Bere larruan modu bortitzean sufritu du Dora Galvezek (Sevilla, 1977) indarkeria estetikoa, burusoila izateagatik eta burua estali gabe kalera irteteagatik. Emakumeei inposatutako edertasunaren kanon sexisten artean, ilerik ez duen emakumerik ez baita onartzen. Bere esperientzia kontatzea erabaki du bizipen horiek guztiak askatzeko, zama gainetik kentzeko, eta beste emakume batzuentzat balio dezakeen istorioa partekatzeko. "Hain gaizki tratatua sentitu nintzen, guztia ateratzeko beharra sentitu nuela". Kuartangoko Uzanza argitaletxearen babesarekin, Las calvas existimos liburua argitaratu du, eta Ni un pelo de tonta umore bakarrizketa ere sortu du. "Umoretik kontatzea askapena izan da", azaldu du.
Estres egoera baten ondorioz galdu duzu ilea, orain dela bi urte inguru.
Bai. Alopezia areata gaixotasuna antzeman zidaten, estresagatik. Soilgune txikiak ateratzen hasi zitzaizkidan buruan, eta hori gorputz osora zabaldu zen. Prozesu motela izan zen, baina etengabea; urte eta erdi iraun zuen, burua arradatzea erabaki nuen arte.
"Umeak ere emakume idealaren estereotipoarekin kutsatuta daude. Beldurra ematen dit"
Arbuio sozial handia jasan duzula idatzi duzu Las calvas existimos liburuan?
Hasieran haurdun nengoen, pandemia zegoen, ez ginen etxetik apenas ateratzen, eta ez zegoen hainbeste arbuio sozialik. Gehiago neure buruarekin izan nuen arazoa. Ilegorria nintzen, ile luzea, kizkurra, eskandalagarria nuen; eta ilea erortzen hasi zen, baina ez ilea bakarrik, bekainak eta betileak ere erori zitzaizkidan… Alien bat nintzen. Nintzen guztia desagertu egin zen. Ispiluetatik ihes egiten nuen, baina begiratzen nuenean ez nuen neure burua ezagutzen. Beldur handia ematen du, bat-batean zerbait hutsa zara, batere espresiorik gabea, lau ile zintzilik dituena. Ikaragarria da. Zeure buruarekin gaizki sentitzen hasten zara; batez ere nazka eta gorroto sentsazioak dituzu. Mundu osotik bakartzen hasi nintzen, baita nire bikotekidearengandik ere, ez nuen nahi ni ukitzea, ezta begiratzea ere.
Nola eman diozu buelta horri?
Bada, buelta eman nion alabari esker. Gogoratzen dut alaba jaioberriari titia ematen ari nintzaiola, biluzik, udan egiten zuen beroarekin; eta etxean genuen ispilu batean neure burua ikusi nuen, alabarekin, eta ama zoriontsua izan behar zuena beharrean mamu bat ikusi nuen. Neure burua ikusi nuen, emakume triste haren irudi hura ikusi nuen, hain mamu itxurako irudi harekin, eta zerbaitek krak egin zidan..., nolabait erreskatatu behar ninduela sentitu nuen. Beste egun batean, parkera joan nintzen alabarekin, banku batean eseri nintzen, eta han zegoen andre batek ez zidan begirik kentzen, begiratu eta begiratu egiten zidan, jendea oso lotsagabea baita. Emakume hori etorri zen, ondoan eseri, eta ea zer gertatzen zitzaidan galdetu zidan. Hasi zitzaidan hitz egiten minbizia zuen lehengusina bat zuela, eta hau eta beste…. Gaiari buruz hitz egiten hasi ginen, eta esan nion ez nuela minbizirik, eta berak orduan esan zidan ileordea jantzi behar nuela: "Nora zoaz horrela?", esan zidan, eta ea lotsarik ez zidan ematen galdetu zidan, nire alaba hazten zenean bere ama horrela ikusteagatik trauma bat izango zuela esan zidan. Egun horretan etxean sartu nintzen eta erabaki nuen gehiago ez irtetea.
Gertaera latza.
Inoiz ez zitzaidan burutik pasa nire alabak uko egingo ninduenik, eta emakume horrek aurpegiaren aurrean jarri zidan hori. Alabak maiteko ez ninduen ideiarekin obsesionatu nintzen, eta alabak burua ukitzea saihesten hasi nintzen. Egun batean, biak ohean jolasean ari ginela, neuzkan lau ileei lotu zitzaidan, eta negarrez hasi nintzen, alabak gorrotatu egingo ninduela uste nuelako. Baina alaba barrez hasi zen… Boom bat bezala izan zen, egun hartan bertan esan nuen: Akabo! Burua arradatu nuen, eta hurrengo egunean kalera joan nintzen.
"Alde komikoa ere atera nahi izan dut, penatik beharrean umoretik kontatzeko"
Bat-bateko erabakia izan zen orduan?
Kikilduta, galduta, dardarka, beldurrak akabatuta nengoen, baina nire buruari esan nion: horrela aterako naiz kalera edo ez naiz inoiz gehiago aterako. Eta hori izan zen aldaketaren urrats bat. Hortik aurrera gauza asko gainditu behar izan ditut; amari aurre egitea batez ere nire ama izan delako prozesu honetan gehien birrindu nauen pertsonetako bat; "ez etorri herrira ileordea janzten ez baduzu", esan dit.
Gizarteak emakume burusoilak diskriminatzen dituela sentitu duzu?
Barruan ez zauden arte ez zara konturatzen emakume burusoila nola diskriminatzen duten, nola zigortzen duten; eta gainera, niri, batez ere, min handia egin didatenak beste emakume batzuk izan dira. Begiradak dira, esamesak, zure inguruko jendeak epaitzen zaitu, edo lana aurkitzeko arazoak izaten dituzu ileordea janzten ez baduzu. Behin toki batean lan egiteko ileordea jarri behar nuela esan zidaten. Nik baztertuak diren emakumeekin lan egin dut, eta uste dut horregatik hasi naizela sentitzen gertatzen zitzaidan guztia indarkeria mota batekin lotuta dagoela, egungo gizartean nagusia den edertasunaren estereotipoan sartzen ez diren emakumeen kontrako indarkeria estetikoarekin. Burusoila izateagatik norbaitek kalean txistua botatzen badizu, machorra edo lesbiana esaten badizu, iraintzen bazaituzte edo izurria izango bazenu bezala zugandik aldentzen baldin badira, indarkeria estetikoa dago atzean.
Gainera, feminitatearekin nolabait lotuta dagoen sinboloa da ilea.
Bai. Gerra Zibilean, adibidez, burua arradatu eta biluzik paseatzen zituzten emakumeak, zigortzeko. Juana Arcokoari ere ilea moztu zioten, eta biluztu zuten. Kultura musulmanean emakumezkoei inork ezin die ilea ikusi, senarrak bakarrik. Hau da, ilea sexualitatearekin lotzen da, emakumearekin lotzen da, eta noski, ilerik gabe geratzen zarenean, ez zara emakume bat edo gaixorik zaude.
Emakumeen burusoiltasuna berehala minbiziarekin erlazionatzen dugu.
Ezagunek eta ezagunak ez direnek kalean gelditu eta zer tratamendurekin nagoen galdetzen didate sarri. Badakit leku batean sartzen naizenean jendeak begiratzen nauela eta pentsatzen dutela "gizajoa", "gainera, ume batekin". Horrelakoak entzun izan ditut. Zer egingo dut ba? Mundu erdiarekin borrokatzen hasi? Ni eroso nagoelako joaten naiz horrela, ondo nagoelako, eta aldi berean modu bat da aldarrikatzeko edertasunaren kanonak batzuk izan daitezkeela, baina edertasuna beste gauza bat dela. Gustatuko litzaidake berriro ilea aterako balitzait, ez dut ukatzen, izugarri gustatzen baitzitzaidan nire ilea, baina ondo nago orain.
Ez dago erreferentziarik edo oso gutxi dira estali gabe kalera irteten diren emakume burusoilak.
Burusoila bazara, kalera ateratzen zarenean pentsatzen duzu bakarra zarela munduan, ez duzulako zu bezalako inor kalean ikusten. Nik ez nuen erreferentziarik, erabat galduta nengoen.
"Ikertu gabe dago emakumeen alopezia; gizonen tratamenduak jartzen dizkigute"
Eta esperientzia horretatik abiatuta, emakumeen alopeziaren gai tabuari buruzko liburua idatzi duzu?
Lan asko egin dut terapiekin, batez ere genero indarkeriaren eta gizarte bazterkeriaren biktima diren emakumeekin. Eta asko gustatu izan zait beti idaztea; gertatzen zitzaidanari buruzko poemak eta horrelakoak idazten nituen. Zure bizitza alda dezakezu izeneko liburu bat ere idatzi nuen une batean. Baina hau gertatu zitzaidanean, hain basatia izan zen bizi izan nuen zaplazteko soziala, nola tratatzen ninduten sentitzea, erabat diskriminatuta sentitzea, hain gaizki tratatua sentitu nintzen guztia ateratzeko beharra sentitu nuela. Liburuak, informazioa, artikuluak bilatzen ibili nintzen, eta oso erreferentzia gutxi topatzen nituen. Faltan bota nuen esperientzia hau kontatuko zidan norbait, ez nuen aurkitu, eta pentsatu nuen: Zergatik ez naiz ni hori kontatzen duena?
Liburua irakurri duten emakume askok idatzi dizute?
Mota guztietako emakumeek idatzi didate, gauza bera sentitu duten emakumeek, potoloagoak direlako edo itsuak direlako edo ni bezala burusoilak direlako. Liburua braillez ere bidali genion neska bati, eta esan zidan nire antzera sentitzen zela, itsua izateagatik ez dutela emakumetzat hartzen, erabat diskriminatua sentitzen dela. Gurpildun aulkian dagoen neska batek ere erantzun zidan bazterketa sozial hori sentitu duela, eta mastektomia batengatik bularrak galdu dituzten emakumeek ere idatzi dute. Orain mundu osoan ezagutzen ditut emakume burusoilak, jendeak idatzi didalako, jende polita.
Garrantzitsua da emakume burusoilak existitzen direla ikusaraztea?
Gero eta emakume gehiago ateratzen ari gara kalera burusoil, agian existitzen garela adierazten ari garen lehenak gara. Nik ezagutzen ditut emakumeak 30 urte edo gehiago daramatzatela sufritzen burusoilak direlako, eta esan didatenak: "Nik bizia kenduko nuke nire semeagatik ez balitz". Soil-soilik burusoilak direlako. Bizitza osoan ileordearekin ibili diren emakume asko eta asko dago, inork ez dakiela burusoilak direla, ez lehengusinak, ez bizilagunak, ez koinatak…
Ileordea erabili duzu noizbait?
Ileordea erosi nuen ezkontzera nihoalako. Haurdun nengoen orduan, zortzi hilabete eta erdiko, ezkontzera nihoan, eta burusoil geratzen ari nintzen; ileordea janzten hasi nintzen salbazioa balitz bezala. Baina pentsa, ni ileordearekin, ordezko betileekin, eta bekainak margotuta ateratzen nintzen kalera, hau da, kromo bat nintzen, postizo ibiltari bat. Orduan ileordea gorrotatzen hasi nintzen, baina hura gabe ezin nintzen bizi, eta nire ezkontza egunaren aurreko gauean, arrebari esan nion: "Ez dut ileordearekin ezkondu nahi, ez dut jantzi nahi, ez dut postizo bat izan nahi". Hortik gaurko egunera arte. Asko gustatzen zaizkit ileorde batzuk, oso politak dira, baina nik zer dakit, niretzat ez zaizkit gustatzen.
Zergatik da hain zaila ulertzea emakume burusoil bat kalean egon daitekeela gizon burusoil bat bezala?
Edertasun femeninoak barne hartzen duen estereotipoa emakume ederra, altua, mehea eta bular handikoa da. Estereotipo hori ez dut betetzen burusoila naizelako, baina lodi dagoenak ere ez du betetzen, txikia denak ere ez du betetzen…. Hau da, bat baino gehiago gara, ezaugarri ezberdinak ditugu, eta ez gara zakuan sartzen. Estereotipoak hain markatuak direnez, emakume ugari ez gara sartzen.
"Nik ez dut estereotipoa betetzen, baina lodia dagoenak ere ez, edo txikia denak"
Gizartearen arbuioa belaunaldiz belaunaldi transmititzen dela uste duzu?
Gazteak emakumeen eta gizonen ideia bat sortzen ari dira sare sozialen eta telebistaren bidez, eta ideia hori ez da benetakoa. Niri gustatuko litzaidake eskola batera joatea estereotipoez hitz egitera, haurrei erakusteko ni emakumea naizela eta emakumeok ez dugula zertan ilerik izan. Ni, emakume burusoil bat, parke batean egon naiz alaba paseatzen, eta ondoko kolunpioan gizon burusoil bat zegoen bere semearekin, eta umetxoak niri inguratu zaizkit galdetzera ea zergatik ez dudan ilerik. Zergatik ez diote gizonari galdetzen? Emakume idealaren estereotipoarekin kutsatuta daude umeak. Beldurra ematen dit.
Laia Eskolaren eskutik ere liburuaren aurkezpenak egin dituzu Arabako herrietan. Nola joan dira?
Oso polita izan da, oso feeling ona egon da. Emakume asko hunkitu egin dira, identifikatuta sentitu direlako. Emakumeok ulertu behar dugu zergatik gorrotatzen dugun gure burua ispiluari begiratzen diogunean, zergatik ez dugun gure burua maite, zergatik ez garen onartzen; zerbait eraikia dela eta ez garela horren errudun. Hori esan egin behar zaigu, gure burua maitatu behar dugula, errespetatu eta elkarri entzun.
Aktorea zara. Zure esperientziaren alderdi artistikoa ere landu duzu, ezta?
Alde komikoa ere atera nahi izan dut. Zama den edertasunari buruzko hitzaldiak ematen hasi nintzen, nire istorioa kontatuz, eta emakumeenganako presio estetikoak duen arriskuari buruz. Eta gero konturatu nintzen beti batik-bat penatik kontatzen nuela, gertatu zitzaidan tragedia hartatik, eta erabaki nuen orain gauzak lasaiago konta ditzakedanez, barre ere egin dezakedanez, bakarrizketa komiko bat egingo nuela. Ni un pelo de tonta izena jarri diot, eta egunero gertatzen zaizkidan gauzei buruz hitz egiten dut, sexuan, kalean, jendearekin… Behin aitaginarrebarekin nahastu nindutela, adibidez.
Aktorea izateak lagundu dizu?
Niretzat liburua terapia bat bezala izan bada, bakarrizketa haustura bat izan da; umoretik kontatzea niretzat askapen bat izan da. Duela gutxi beste bakarrizketa bat ere egin dut, Puto Amor, maitasun erromantikoari buruz, gai hauetaz hitz egiteak motibatzen nauelako, lehen pertsonan bizi izan ditudalako. Amatasunaren inguruan pieza bat ere sortzen ari naiz.
Gizonezkoen neurrira egindako medikuntzaz ere hitz egiten duzu liburuan; ez dago berariaz emakumeen alopeziari aurre egiteko tratamendurik?
Emakumeen alopezia ikertu gabe dago, eta egun gizonezkoen tratamendu bera aplikatzen digute emakumeoi. Adibidez, kortikoideak eman zizkidaten, gizonentzat bezala, nahiz eta guretzat dosia txikiagoa izan. Prostatarako botika bat ere errezetatu zidaten, ilea hazteko, nahiz eta jakin emakumeek ezin dugula hartu, kontraindikatuta dagoela, antzutasuna eragiten duelako botikak; 16 urteko neskato batzuek ere hartu egiten dute. Gaur egun ilea berriz ateratzeko dauden sendagai fidagarri bakarrak immunosupresoreak dira, immunitate sistema ezabatzen dizutenak. Tira, nik nahiago dut burusoil egon, sistema autoimmunea galtzea baino.