Arabako kontzejuak makroproiektu fotovoltaikoen aurka azaldu dira

Erredakzioa 2024ko mai. 30a, 13:33

Ekiolaren proiektu baten aurkezpena Arabako Mendialdean. Argazkia: Ekiola

Energia kontsumitzen den lekutik gertu sortu behar dela aldarrikatu dute. Oreka bilatzea eskatu dute energia garbiak garatu eta landa eremua babestearen artean.

Arabako Kontzeju Elkarteak ezinegona adierazi du Araban eraiki nahi diren eguzki plaken makroproiektuak "heltzen ari diren moduagatik". Elkarteak salatu du, Araba erditik mozteaz gain, energia kanpora eramateko izango dela, Zierbenan ebakuatuko diren azken parke fotovoltaikoei erreferentzia eginez. Joseba Terreros elkarteko lehendakariak sinatutako gutunean adierazi dute "printzipio logikoa" dela energia kontsumituko den lekutik gertu sortzea.

Kontzejuen iritziz, proiektu hauek kaltegarriak izango dira landa eremuan eta Arabako lurralde kohesioan, eta arriskuan jartzen dute paisaia, bioaniztasuna eta udalerrien bizimodu tradizionala. Azaldu dute berriztagarrietara trantsizioa egitearen alde daudela, baina "modu zentzudun batean" egin beharra dagoela, landa eremu eta kontzejuekiko errespetuz.

Hiru eskakizun egin dizkiete agintariei. Batetik, sakon berrikusteko instalatu nahi diren proiektuek izango dituzten inpaktuak, bai ingurumenean eta batez ere gizartean, kontuan hartuz nekazaritza, abeltzaintza, bioaniztasuna eta kontzejuen ongizatea. Bestalde, alternatiba jasangarri eta egokiagoak aztertzeko eskatu dute, kontsumituko den lekutik gertuago sortu dadin energia. Eta azkenik, instituzioei eskatu diete neurri "arduratsu eta jasangarriak" ezarri ditzatela proiektuen plangintza egiterakoan.

Azaldu dutenez, energiaren etorkizuna izan behar dira herrien autokontsumorako instalazioak, komunitate energetikoa eta Ekiola bezalako energia kooperatibak. Plangintza ordenatu bat egiteko eskatu diete agintariei, eta ohartarazi dute ezinbestekoa dela oreka bilatzea, energia garbia eta teknologia garatzeko landa eremua sakrifikatu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago