Garikoitz Knorr

"Oso tristea da eraikitakoa bat-batean deuseztu nahi izatea"

Anakoz Amenabar 2024ko mai. 23a, 07:00

Garikoitz Knorr, erdigunean, Valentziako euskara ikasleekin batera. Argazkia: Anna Skowron-Mora

PP eta Voxen erabakiz, irailetik aurrera bertan behera geratuko dira aurrez aurreko euskara eskolak Valentziako hizkuntza eskola ofizialetan.

Hurrengo ikasturtetik aurrera Alacant, Castello eta Valentziako hizkuntza eskola ofizialetan aurrez aurreko euskara eskolak kenduko dituela jakinarazi du Valentziako Generalitateak. PP eta Voxen gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz, 14 taldetan banatutako 120 ikasleek euskara online ikasteko aukera baino ez dute izango. Garikoitz Knorr irakasle gasteiztarrarekin hitz egin du ALEAk.

Nolakoa izaten ari da kurtso amaiera Valentziako hizkuntza eskolan?

Berez lan handikoa izaten da ikasturte bukaera, eta orain lana bikoiztu egin da. Ohiko lanaz gain, hainbat protesta antolatzen gabiltza. Eta ikasleak ere goibel ikusten ditut, triste eta urduri. Gure kasuan, euskararen kasuan, hemengo planek aurrera egiten badute, aurrez aurre euskara ikasteko aukerarik gabe geratuko dira.

Aldaketarik ez bada, irailean sartuko da indarrean?

Bai, atzera egiten ez badute, irailetik aurrera hala izango da. Hizkuntza eskoletan euskara modu normal batean ikasteko aukera egon da hemen, Valentzian zortzi urtez eta beranduago Castellon eta Alacanten sei urtez, eta orain bat-batean hori moztuko dute. Ikasleek online ikasteko aukera bakarrik izango dute.

Hartutako erabakia baliabideak "optimizatzeko" modua dela diote Generalitatetik.

Bai, zer esango dute ba. Uste dut argi dagoela ez dela hori asmoa. Borondate kontua da. Eta ez nuke esango borondate falta denik, baizik eta euskararen irakaskuntza desagerrarazteko borondatea, hain zuzen ere, desegiteko borondatea. Hori da gehien penatzen nauena. Duela zortzi urte, Botanic deitzen zitzaion gobernuak oso apustu ausarta egin zuen nire ustez, eta ondo funtzionatu duena gainera, pandemia tartean egonda ere; matrikulazioek aurrera egin dute, eta ikasle askok euskara ikasten jarraitu dute. Halako zerbait eraikitzea ez da batere erraza, eta benetan oso tristea iruditzen zait eraikitakoa bat-batean deuseztu nahi izatea.

Aurrez aurrekoa kenduta, 'online' aukera geratuko da...

Argi utzi nahi dut ni ez nagoela online irakastearen kontra, ez, alderantziz. Uste dut onuragaria izan daitekeela, demagun, Valentziatik kilometro batzuetara herrixka batean bizi denak euskara ikasi nahi badu ez du zertan etorri. Edo ordutegien aldetik abantailak izan ditzake, izan ere, euskara talde bakarra eta ordutegi bakarra eskaintzen da urtero. Baina uste dut betiere online aukera aurrez aurreko ikaskuntzaren osagarri izan behar dela, ez ordezko. Gainera, euskara ikasgelan ikusten dut nola laguntzen dioten elkarri, ikasle batzuek besteei, nola sortzen den talde izaera, eta hori, noski, online irakaskuntzan ezin da gertatu. Orduan, ez dakit horrek nola funtzionatuko lukeen; tira, zoritxarrez badakit, pandemia garaian aukera bakarra hori izan zelako, eta pixkanaka askok utzi egin zutelako.

"Urte hauetan eskolatik pasa diren ikasle guztiak benetan miresmenez ikusten ditut"

Beste hizkuntza batzuei ere eragingo die murrizketak, ezta?

Bai. Valentzia herrialdean guztira hamazazpi hizkuntza iraskasten dira hizkuntza eskoletan, eta hori benetan uste dut gorde beharreko altxor bat dela. Nik beti harrotasunez kontatu izan dut hori kanpoan: 17 hizkuntza ikasteko aukera. Hizkuntza eskola ofizialetan gehienbat ingelesa eta hizkuntza handiak iraskasten dira, eta garrantzitsuak dira noski, baina Valentzian arabiera, greziera edo finlandiera modukoak ere irakasten dira, eta oso polita da hori. Eskaintzen ari diren 17 hizkuntzetatik gehien-gehienek murrizketak sufrituko dituzte, baina kaltetuenak euskara, arabiera eta atzerritarrei zuzendutako gaztelania izango dira. Eta euskararen kasuan bereziki larria da, gehienetan murrizketak izango direlako bakarrik, baina gurean aurrez aurre ikasteko aukera desagerraraziko da.

Nolakoa da euskara ikasleen profila?

Bitxia da denetarik dagoelako. Adinaren aldetik, euskara ikasteko arrazoien aldetik... Jakina, helduak bai, hizkuntza eskolan 16 urtetik gorakoak dira, eta euskararen kasuan adin tartea nahiko goiko tartekoa da, eta erretiratu zenbait ere. Eta, bistan da, teknologia asko kontrolatzen ez duten ikasle asko ere badago; haiek argi adierazi dute online aukera izatekotan ez luketela jarraituko.

Nolakoa izan da esperientzia irakasle moduan urte hauetan?

Oso urte politak izan dira. Oso aberasgarriak. Eta erronka handia. Euskara saila nolabait zerotik martxan jartzea ez da erraza izan, baina polita izan da. Urte hauetan gure eskolatik pasa diren ikasle guztiak benetan miresmenez ikusten ditut, eta hala esaten diet askotan. Hemen egonda, ez da batere erraza. Eta eskerrak Internet dugun, eta Primeran moduko plataformak... Baina, noski, haientzat ikasgelan ematen dituzten ordu horiek dira euskararekin kontaktua izateko duten tarte txiki bakarra. Ikasleak zerotik hasi dira, eta zerotik diodanean zerotik da, Euskal Herrian hori guztiz egia ez delako askotan; hemen "ez" edo "etxea" esaten jakin gabe etorri dira, eta hori askotan ahazten zaigu. Oso polita izan da zerotik hasi eta azkenean euskaraz egiteko gai direla ikustea.

Valentziako Euskal Etxea bada euskara ikasteko beste aukera bat?

Zorionez, Valentzian Euskal Etxe oso aktiboa dugu, eta aspalditik euskara eskolak eskaintzen ditu. Ikasle askok pentsatzen dut haruntza joko dutela. Hala ere, beste ikaskuntza mota bat da, hizkuntza eskolakoa nolabait formalagoa da, eta norbaitek titulua eskuratzeko aukera ere ematen du, nahiz eta hori ez izan ikasle gehienen helburua. Baina, tira, Euskal Etxearen aukerak zorionez hor jarraitzen du,  eta hori beharbada kontuan izan beharko luke Etxepare Institutuak, beharbada eskaera handituko delako hemendik aurrera. Bitartean, hurrengo egunetan protestekin jarraituko dugu, hezkuntzan barrabaskeria asko gertatzen ari dira eta.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago