Sexu indarkeriaren 22 biktima artatu ditu lehen hilabetean Tximeletak zentroak

Erredakzioa 2024ko mai. 23a, 13:56

Gasteizen dago Tximeletak zentroa. Argazkia. AFA

Sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta hurbilekoei arreta espezializatua ematen die zentro berriak.

Lehendabiziko hilabetean, 22 emakume artatu ditu Tximeletak zentroak, sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko Arabako zentro berriak. Aldundiak abian jarritako zerbitzua da, Gasteizen dago, eta publikoa eta doakoa da.

Tximeletak zentroak – 650 80 10 80– sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei, haien senideei eta hurbilekoei arreta espezializatua ematen die urteko 365 egunetako 24 orduetan. Bere zerbitzuen artean daude larrialdi eta krisi egoeretako arreta, laguntza eta telefono bidezko eta aurrez aurreko informazioa. Horrez gain, diziplinarteko zerbitzu espezializatu bat dauka, biktimen errekuperazio psikologikora bideratutako esku hartzeak egiten dituena epe luzera, eta laguntza soziala eta juridikoa ematen die beren eskubideak erreklamatu eta izapidetzeko.

Ez da beharrezkoa salaketa jarri izana arreta jasotzeko. Zerbitzu honek artatzen duen sexu indarkeriaren barnean dira sexu erasoa, sexu jazarpena, sexu konnotazioa duen jazarpena, eremu digitalean egindako sexu indarkeria eta sexu indarkeriarekin loturiko emakumeen hilketa. Egoeraren arabera, ohiko hitzordua edo premiazko hitzordua ematen da edo, behar izanez gero, profesionala biktima dagoen tokira joan daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago