Sei hilabeteko lanen ondoren, Arraia-Maeztun dagoen Ekiola Mendialdea kooperatibaren eguzki parkea gaur jarri dute martxan, energia sarera lotuz.
Ekiola proiektuaren baitan, EAEn argindarra ekoizten duen mota horretako lehen parke kooperatiboa dela nabarmendu du aldundiak ohar batean. Parkeak 3.000 plaka fotovoltaiko ditu, eta urte bakoitzeko 2.118 MWh sortuko dituela espero dute sustatzaileek.
Lehen 25 urteetan energiaren prezioa egonkorra izango da kooperatibistentzat: 31,56 €/MWh. Aldundiaren esanetan, prezio hori "ohiko merkaturatze prezioarekiko oso lehiakorra da". Une honetan 64 bazkide ditu kooperatibak, eta familia edo etxe bakoitzaren batez besteko ekarpena 1.500 euro ingurukoa izan da. Aurreratu dutenez, datozen egunetan Mendialdeko Kuadrillatik harago zabaldu nahi dute ekimena.
Zentzu honetan, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak esan du "autogestio eredu" hau Mendialdeko 700 familiatara iritsi daitekeela, eta, behin gainerako proiektuak martxan jartzen direla, Arabako 4.200 familiatara iritsi daitekeela.
Gonzalezek aurreratu du Lautadako Ekiolaren lanak hasiak direla dagoeneko, eta datorren urteko apirilean espero dutela martxan egotea. Gorbeialdeko Ekiolaren lanak abenduan hasiko dituzte, eta Aiarakoak, berriz, datorren urtearen hasieran abiatzekoak dira.
Gonzalezekin batera, gaurko inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Arantxa Tapia Ekonomia sailburua, Mendialdeko Kuadrillako lehendakari Eduardo Ruiz de Loizaga, Arraia-Maeztuko alkate Gemma Ramos, EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola eta KREAN Group ingeniaritza taldeko sustapen zuzendari Asier Etxabe. Aldundiak, EEEk eta KREANek sustatutako proiektuak 2,25 milioi euroko inbertsioa izan du, eta Europako diru laguntza ere izan du.