari jaso ditu auziak, baita EHGAMen partetik ere. "Ez dizuegu utziko gure borrokaren koloreak genozidioa zuritzeko erabiltzen" adierazi dute Aleara bidalitako iritzi artikuluan. Gainera, Israelen sexu bereko pertsonen ezkontzak ez daude baimenduta.

First Pride was a Riot

55 urte bete dira gaur Stonewalleko altxamendua gertatu zenetik New Yorken, LGTB eskubideen aldeko mugimendu garaikidearen abiapuntu gisa hartu ohi den momentua. Stonewall Inn tabernan Poliziak egindako sarekada bati erantzunez protesta jendetsuak eta istilu handiak izan ziren Polizia eta matxinatutako pertsonen artean. LGTB harrotasuna aldarrikatzen da ordutik ekainaren 28an, eta mundu mailako aitortza du Stonewalleko altxamenduak. Hala ere, Euskal Herriko LGTB eragile ugarik gogorarazten dute urtero borrokarako eguna dela ekainaren 28a, izan ere, "lehen harrotasun eguna matxinada bat izan zen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago