Iruñeko Oreka eskolan izan zuen zirkuarekin lehen hartu-emana, eta geroztik estu lotuta joan dira Estefania de Paz Asinen (Iruñea, 1981) antzezlanak akrobata eta pailazoen unibertsoarekin. Remigia Etxarren funanbulista nafarra izan zen protagonista La reina del Arga obra arrakastatsuan, eta Olvido Flores du hurrengoa; poesia, zirkua eta gerra batzen dituen ikuskizuna, Anastasini zirkuari omenaldi txikia. Gasteizko Kaldearte arte eszenikoen jaialdian izango da ekainaren 7, 8 eta 9an.
Nor da Olvido Flores?
Nahasketa bat da. Hiletaria, alegia, beste hildako batzuen doluetan negar egiten duen emakumea; aurpegi zuria duen pailazoa; eta Katrina mexikarra. Hiru emakume boteretsu horien arteko koktel indartsu bat da Olvido Flores, eta ahaztutako objektuen sukurtsal bat daramana. Hantxe objektuak jaso, eta entzun egiten ditu.
Karabana batean hori guztia.
Las Maravillas de Júpiter espazio ibiltarian hori guztia. Sortzaile gisa, nire asmoa espazio hau pertsonaia eta gauza miragarriz betetzea da, eta Olvido Flores da lehenengo pertsonaia miragarria. Dantza, zirkua edo opera har ditzakeen espazioa sortu nahi izan dut, txikia, saio bakoitzean hogei bat lagunentzako lekuarekin.
Gerra ere presente dago obran.
Familiari dagokionez, batetik. Nire birraitona 1936an fusilatu zuten. Udal albaitaria zen bera, eta txerri batzuen kulpagatik... Bide bazter batean amaitu zuen, eta 1978an agertu zen Eloko hobi komunean. Urrezko hortzengatik ezagutu zuten. Nire aitak, urrezko hortz horiek aurkitzean, buelta eman nahi izan zion gorroto eta izugarrikeria horri, eta bi aliantza egin zituen horiekin. Ama eta aita urrezko hortzekin ezkondu ziren. Eta horrela hasten da nire familiaren istorioa...
"Artista gisa, zorretan ikusten nuen neure burua zirkuko jende horrekin, eta erabaki nuen nire bizitzaren parte izango zirela"
Eta zirkuarena, bestetik...
Nire beste familia, ofizioarena. Anastasini zirkuari gertatu zitzaion tragedia kontatzen dut obran. 1936ko uztailaren 18an heldu zen Lodosako plazara Italiako Anastasini zirkua. Gerra hasi, eta, zoritxarrez, erdian harrapatu zituen. Gatazkarekin zerikusirik ez zuen jendea, italiarrak, eta baita Afrikatik etorritako baten bat ere bai. Saio bat egin zuten, eta alde egin behar izan zuten zirkuaren karpa eta animaliak utzita. 50 bat artista izango ziren, eta, antza denez, interesatzen ez zitzaizkienak hil egin zituzten, garbitzaile eta muntatzaileak tartean, eta artistak hartu zituzten eurei gerra alaitzeko... Pentsa! Zure taldekideak hil ostean, nolako aurpegiarekin atera behar duzu jende horren aurrera gerra animatzera?
Anastasini zirkuaren lekukorik ba al dago?
Bizirik dagoen lekuko bakarra Renato Anastasini da, 91 urte ditu egun, eta Floridan bizi da. Zirkuko garai hartako jabea zen Aristidesen semea da Renato, eta hiru urte baino ez zituen Lodosara heldu zirenean. Joan den abenduan haren semeak, Luciano eta Giovanni, emazteekin batera, eta Coco Krammer artistarekin batera, Lodosan izan ziren herriak egin zien omenaldi batean, memoria historikoa berreskuratzeko lanean. Sendaezina sendatzen saiatzera, ezta? Tira... karabana barruan saio bat egiteko aukera izan nuen, gainera, eta oso hunkigarria izan zen. Sekulako besarkadak eman zizkiguten.
Nola heldu zinen istorio horretara?
Maria Jose Sagasti eta Javier Ayape historialariak izan dira errudun nagusiak, haien lanari esker. Ni artista naiz, ez historialaria, eta hunkintzen nauten istorioak bilatzen ditut; zorroztasun historikoa ez zait hainbeste axola. Emozioa bilatzen dut. Kasu honetan, artista gisa, zorretan ikusten nuen neure burua zirkuko jende horrekin, eta erabaki nuen nire bizitzaren parte izango zirela. Hiru urte daramatzat beraiekin bizitzen; lana sortu eta antzezpenak egiten. Obraren liburu bat ere atera dugu Reikiavik argitaletxeari esker, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat lagunen kolaborazioarekin. Memoriari egindako omenaldia da azken batean, ahotsik izan ez zuten lagunei egindako omenaldia. Nire etxean birraitonaren falta sumatzen dugu, aldiz, inork ez zuen haien falta sumatu. Ikuskizuna heriotza-erritual batekin amaitzen dut.