Iritzia

Zutabea nola idatzi

Gure Lopez de Arbina 2024ko eka. 23a, 10:00

Argazkia: PIXABAY

"Egia bat atzeman orduko, jende guztiarekin partekatzeko gogoa sartzen zait"

Aleako kideek testua idaztea proposatzen didaten bakoitzean egiten dut ariketa. Zer daukat nik kontatu nahi nukeena, irakurleei ni larrutzeko aukerarik eman gabe, paragrafo gutxi batzuetan azaldu daitekeena? Nola egin gainera?

Inspiratuta banago, agerikoa denari beste angelu batetik begiratzea lortuko dut; ikuspuntu guztien artean, egiazkoa izan daitekeen bati. Egia bat atzeman orduko, jende guztiarekin partekatzeko gogoa sartzen zait. Are gehiago, nire eginbeharra dela sentitzen dut. Orduan bulkada izaten da pulpitura igotzekoa, beste erremediorik izango ez banu bezala, ene egia zabaldu behar baitut, eta iluntasunean bizi direnak ebanjelizatu.

Zer daukat nik kontatu nahi nukeena, irakurleei ni larrutzeko aukerarik eman gabe, paragrafo gutxi batzuetan azaldu daitekeena?

Gehienetan, baina, ez dut ziurtasunik izaten. Gehiago izaten dira kezkak, kontraesanak. Antropologiko-soziologiko-psikologiko-politikoak, filosofikoak nahi bada. Finean, mundua salbatu nahi nuke eta ez dakit nola. Zein dira gakoak? Galdera egokiak eginez arazoak konponduko dituzten erantzunak argituko bailiran, Aleako zutabeak bidegabekerien aurkako konjuruak egiteko balia daitezke. —o, pentsamendu garaikideari ekarpena egiteko moduan banengo bezala!

Idatzi dezaket ideia, proiektu edo pertsonen apologia egiteko. Oeeee, oe, oe, oeeee!!! Baina horrela ez, elegante, hizkuntza poetikoz ahal bada, irakurlea limurtzeko moduan. Edo ideia, proiektu eta pertsonen kontra. Kontra eta eder, biak aldi berean egiteko gai bazara, irakurle, Aleako zutabegile izan beharko zenuke.

Aitortzen dut umoretik idazten jakin nahiko nukeela, norbera irrigarri geratzeko arriskua hartu, errealitate erridikulua nabarmen utzi ahal izateko. Idatziz mundua salbatzeko superbotererik izan ez arren, mundua animatzeko dohaina izatea.

Gure Lopez de Arbina.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago