Gogora Institutuak Modesto Manuel Azkona Garaikoetxea identifikatu du, Miranda Ebroko (Burgos) Bayas hilerriko hobian, 2019. urtean, atera zituzten gorpuzkien DNA probak egin ondoren. Gogorak Azkona identifikatu du, haren hiru bilobari egindako proba genetikoei esker. Azken proba 2024ko otsailean egin zen, eta horrek eragin du behin betiko identifikazioa.
Azkona 1891ko otsailaren 24an jaio zen Alesbesen (Nafarroa), eta U.R Union Republicana alderdiko diputatua izan zen Arabako Foru Aldundian. 1936ko irailaren 17an atera zuten Gasteizko espetxetik, Teodoro Olarte garaiko ahaldun nagusiarekin batera Logroñora eramateko, baina ez ziren inoiz iritsi, Bruno Ruiz de Apodakaren faxistek exekutatu zituztelako. Haren gorpuzkiak, beste batzuekin batera, 2019an atera zituzten Miranda Ebroko (Burgos) Bayas hilerritik. Bertan lurperatu zituzten, hil eta arekan abandonatu ondoren.
Sare sozialetan idatzitako mezu batean poza agertu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Azkonaren gorpuzkiak identifikatu direlako, eta esan du beste urrats bat dela "gure memoria historikoa berreskuratzeko eta frankismoaren biktimentzako egia, erreparazioa eta justizia bilatzeko".