Hemen da ekainaren 28a berriro, eta 1978tik egiten dugun bezala, kalera aterako gara. Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan, gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure hazkuntza-ereduak ederrak direla aldarrikatu nahi dugu ozen. Baina are ozenago oihukatu nahi dugu gure borroka askapen-borroka dela, LGTBIQ+ pertsonen askapena exijitzen duena, eta gainerako desjabetuena ere bai, eta horregatik, palestinar herria buruan dugula aterako gara kalera aurten. Gure agintarien konplizitatearekin Israel egiten ari den genozidioaren aurrean, berriro exijitzen dugu ez daitezela LGTBIQ+ eskubideak erabili sarraskia zuritzeko, gure askapena aldarrikatzea Palestinaren askapena aldarrikatzea baita, eta ez baitago harrotasunik genozidioan.
Ikusi ditugu aste hauetan enpresak (horietako zenbait Israelen konplizeak) eta etxegabetzen duten banketxeak ortzadar banderaren koloreaz beren logoak apaintzen. Kapitala metatzea beste helbururik ez duten enpresa eta erakunde horiei esan nahi diegu ezetz, ez dela bateragarria etxegabetzeak agindu eta aldi berean itxuraz LGTBIQ+ eskubideen alde agertzea, eta ez, langileen esplotazioan ez dagoela harrotasunik. Ez diegula utziko gure koloreekin beren miseriak zuritzen. Ildo berean salatu nahi ditugu ekainaren 28a eta sexu askapen borroka kapitala metatzen jarraitzeko zein hiriak gentrifikatzeko eta turistifikatzeko tresna gisa erabili nahi dituzten ekimenak, bereziki Bilbao Bizkaia Harro, gure eskubideen izenean funtsean erdi-goi mailako atzerriko turismo gay diruduna sustatzea bilatzen duen ekimena. Ez, gure koloreak ez dira turismoa erakartzeko amua.
Gure bizitzak, denonak, duinak izan daitezen, sakoneko aldaketak behar ditugu. Den-dena goitik behera aldatu
Ikusiko ditugu egun hauetan eta ekainaren 28an erakundeak, gobernuak eta administrazioak eraikinak banderaz apaintzen, asmo oneko aldarrikapenak egiten. Baina badakigu LGTBIQ+ bizitza guztiak, ez gutxi batzuenak soilik, duinak izan daitezen, ez dela aski urtean behin gurekin gogoratzea, ez dela nahikoa diru-partidatxo bat gordetzea sexu-aniztasunaren inguruko kanpaina sinbolikoak egiteko. Gure bizitzak, denonak, duinak izan daitezen, sakoneko aldaketak behar ditugu. Den-dena goitik behera aldatu. Hasteko, Atzerritartasun Legea lehenbailehen indargabetzea exijitzen dugu, arrazakeria estrukturala ahalbidetzen duen tresna horrek pertsona migratzaileen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituelako. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzea ere bai. Salatu egin nahi ditugu, era berean, prostituzioaren abolizioaren izenean sexu-langileen eskubideak are gehiago urratzen dituzten legeak sustatzeko ahaleginak. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko trans legeak aurrerapausoak badakartza ere, gogorarazi nahi dugu legeak paper bustia direla gero pertsona transen eskubideak bermatzen ez badira. Esaterako, legea onartu ostean ere, Gurutzetako ospitalean protokolo zaharrek indarrean jarraitzen dute eta ez da pertsona transen duintasuna zaintzen. Zer esanik ez, transfobia soziala ez du legeak ezabatu, ezta LGTBIfobia ere, eta hari aurre egiten jarraitzera deitzen dugu ekainaren 28 honetan ere.
Ez dizuegu utziko gure borrokaren koloreak genozidioa zuritzeko erabiltzen; ez dizuegu utziko gure banderaren koloreez janzten gure hiri eta auzoak saltzeko
Guztion bizitzak bizigarri egiteko behar ditugun eraldaketak sakonekoak direla gogorarazi nahi dugu eta kapitalismoa eta hark bultzatzen duen eredu zisheterosexista, matxista eta arrazista direla osorik inpugnatu behar ditugunak. Esaterako, badakigu familia nuklear heterosexualean eta jabetza pribatuan oinarritzen den sistema kapitalistan, etxebizitza ez dela eskubide bat, eta horrek aukeratu ez dituzten familietan bizitzen jarraitzera kondenatzen dituela gazte trans, ez-bitar, gay, lesbiana eta bisexual ugari. Era berean, zaintza-sistema pribatizatu eta familiaristak bakardadera, miseriara eta zahartzaro ez-duinak izatera daramatza gure komunitateko adineko pertsona asko. Etxebizitzarako, zaintzarako eta bizi-baldintza duinak izateko aukerak emango dituen gizartea behar dugu, bestela ez baita posible guztion bizitzak bizigarriak izatea. Errotiko aldaketa horiei ekin ezean, erakundeek ez dezatela erabili ortzadar bandera lotsak estaltzeko eta beren burua zuritzeko.
Ez. Ez dizuegu utziko gure borrokaren koloreak genozidioa zuritzeko erabiltzen; ez dizuegu utziko gure banderaren koloreez janzten gure hiri eta auzoak saltzeko; ez dizuegu onartuko bandera han-hemenka partxeak jartzeko erabiltzea. Borrokan jarraituko dugu sexu- eta genero-disidente ororen gorputzak eta bizitzak duinak izan arte. Den-dena nahi dugu, eta denontzat.
Ehgam - Euskal Herriko sexu askapen mugimendua.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.