Europako Batasunaren makineria ondo ezagutzen du Lorena Lopez de Lacallek (Gasteiz, 1959). Itzultzaile moduan hainbat urte egin zituen Bruselan eta Estrasburgon, eta, politikari helduta, besteak beste, Eusko Alkartasunaren nazioarteko harremanen ardura hartu zuen 2010ean. Gaur egun, estaturik gabeko herri eta nazioen eskubideen alde lan egiten duen Europako Aliantza Librea alderdien federazioko lehendakaria da.
Ukrainako gerra, larrialdi klimatikoa, adimen artifizialak dakartzan erronkak... Europako Parlamentuko bozetarako egoerarik zailenetakoa da?
Bai, eta are zailagoa egoera politikoagatik. Europako erakundeak sortu zirenetik bidegurutze politiko handienean kokatzen gaituzte hauteskunde hauek, beharbada zailenetakoan; demokrazia gehiago edo demokrazia gutxiago, Europa gehiago edo gutxiago, eskubide gehiago edo gutxiago baitago jokoan. Eta zailtasun handiena abstentzioan dugu; ezin ditugu Europako erakunde batzuk antolatu herritarren %49k botoa eman gabe. Mezua argia da: demokrazia gehiago ala faxismoa. Erregimen autokratiko eta diktatorialek ez dakarte ezer onik, badakigu, bizi izan ditugu, eta adibide ugari ditugu Afrika edo Asian gaur egun; herrialde horiek munduko gainerako herrialdeetatik isolatzeko eta beren biztanleria prekarietate egoeran jartzeko baino ez dute balio. Beraz, bai, une erabakigarrian gaude, eta espero dut balio demokratikoen aldeko borroka gailentzea.
Europako Parlamentuak berak "demokrazia indartzeko" dei egin die herritarrei kanpainan. Arriskuan al dago demokrazia?
Ez dut uste. Herritarren mobilizazio gaitasunean sinesten dut, guztiontzako eskubideak eta gutxi batzuentzako eskubideak bereizteko gaitasunean sinesten dut, eta uste dut jendeak guztiontzako bizitza hobea izateko borondatea duela. Eskuin muturrak gora egingo du, baina ez haiek uste duten bezainbeste. Azken inkestak ez dira horren katastrofikoak herrialde batzuetan.
"Ez dugu estatuen Europan sinesten, herrien Europan baizik; demokrazia gehiago denentzat"
Nola egin aurre eskuin muturrari?
Ezkerreko politika errealak eginez, politika sozialak, jendearen eguneroko beharrizan larriei erantzungo dieten politikak. Alegia, jendea ez da hilaren amaierara iristen, gazteek zailtasunak dituzte emantzipatzeko, ez baitago etxebizitza bat alokairuan prezio egokian izateko modurik; Gasteizko alokairuen prezioak izugarriak dira, eta alokairuan dagoen jende asko ere prekarietatean bizi da. Tokian tokikoak diruditen arazo hauetan ere Europak esku har dezake; gehienbat alokairu politikak inposatzeko gaietan, politika publikoetan, arlo publikoa pribatuaren aurrean defendatzerakoan, eta oraindik ere eskumen sozial gehiago beharko lituzke. Hori guztia jakinik, uste dut eskuin muturra kontrolatzeko modua badagoela, eta horretan erantzukizun handia dute eskuineko alderdiek, Europako eskuin zentroko alderdiek, demokristauenek, ikuspegi humanistagoa dutenek; eta PPn ere badaude horrelakoak. Hain zuzen, pertsona horiek mobilizatu egin behar dira aski dela esateko. Madrilen ikusten ari garen eztabaidak lotsagarriak dira. Eta eztabaida demokratiko batean irainak zigortuta egon behar du, argi eta garbi. Eskuin muturrak aurrera egitearen arazoa ez da soilik ezkerrak ez duelako konplexurik gabeko politika ezkertiar bat egiten, jokabide guztiz antidemokratiko horren aurkako zigorrik ez dagoelako baizik.
Zigorrak etengo luke igoera hori?
Guk, Europako alderdi politiko gisa existitzeko, baldintza batzuk bete behar ditugu, gure estatutuak begiratzen dizkigute, egiten duguna aztertzen dute... Europako alderdi politikoen finantziazioa %90ean Europako Parlamentutik dator, eta finantzaketa hori jarduera antidemokratikoak eta antieuropeistak egiteko bada, ez litzateke funtsik jaso behar, hala izan behar luke. Oso erraza da zigorra: soldata kentzen hasita. Bide demokratiko ugari daude antidemokraziari aurre egiteko. Egoerari aurre hartu behar diogu. Izan ere, historia zoritxarrez errepikatu egiten da; Hitler aukeratu zutenean gizarte kutsuko diskurtsoa egiten zuen, gehien behar zutenei laguntzekoa, eta denok ikusi dugu nola amaitu zuen... Antzeko agintariak ez baleude bere postuan, ez lirateke gertatuko bizitzen ari garen amesgaiztoak, Netanyahu gabe ziurrenik ez zatekeen gertatuko Gazan gertatu dena, argi esan behar da. Balio demokratikoak partekatzen dituzten erakundeek ez dute konplexurik izan behar zigorrak aplikatu eta baldintzak betetzen ez dituztenak erakunde horietatik kanporatzeko. Bestela orain Netanyahurekin gertatzen ari dena daukagu. Zigorrak orain betearazten ez badira, erakunde horiek nolako balioa dute?
Europako Batasunean badago alderdien arteko batasuna lan horretan? Ezkerreko alderdien artean?
Bi urte daramatzat Europako Parlamentuan ezkerreko talde eta alderdi politikoen arteko lankidetza askoz handiagoa eskatzen. Hala ere, ezkerrean ere, nire ustez, akats bat egiten ari gara geure dominak jarri nahian, ezkertiarragoa eta puruagoa nor izango den lehian... Nire ustez, ez da momentua, eskuin muturretik datorkigun oldea ikusirik. Batu egin behar dugu, eta erakutsi indarra dugula, Espainiako Estatuan batzeko gai izan garen moduan.
Europako Aliantza Libretik Europako erakundeen erreforma eskatu duzue.
Erakunde demokratikoagoak nahi ditugu. Eskualdeen eta Europako Batzordearen artean bide zuzen bat egon dadin erreforma beharrezkoa da, Europako Batasunak oraindik jaso ez dituen eskumen horiek guztiak jaso ditzan. Osasuna edo hezkuntza bezalako gai erabakigarriak, esaterako, oraindik ez dira Europako Batasunean barneratu, hain zuzen, estatuek euren eskumenak galdu nahi ez dituztelako. Gai hauetan gehiago bat egiten ez badugu, eta elkarrekintza gehiago ez bada, Europako Batasunak zailtasuna izango du lan egiteko. Hain zuzen, hauteskunde hauek eraman gaituzte erreforma eskatzera. Europako hauteskunde lege bat behar dugu; orain 27 hauteskunde lege desberdin ditugu, muga eta oztopo desberdinekin. Eta aniztasun kulturalaren kontra egiteaz gainera, beste ikuspegi demokratikoago eta irekiago batekin sortzen ari diren alderdi politiko berrien kaltetan ari dira, besteak beste, Volt edo Europa erdialdean indarrez ezartzen ari diren Piratak alderdi gazteen kontra.
Zein izan da Europako Aliantza Librearen ildo nagusia kanpainan.
Autodeterminazioa eta herrien erabakitzeko eskubidea ardatz gisa defendatzen duen talde politiko bakarra gara, betiere gauden gizarteetan guztiontzat lan egiteko ikuspegi inklusiboa izanik. Demokrazia eta aniztasuna izan dira gure kanpainaren zutabe nagusiak; demokrazia gehiago nahi dugu gure herri guztientzat, eta aniztasunarekiko errespetua. Eta, noski, eskualdeek gaur egun ez duten hitza eta botoa emateko aukera izan dezaten defendatzen dugu; hitz egiteko aukera izateaz gain, erabakiak hartzeko prozesuetan ere parte hartzeko ahalmena izan dezaten. Ez dugu estatuen Europan sinesten, herrien Europan baizik. Eta hori da, hain zuzen, Jean Monnetek zein Altiero Spinellik defendatzen zutena, familia politiko desberdinetakoak izan arren. Europako hasierako testuetan "herriez" hitz egiten zen pluralean, eta ez herri-estatuez, baizik eta estatu bakoitzak osatzen duen aniztasun guztiaz. Ez dago Europako Batasuneko estatu bakar bat ere gutxiengorik ez duenik; ez dago. Guk, EALn, gutxiengo horiek guztiak ordezkatzen ditugu. Eta gutxiengo horiek, salbuespenik gabe, eskubide berberak defendatzen dituzte; gure hizkuntza eta gure kultura defendatzen dugu gure herrietara datozen guztientzat; eta ez modu baztertzaile batean, Italiak egiten duen moduan, desberdintasun guztiak itsasoan hondoratuta.
Europak erantzun diezaieke gutxiengo horiei?
Estatu espainiarrean eta estatu frantsesean jende oso jakobino eta zentralisten gorabeherek mugatzen gaituztenez, itxaropen handia dugu Europan, eta gertakariek frogatu dute gauzak egin ditzakeela. Europa mugarik gabe ulertzeko modu bat ere badagoela ikusi dugu, esaterako, eta pandemian argi ikusi genuen berriro zer zen mugak jartzea, familiak Irundik Hendaiara joan ezin izatea. Sinesten dugu Europa proiektuan, pandemiaren adibidearekin jarraituta; ziurrenik askoz hobeto egin zitekeen, baina ondasun jakin batzuk elkarrekin erostea, energia gabezien aurrean elkarrekin lan egitea, Europako Batasunak prezioei mugak jartzea... garrantzitsua izan zen.
"Ez da konplexurik izan behar joera antidemokratikoak dituztenak zigortu edo kanporatzeko"
Urruti geratzen zaizkigu oraindik Europako erakundeak?
Oso urruti. Eta, ezer baino lehen, lan pedagogikoa daukagu aurretik. Jakin behar dugu Europako Batasuna dela egiten den legedi guztiaren bihotza, eta ez estatu mailako legediari dagokionean bakarrik. Lan sakona dugu, ordea, egiteko. Izan ere, zenbat lagunek dakite Eusko Legebiltzarrean Europako gaiei buruzko batzorde bat dagoenik? Zenbatek Arabako Foru Aldundian Europako gaietarako batzorde bat dagoenik? Oso gutxik. Erakundeek eurek ere garrantzirik ematen ez diotelako; herritarrei ez zaie aukera ematen zuzentarau bati edo besteari buruzko kezkak azaltzeko.
Nola irudikatzen duzu Europako Batasuna hogei urte barru?
Europako Batasuna askoz pluralagoa eta askoz irekiagoa izango da, edo existitzeari utziko dio. Hau da, gero eta estatu egozentrikoagoak eta gero eta itxiago eta baztertzaileagoak diren estatuz osatutako Europako Batasun baterantz baldin bagoaz, bere arima, bere izateko zentzua, bere esentzia galduko du, eta orduan ez du ezertarako balioko. Europak bi zutabe finkatu behar dituela uste dut: gizarte-ongizatea eta bakea. Horiek dira munduan orain beharrezkoak diren bi indar handiak. Eta horrek Nazio Batuen erreforma ekarri beharko luke; estatuei gailentzeko ahalmena izan dezaten. Europak irekiagoa izan behar du, bere bazkideak ordezkatzeko gaitasun handiagoarekin, eta behetik gora. Hala irudikatzen dut hogei urtera, existitzeari utzi ez badio; eta bide hori gertagaitza ikusten dut, estatalistenek eta autokratenek ere badakitelako bakarrik ezin dutela bizirik iraun. Europaren interes bakarra indartsuagoa izatea da: balioetan indartsuagoa. Gizarte-ongizatean indartsuagoa, horrek bereizten gaitu.