Araban PSOEk alde handiz irabazi ditu atzo Europako Parlamentua osatzeko egindako hauteskundeak, 36.280 boto erdietsita. Bigarren indarra EH Bildu (Orain Errepublikak) izan da, 26.933 botorekin. Hirugarren postuan PP geratu da, 22.000 boto lortuta. CEUS koalizioaren barruan joan den EAJ popularrengandik gertu geratu da, 19.122 boz lortuz. Ondoren geratu dira Vox (4.952), Podemos (4.722) eta Sumar (4.565). Alderdi berrien artean, Alvise Perezen Se acabó la fiesta-k 2.885 boto eskuratu ditu Araban.
Udalerriz udalerri, alde nabarmena igartzen da Eusko Legebiltzarrerako azken bozekin alderatuz. Horietan EAJ eta EH Bildurenak izan ziren alderdi bozkatuenaren mapan marraztutako koloreak. Europarako ordezkaritza ebaztean, baina, bereziki Gasteizen eta lurraldearen hegoaldean PSOEren gorria hedatu da, bai eta PPren urdina ere. Arabaren iparraldean, ordea, EH Bilduk parte hartu duen koalizioa aise gailendu da udalerri gehienetan.
Gasteizen sozialistek lortutako abantaila are nabarmenagoa izan da: beraientzat izan dira botoen %30,9 inguru. Popularrek %19,6 eskuratu dute. Hiriburuan EH Bildu hirugarren postuan geratu da, botoen %18,3 lortuta. EAJren koalizioa laugarren postura jaitsi da %12,7 botorekin. Antzeko portzentajeak erdietsi dituzte Vox, Sumar eta Podemos alderdiek, botoen %4 ingururekin.
Araban ez ezik, PSOE Bizkai eta Nafarroan ere izan da lehen indarra hauteskunde hauetan. Orotara, Pedro Sanchezen alderdiak 300.082 boto izan ditu Hego Euskal Herrian. EH Bilduk gertutik jarraitu dio, 276.692 botorekin. EAJrentzat (CEUS) 202.778 izan dira. PPk 172.770 boto eskuratu ditu. Ondoren geratu dira Vox, Sumar, eta Podemos.
EAEko markoa aintzat hartuz gero, EH Bildu izan da aurrenekoz lehen indarra erkidego mailako batuketan, 227.973 botorekin. Lehia horretan, sozialistak gertu izan dira (225.278), eta, hiru probintzien markoan ere, EAJk jaitsiera nabarmena izan du, 194.594 boto erdietsita.