Notariotzan jasotako txeke vintage hori kobratzeko unea iritsi da, eta lanera sartu aurretiko tartetxo librea banketxe batera hurbiltzeko ordu aproposa izan daiteke. Zorionez, ez da zaila izango horietako bat topatzea, lurraldean gehien zabaldutako bankuarena baita. Eskerrak ez den Caja del Mar Menor. Txekeak agertzen duen logotipo berdina azaltzen da banketxearen goiko aldean, handi eta dotore. Barrura. Alabaina, adimen artifizialak ere ez du hogei minutuko itxaronaldia desagerraraziko. Txanda iritsita, ezustekoa dator. Ezinezkoa omen da txeke hori kobratzea. Bulego horretan ez dutela eskudirurik maneiatzen azaldu du bertako langile batek. Ongi etorri dirurik gabeko banketxeen arora.
Benetako anekdota honek agerian uzten du banku sisteman izandako aldaketen konplexutasuna. Izan ere, topiko eta aurreiritziez beterik dagoen mundu batean, banku bulegoen murrizketak aipatzean, adineko pertsonen adibidea etorri ohi da burura berehala. Teknologia berriekin moldatzen ez diren lagunak omen dira horrelako oinarrizko zerbitzuak alboratzen direnean lehen kaltetutakoak. Errealitatea, ordea, burugogorra izan ohi da, eta, ikusi dugunez, erpin askotarikoa. Izan ere, ezaguna da erretiroan dagoen adineko jende asko ederki asko moldatzen dela, esku batean wallapop irekita duen tableta, eta bestean sakelekoa, bizumarekin jo eta fuego ari direla. Batek baino gehiagok, seguruenera, blockchain teknologiapeko wallet batera mugituko du hilean kobratutakoaren zati bat, epe luzera pentsioa ziurtatu behar dioten politikariek zerbitzari publiko modura duten abileziaz batere fidatuko ez delako.
Salbuespenak salbuespen, horien artean daude zaurgarrienak, hainbat adituk TOKIKOMi ziurtatu diotenez. Joseba Iñaki De la Peña EHUko Zientzia Ekonomiko eta Enpresarialetako doktoreak azaldu du bereziki "gailu teknologikoekin moldatzen ez diren herritarrei, batez ere adineko pertsonei" egiten diela kalte bulegoen murrizketak. Ideia horrekin bat datoz Adela Mesa Zientzia Politikoko eta Administrazioko irakaslea zein Pedro Manuel Martinez-Monje Soziologiako eta Gizarte Laneko irakaslea ere. Azken honen arabera, aintzat hartu beharra dago adineko askok "trebetasun kognitiboa" galdu dutela gailu modernoekin aritzeko, eta, ondorioz, "sistema horretatik kanpo" geratzen direla. Mesak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak bankuak behartu zituela "pertsona nagusiei beren-beregi zuzendutako arreta emateko" protokolo bat ezartzera. "Harrituta geratu nintzen, betebehar horien artean zegoelako leihatilatik eskudirua ateratzeagatik komisiorik ezin zietela kobratu".
Adituek uste dute bi faktorek bultzatu dutela prozesua. Batetik, 2008an hasitako finantza krisia. Bestetik, digitalizazioaren gorakada. Azken honi dagokionez, Covid-19aren ondoriozko konfinamendu eta neurri bereziek are gehiago indartu zuten abian zen prozesua. Datu zehatzetara joz, azken urteotan gero eta banketxe gehiago itxi dituztela jakitea ez da, seguruenera, inorentzako sorpresa izango. Oraingoan bederen, datuek berresten dute sen onak agintzen duen ideia hori.
BULEGO KOPURUAN EZ EZIK, ORDUTEGIAN ERE MURRIZKETA ASKO EGON DIRA, HERRIETAN HASERREA PIZTUZ
Hala, Espainiako Bankuak 2023ra arte eskuragarri dituen erregistroen arabera, azken hamabost urteetan Araban bankuek 186 bulego kendu dituzte. 2008an 338 ziren; iaz, berriz, 155. Logikoa denez, gehienak Gasteizen galdu dira, baina ia-ia bulegoen erdia desagertu dira gainerako lurraldean ere. Datuei erreparatuta, hiriburuan gehiago dira galdu direnak, geratzen direnak baino: 2008an 242 bulego izatetik 99 izatera igaro da Gasteiz, bidean 143 bulego galduz; %59 gutxiago. Gasteiztik kanpo jaitsiera nabarmena izan da ere, baina proportzio txikiagoan: 96tik 53 izatera pasa da; %45 gutxiago. Araba osoan ez da udalerri bakar bat bulego kopurua handitu duena.
Ordutegi murritzak
Bulegoen kopuruan ez ezik, ordutegietan ere jaitsiera izan dela pentsatzea logikoa izan daiteke, baina, kasu honetan, Espainiako Bankuak ez du horren gaineko informaziorik ematen. Horregatik, Gasteiz ez diren udalerrietako banketxeetako datuak ikustean, datu gordinak tentuz hartu behar dira ezinbestean, batez ere benetako zerbitzuari dagokionez. Kasurako, kalkulu orri baten gainean deigarria izan daiteke jakitea Navaridasek daukala biztanleko banku tasarik handiena (50,8 banku 10.000 biztanleko). Zorionez —edo tamalez, hori irakurlearen esku geratuko da— Navaridas ez da Lower Manhattan; ezta ezkutuan mantendu izan den Liechtenstein bat ere. Errealitatea oso bestelakoa da. Bertako Kutxabanken bulego bakarra astean egun batean goizez baino ez dago irekita. Asteazkena ez denean operazioren bat bulegoan egin nahi duen navaridastarrak Bastidara edo Guardiara jo beharko du ezinbestean, segur aski auto partikularrean, garraio publikoaren errealitatea aintzat hartuta. Ez da, inondik inora, kasu bakarra, joera orokorra baizik. Izan ere, datuen arabera bulego bat duten beste herri askotan ere astean behin baino ez dute irekitzen. Hala gertatzen da, batzuk aipatzearren, Araian, Berantevillan, Bernedon, Izarran edo Lapuebla de Labarcan.
Hemerotekara jotzea besterik ez dago konprobatzeko azken urteotan hainbat herritako udalek eta eragile sozialek behin baino gehiagotan protesta egin dutela ordutegien harira. Hala gertatu da, kasurako, Izarran, Eltziegon, Bastidan edo Murgian. Zuiako herri nagusiaren kasua bereziki esanguratsua da, eskualde buru izaera duen herri batean dagoen bulego bakarrak astean bi egunez baino ez duelako irekitzen.
Beste hainbat kasutan, ordu horiek ere ez dira geratu. Kasurako, urte hauetan, zeukaten bulego bakarra galdu dute Haranean, Kripanen, Lezan, Moredan, Okondon, Urizaharrean, Samaniegon, Ekoran eta Zigoitian. Beste hamar udalerritan inoiz ez dute bulegorik izan. Ez behintzat azken hamabost urteetan. Udalerriz udalerri, badira bulegoa bi egunez irekita duten herriak. Kutxabanken datuen arabera —hori baita gurean bulego gehien dituen entitatea, 50 banketxerekin—, Argantzon, Trebiñu, Ribabellosa, Elvillar, Maeztu edo Santikurutze Kanpezun, bestetik, bi egunez baino ez dute irekitzen. Legution edo Dulantzin, esate baterako, hiru egunez irekita daude bulegoak. Astean bost egunez irekitzen dituzte, berriz, Langraiz Oka, Guardia, Agurain edo Oionen. Baita Gasteizen ere, noski. Galdutakoen proportzioari dagokionez, datu adierazgarrienetako bat Aguraini dagokio. Izan ere, udalerria banketxe gehien galdu dituen hirugarrena da, Gasteiz eta Laudioren (-13) atzetik. 2008an 9 bulego izatetik 3 bulego izatera igaro da, 6 galduta. Oion (-4) eta Amurrio (-3) dira bulego gehien galdu dituzten hurrengo udalerriak.
Etorri da banketxea
Arabaren kasuan, banketxerik ez duten hainbat herritara Ofibus izenekoa eramaten du Kutxabankek: bulego mugikorrak astean behin Armiñón, Bóveda, Burgu, Dura, Fontecha, Gatzaga Añana, Gatzaga Buradon, Gauna, Gopegi, Kripan, Leza, Narbaxa, Ozeta, Samaniego, Urizaharra eta Zanbrana bisitatzen ditu, ordu eta erdiz. Entitatearen arabera, modu horretan lurraldeko hogei herri txikienetatik hamaseitan "finantza inklusioa" bermatu nahi dute zerbitzu ibiltari horrekin.
Dena dela, joera orokorra da Hego Euskal Herri osoan, batez ere 2008ko krisiaren ondotik sektoreak kontzentratzera jo duelako. Hala, 2015ean 40 bankuk zituzten bulegoak Hego Euskal Herrian. 2023an, berriz, 26 bat baino ez. Arabari dagokionez, hamasei banku erakunde daude egun, baina gehienak entitate ezagunetakoak dira. Kutxabanken aipatutako 50 horiez gain, Laboral Kutxa da bulego gehien dituena (27). Horien atzetik daude, kasurako, Nafarroako Rural Kutxa (18), Caixabank (18) edo BBVA (14).
Arabaren kasuan, 2012. urtea gako izan zen, urte horretan Vital Kutxa aurrezki kutxa izatetik banku izatera pasa zelako, beste kutxekin batu eta Kutxabank eratuz. Horrek ere ekarri zuen, noski, bulego asko kentzea, eta horren inguruko ondorioak ere pilatu dira banku sektorean gertatzen ari den prozesuan.
Datuak zurrunak dira, eta, ikusi dugunez, ez dirudi kontrako bueltan egongo direnik. Jaurlaritzak iragarri du hainbat herritan kutxazain gehiago zabaltzeko plan bat, baina momentuz ez dute asko aurreratu. Bestetik, kontzentrazioen aroa bukatu bada ere, BBVAren eta Sabadell bankuaren arteko hika-mikak ageriak utzi du kontzentrazio saiakerak eman emango direla. De la Peña irakasleak aurreikusi du bankuek "gastuak murrizten" jarraituko dutela, "mozkinak handitzen" jarraitzeko.