Eskoletako jangela ereduaren inguruko eztabaida betean, Gozo Salburua jardunaldia izan dute igandean Salburuko gizarte etxean. Bidezko Elikadura, EHIGE eta Gasteizko eskola publikoaren komunitateak sustatuta, eskola elikadura "iraunkorrago eta osasungarriago" baterantz joateko helburuarekin egin dute, eta "topaketa aberasgarria" izan dela nabarmendu dute antotzaileek. Nazioarteko esperientziak ezagutzearekin batera, tokiko ekinaldietan jarri dute fokua, eta hausnarketarako zein elkarlanerako tartea izan dute.
Gaur egungo ereduari erreparatuta, gabezia asko dituela uste dute jardunaldietan parte hartu dutenek. Ez da "osasungarria", hitzaren zentzu zabalenean. "Umeek hartzen duten elikagaiez harago ari gara, beste zenbait faktorek egiten baitute egungo eredua osasungarria eta jasangarria ez izatea", azaldu du Bidezko Elikadura erakundeko Eneko Viñuelak. Besteak beste, eredu honek aldaketa behar du langileen harreman eta lan baldintzetan, ingurugiroarekiko harremanean eta bertako produktuekiko harremanean. "Jasotzen dituzten elikagaiak gehienetan osasungarriak dira, edo ez dira kaltegarriak behintzat, baina eredua bera, eta eratzen dituen interakzio guztiak ez dira oso osasungarriak". Bazkalordua bera askotan "arin" egiten dutela azaldu du Viñuelak, "langileetan eta umeetan, eta ondorioz familietan sortzen duen estres maila areagotuta".
Salburua auzoan sukalde propioa izateko lanean ari da hezkuntza komunitatea
Eredua aldatzen hasi, eta jantokiak "jasangarriago" egiteko xedez, jardunaldiotan egindako proposamenen artean, sukaldeek "gertu" egon behar dute. Horrek sukaldean gardentasuna eta kalitatea bermatuko luke, Viñuelaren arabera, eta jantoki iraunkorrago bat lortu. "Sukaldeak berreskuratu behar ditugu, eta sukaldeak diogunean eskoletan sukaldeak izateaz ari gara". Eta hori eskola guztietan hala izatea "zaila" dela jakinik, gertuko zenbait eskolaren artean sukalde komuna izateko aliantzak ere osatu daitezkeela gogoratu du. Eredu horri heldu diote Basauri herrian eta Salburua auzoan ere. "Sukalde komunitario hauen bitartez, goizean prestatu eta hiru eskolen artean banatzea da eskatzen ari direna". Familiek gaur egun duten papera, halaber, "eskasa" dela gogoratu dute jardunaldietan, eta eredu berriarekin "erabakitzeko ahalmen" gehiago izan beharko luketela.
Eredu berriak
Jaurlaritzak "gertuko" sukaldaritzaren aldeko apustua egin arren, "ekintzetan" ez dela islatzen esan du Viñuelak. "2019-2023 arteko azpiegitura planean eskoletan sukaldeak berreskuratzeko diru sail handia iragarri bazuten ere, gutxi batzuk baino ez dituzte jarri, eta gero eta gehiago dira eskaerak". Eskolen arteko desorekak sortu ez daitezen "beldurrak uxatzeko", halaber, Jaurlaritzak lizitazioetan baldintzak hobetzeko aukera duela gogoratu dute. "Aldaketa unibertsala izan behar da, noski, guztiontzat, eta horretarako baldintzak eurek hobetu ditzakete. Baina, era berean, alternatibak edo osagarriak izan daitezkeen ereduak daude". Catering zerbitzua edo bestelako aukerak izan behar dira mahai gainean, euren ustez, bakoitzak erabaki ahal izateko.
Egun, kudeaketa propioa egiteko baimen berezia dute Gernika, Markina, Mungia eta Urduñako eskolek, eta eredugarri direla gogoratu dute. "Esperientzia desberdinek erakutsi digute geroz eta deszentralizatuago egon, orduan eta kalitate, iraunkortasun eta gertutasun handiagoa dela".