Museoen Nazioarteko Egunari lotutako ospakizunen haritik, artearen eta zientziaren arteko loturez mintzatu da Gasteizko Bibat museoan Oskar Gonzalez EHUko kimikaria. Esparru oso zabala den arren, Por qué los girasoles se marchitan liburuaren egileak argian zentratu du oraingo hitzaldia.
Adituak nabarmendu duenez, teknika ez suntsitzailea izanik, argia berebiziko tresna da, batez ere margolanen gaineko inguruabarrak ezagutzeko. Izan ere, begi hutsetik ikusten ez dena azaleratu dezake argiak.
"Normalean argia aipatzean, argi arrunta etorri ohi zaigu burura; baina, berez, espektroan gauza gehiago erabiltzen dira", argitu du kimikariak.
Argi ikuskor soilarekin hainbat egitura nabarmendu badaitezke ere —atzeko aldetik edo arraseko argiaz jarrita—, ultramoreak eta infragorriak dira gehien erabiltzen direnak.
Modu horretan deskubritu daiteke, adibidez, negu paisaia batean elur zuri monokromatikoa dirudiena egiatan bi pintura mota desberdinekin marraztu dela, margo bakoitzean erabilitako pigmentuek ezberdin erantzuten dutelako argi ultramorearen aurrean. Ikertzaileek fluoreszentzia bat hauteman dezakete, billete faltsuak detektatzeko erabiltzen den metodo eta printzipio berdinei jarraiki.
Bestetik, izpi infragorriek ahalmen gehiago dute margo batean dauden geruzak zeharkatzeko. Horrela, margoaren beheko aldean egon daitezkeen aurreko marrazkiak azaleratzeko aukera dago, bereziki marrazkia karbonoa duen materialekin egin bada. Batez ere garrantzitsua da jakiteko margolanaren sortze prozesuan egon daitezkeen pentimenti edo damutzeak: hasierako planteamenduan egindako aldaketak, marraztutako zerbait aldatuz edo ezabatuz. Kasurako, Domenico Ghirlandaiok Giovanna Tornabuoniri egindako erretratua aztertuta ikus daitezke horietako batzuk: hasieran pentsatuta zegoen perletako lepokoaren arrastorik ez dago oraingo pinturan, eta eskuen konposizioa ere bestelakoa zen hasiera batean.
'Gioconda' berria
Azken urteotan teknika honen ondorioz hartu den erabaki ospetsuenetako bat El Pradoko Giocondari dagokiona izan da. Hondo beltz bat zuela iritsi zen koadroa gurera, baina argi bidezko ikuskapenak demostratu zuen atzean marrazkia bazegoela, eta, ondorioz, margo geruza hori kentzeko erabakia hartu zen, paisaia ederra azaleratuz. Bada, ezustekoak ez ziren bertan bukatu, azaleratutako margo berriaren azterketak erakutsi zuelako jatorrizko Giocondarekin batera margotu zela orain Madrilen dagoena. Hortaz, mende batzuk geroago egindako kopia beharrean, ikuskapenak frogatu zuen kopia garaikidea zela, eta, seguruenera, Da Vinciren tailerrean margotu zela bestearekin batera, artelanaren gaineko pertzepzioa irauliz.
ERREFLEKTOGRAFIARI ESKER, EL PRADOKO 'GIOCONDA'-REN PERTZEPZIOA GUZTIZ ALDATU DA
Infragorrizko erreflektografiari esker lortutako beste irakaspen ospetsua gogora ekarri du Gonzalezek. Behin Natura hil bati Vincent Van Goghen egiletza kendu zioten adituek, besteak beste, sinetsita zeudelako koadroaren tamaina handiegia zela, eta sinadura ezohiko toki batean zegoela. Bada, izpi infragorriek erakutsi zuten koadro horren atzean bazela bi borrokalariren irudi baten eskema. Arte historialariek jakin bazekiten Theo anaiari bidalitako gutunetan aipatzen zela horrelako zerbait egiteko enkargua izan zuela Van Goghek akademian. "Baina Van Goghen artelan hori ez da inoiz aurkitu... hain justu, Natura hil honen atzean dagoelako", azaldu du Gonzalezek.
Gertuko artea zaintzeko teknika hauen baliagarritasuna babestu du adituak. Aurreratu duenez, euskal arte garaikidearen hainbat artelanetan agertutako orbanak aztertzen ari dira uneotan, argiaren bidezko azterketari esker artelan horiek zaintzeko estrategiak erabakitzeko.