indarkeria matxista

Genero indarkeriagatik jarritako salaketak %72,7 handitu dira Araban urteko lehen hiruhilekoan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2024ko ekainaren 24a

Maialen Mazonen hilketa matxista salatzeko manifestazioa, Gasteizen. ALEA

Urtarriletik martxora bitartean 349 salaketa jaso dira Arabako epaitegietan, eta 2023ko aldi berean 202. Zigortutako gizonen %63,2k Espainiako nazionalitatea dute. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eman ditu datuak.

Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Arabako epaitegietan aurkeztutako salaketak %72,7 igo dira aurtengo lehen hiruhilekoan, 2023ko aldi beraren aldean, 349ra iritsi arte. Araban, genero indarkeriaren biktimen tasa 10.000 emakumeko 20,2koa izan da, EAEko 13,8ko zein Espainiako estatuko 15,5eko tasen gainetik.

Biktimen kopurua salaketen neurri berean igo da herrialdean. Erasotutako emakume horietatik 265k Espainiako nazionalitatea dute, hau da, %75,9k; eta atzerriko nazionalitatea dutenak 84 dira, beraz, %24. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eman dituen datuen arabera, gainera, 2024ko urtarriletik martxora bitartean genero indarkeriagatiko delituengatik epaitutako 79 gizonen artean %63,2k Espainiako nazionalitatea dute.

Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren salaketa gehienak poliziaren atestatuen ondoren jarri dituzte emakumezko biktimek (%95,8).

Halaber, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Arabako epaitegiek 33 babes agindu hasi zituzten aurtengo lehen hiruhilekoan, 2023ko aldi berean baino %83 gehiago. Biktimek eskatutako babes neurri horietatik guztiak onartu ziren hasiera batean, baina azkenean soilik 27 martxan jartzeko onartu ziren eta 23 ukatu zituzten epaileek.

Emakunde eta Eudelen arteko bilera

Beste alde batetik, auzoko eta hiriburuetako jaiei begira, Emakundek alkateak deitu ditu jaietan eraso matxistak prebenitzeko neurriak adosteko. Emakundek eta Eudelek EAEko alkateak bilduko dituzte ostegunean Gasteizen, herri bakoitzeko esperientziak bateratzeko balio behar duen topaketa batean. Emakumearen Euskal Erakundeak, udalerrien elkartearekin lankidetzan, urteak daramatza materiala bidaltzen eta, hainbat programaren esparruan, azalpen-bilerak eskaintzen, baina iaz modu sistematikoagoan egin zen, udal guztiei gonbidapenak bidaliz, herri-jaien gaiari modu esklusiboan heltzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago